Lekittoko berbak I

Tj scenes-ri flickerretik hartutakoa

Nire ama hizkuntza den lekittarreran dauzkagun berba propioei buruz hitz egitera natorkizue oraingoan, gehiago zehaztuz, onomatopeien inguruan. Baina esan beharra daukat, hemen idatziko ditudan hitz batzuk berdin edo oso antzera esaten direla beste euskalki batzuetan ere, batez ere, Lekittotik hurbil dauden lekuetan.

On egin!

BLAUST-EGIN:
-Zarata hau pertsona edo gauza bat bete-betean lurrera erortzean ateratzen dena da.

BUNPAZUA:
-Normalean atea indarrez ixtean sortzen den zaratagatik esaten da. Zarata handia da, belarriko mina emateko bestekoa.

DANDARREZ:
-Zerbaitek pisu handia duelako, edo gogo gabe eramatean, zerbait hori arrastaka eroaten denean.

DGRANGA-DRANGA/DRANGADIA:
-Gogoz edaten denean, amorru biziz, ateratzen den soinua.

DZART EGIN/DZARTAKUA:
-Kolpe bat eman edo hartzen denean ateratzen den soinuagatik esaten da.
(ikus. zartakoa)

DZAST/DZASTADIA:
-Punta zorrozdun zerbaitekin zerbait ikutzean. Orratzak eta erleak egin dezakete dzast, adibidez.

DZI-DZA:
-Zerbait oso azkar egiteari esaten zaio, egitekoa arin bukatzeari.

KILIN-KOLO:
-Zerbait erortzear dagoenean esaten da, hagin bat adibidez.

PAL-PAL:
Barkua oso astiro doanean ateratzen duen soinuari deritzo.

PART BOTA:
-Zerbait mespretxuz botatzen denean edo norbaitek, kantsatuta dagoelako esate baterako, bere burua  norabait botatzen duenean esaten da.

TARRATADIA:
-Arropa urratzean ateratzen den soinuari deritzo.

PUTXI-PUTXI EGON:
-Diru gabe egoteari esaten zaio.

TIRRINA:
-Zilborrari deitzen zaio.

TEINKADIA:
-Zerbaiti tiratzea esaten zaio, tirakada.

TXIPLI-TXAPLA EGIN/IBILI:
-Zarata hau eskuekin zein oinekin ura jotzean sortzen dena da.

DIR-DAR:
-Bonbila bat agortzear dagoenean egiten dituen keinuak, esate baterako. Baita linterna batek kontakturen bat izatean egiten dituen argi-potentzia aldaketak ere.

DXIN-DXAUNKIA:
-Zabu edo kulunkari deitzen zaio. Dxin eta dxaun ibili=zabuan ibili.

PURRUSTILIA:
-Globo txiki antzekoak egitea, zerbait jaten ari zarenean edo adibidez, urpekariak ur azpian daudenean ateratzen dituztenak.

Hurrengo sarreran jarriko ditut Lekitton erabiltzen diren hitz gehiago, zein baino zein bitxi eta kurisoagoak…

Iraitz Madariaga

TXO !! - Kazetaria ikasketaz eta sare sozialetan espezializatua pasioz. Ez dut arrain gehiagorik izan, denak hiltzen zaizkit, orain jatera mugatzen naiz.

3 pentsamendu “Lekittoko berbak I”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude