Kenek Barbie utzi egin du Indonesiako basoen mesedetan
Barbie eta Ken Greenpaceren azken kanpainaren protagonista bihurtu dira. Mattelen panpina famatuen bidez, talde ekologistak jostailu-enpresa Indonesiako oihanetan egiten ari den sarraskia salatu nahi du. Izan ere, Barbieren kaxatxo polita egiteko, azken orangutanak, elefanteak eta Sumatrako tigreak bizi diren oihanak deusezten ari dira. Ez da harritzekoa, beraz, Kenek horren berri izatean Barbierekin harremana berehala moztu izana.
Mattel munduko jostailu enpresarik handiena da. Bere jostailuak biltzeko, Asia Pulp & Paper paper-enpresak fabrikatutako kartoia erabiltzen du. Asia Pulp & Paper Indonesiako balio ekologiko handiko oihan eta zohikaztegien mozketan parte hartzen du, eta baso birjinak suntsitzeaz gain, desagertzeko zorian dauden orangutana edota Sumatrako tigrea bezalako espezien etorkizuna kondenatzen ari da.
Basoen deforestazioa ez da jolasa, horregatik, “Matellek munduko panpinarik famatuena basoetako suntsiketaren ondorio diren produktuekin biltzeari laga behar dio. Horretarako Asia Pulp & Paperrekin -basoak suntsitzeagatik munduan ezaguna den enpresarekin- dituen konpromisoak bertan behera utzi behar ditu”, adierazi du Bustar Maitarrek, Greenpace Indonesiako Basoen kanpainako arduradunak.
Asia Pulp & Paperrek oso eragin negatiboa du Indonesiako garapen ekonomikoan: biodibertsitatea kaltetzen du, bertako biztanleen eskakizunak alde batera uzten ditu, baliabide naturalak kontrolik gabe ustiatzen ditu, zerga-ordainketari ihes egiten dio eta ez ditu zorrak ordaintzen.
Aurreko hamarkadan, Indonesiak munduko deforestazio tasarik altuena izan zuen. 1950etik 74 milioi baso hektarea baino gehiago zeharo suntsitu dira. Indonesiako zohikaztegien degradazio eta erretzeak urtero negutegi efektua sorrarazten duten 1,8 milioi tona gas sortzen du.