Katxalot phenomen
Gaur goizean kafea erdi edanda utzi dut Amaloiko barran, inoiz egin ez dudan bezala. Behartuta edan dut azken tragoa, ezinean, ordaindutako euro eta hogetamar zentimoak justifikatze aldera. Balea agertu omen da Gurutze Gorri parean, katxalotea, eta bizirik. Sekula santan ez dut bale bat ikusi gure uretan. 20 urte Zarautzen eta lehen aldia hau. Ezin nuen galdu, balio zuen kafe batek baino gehiago esperientziak, edo espektakuluak.
Ez naiz izan bakarra korrika eta presaka hurbildu dena. Herri osoa mugiarazi du, turistak beraien zuloetatik atera, euriak karakolak nola. Hedabide andana ibili da argazki onenaren bila, ertzainak perimetroa akordonatzen. Ni iritsi naizenerako hilda zegoen zetazeoa, gorpu erdia hondar azpian ainguratuta, beste erdia olatuen menpe.
Marea gora zetorren ordurako. Ingurumarietan zebiltzan ehunka pertsonaren zapata pareak uholde arrisku-gunean zeuden. Tragedia hurbila zela sumatzen genuen @mesetakodolkiak eta biok. Ondo usaindu ere, olatu batek zapata guztiak eraman baititu gupidarik gabe. Malekoiko jendearen oihu eta irriak ozen entzuten genituen hondarretatik.
?Katxalot Phenomen? deritzona izan dugu gaur Zarautzen. Krisiaren oinarri psikologikoak agerian utzi dituen fenomenoa. @egaroak twitterren jarri bezala, Munoa plazan egun hauetan dagoen liburu azokan gaurko liburu salduena Balleneros vascos en el cantábrico (Joxe Antonio Aspiazu, Ttarttalo) izan da, eta bigarren salduena Moby Dick, eta atzetik Sirenatxoa? Ederra izan da iraun duen bitartean, bihar kafea osorik bukatuko dut, eta olatuak ez du zapata triskantzarik egingo.