Kataluniari babes irmoa eta euskal bidearen zailtasunak agerian

Euskal bidearen zailtasunak –

Kataluniari babes irmoa eta euskal bidearen zailtasunak agerian

“Sí” hitza koloretazko ohialetan ehundutako collage aurrean gertatzen den mahaingurutik ezin daitezke espero adostasunaren forma ezberdinak baino. Hala eta guztiz ere, hainbat titular utzi ditu Assemblea Nacional Catalana-k eta Gure Esku Dago-k Kafe Antzokian antolatu duten urriaren 1eko erreferendumaren aldeko ekitaldiak. Erreferendumaren aldeko ekitaldia izateaz gain, euskal herritarrei leporatzen ari zaien hoztasuna apaltzeko modu bat, bertatik abiatu beharreko prozesuaren gako batzuk zabaldu dituzte. Kafe Antzokia beteta, zutunik entzun dute bi ordu eskas iraun duen ekitaldia.

Urriaren 1a

Begi bistakoa izan da ordezkari katalanen arteko sintonia erabatekoa. Joan Tarda ERCko diputatua Madrilen, PDeCATeko Jordi Turull gobernukidea eta Jordi Sanchez ANCko idazkari nagusia. Politikari eta herritarren arteko batasuna jo dute prozesuak ondo bidean segitzearen oinarri. Aho batez berretsi dute hirurek konfiantza osoa dutela Govern-ak urriaren 1eko erreferendumaren antolatzeko duen gaitasunean. Erroldak eta hautestontziak ez direla faltako, dena prest egongo dela iragarri du Turullek. “Olatu demokratikoak” gainetik pasako dituela Espainiaren oztopo denak. Edozein kasutan, Madrilek galdeketa nolabait galaraziko lukeen hipotesian jarrita –eta soilik kasu horretan– ANCk kaleko mobilizazio luzeak izateko aukera aipatu du, nahiz eta “ez daukagun probokaziotan erortzeko inolako asmorik”

EH Bilduko legebiltzarkide Maddalen Iriartek jarri du errematea gai honetan: Erreferenduma egingo den ala ez eztabaidatzea kaltegarria da, beste gaiak baztertu eta Espainiaren markoa sostengatzen duen heinean.

Erreferendum arrakastatsua zer den adierazteko orduan, ñabardura bi. ANCk bozkatzea bera garaipentzat joko luke, ERCk eta PDeCATek berriz bat egin dute: parte hartze handia eta baiezkoaren garaipena. Xehetasun gehiago ez dute eman, baina agerian utzi dute baiezko soil batekin ez dela nahikoa izango. Abstentzioa zenbatzeko orduan zerikusia izan dezake “Comuns” deituriko sektorearen jarrerak. Joan Tardaren iritziz, ezker ez independentistak parte hartzeko deia egingo du. Turullek PSOEren jarrera jarri du jomugan, “demokrazia tradizioa bere egiten dutenen jarrerak dezepzioa eragin digu”.

Nazioarteko aitortza –eta horren gabezia– hizpide izan dute galderen orduan, eta Joan Tardak argi xamar utzi du Kataluniak ez duela ezer bermatuta. “Estatuek printzipioz ez dute beste estatuen sorrerarik nahi. Guztia modu demokratikoan egin behar dugu. Nota onenak aurkeztu nazioartean. Ez da erraza izango”, eta gehitu du Tardak: “batzuek berehala onartuko gaituzte eta beste batzuek ez”.

Urriaren 1era arteko bideorria zehaztea –Erreferendum Legea eta Trantsizio Legea, nagusiki– saihestu du Jordi Turull-ek, Estitxu Garai moderatzailearen galderari erantzunez, “CNIkoren bat egongo delako Kafe Antzokian”. Hartara, “berehala hasiko gara gauzak mugitzen” esatetik haratago, erreferendumaren ostekoak aipatu ditu gehiago. Ezezkoak irabaztekotan, hauteskunde autonomikoak. Baiezkoak gehiago badira, hilabete gutxira hauteskunde konstituziogileak, zeinak carta magna berria idatziko duen parlamentua osatuko duen, eta behin bere idazketan herritarren parte hartzea bermatuta, konstituzioaren erreferenduma. Prozesu hau ahalik eta azkarren gauzatzeko nahia adierazi dute ANCtik: “Normaltasunera itzultzeko gogoa dugu, behin indepenentzia lortuta”. Militantziaren balioa azpimarratzearekin batera horrek eragiten duen konpromiso maila altua eta nekea iradoki ditu Turullek.

Sanchez, Turull eta Tardak Euskal Herritik jaso duten babesa eta elkartasuna eskertu dute, horretan gehiegi sakondu gabe.

Euskal Herritik begirada

Ordezkari katalanek bezala, euskaldunek hiruko bereizgarria izan zuten Antzokian. Eskuin abertzalearen izenean Joseba Egibar GBBko buruzagi jeltzalea. Ezker abertzalearen ordezkari, Maddalen Iriarte, EH Bilduko legebiltzarkidea. Erabakitze eskubidearen aldeko mugimendu herritarraren erpina, Zelai Nikolas Gure Esku Dago-ko ordezkaria.

Hiruren artean distantziazko sinpatia bat eszenaratu dute Bilbon, katalanen ia ahots bakarraren aldean deigarria. Hasteko, lehen zirrikitua euskaldunen babesaren diagnostikoan agertu da. Joseba Egibarrek, baietz. Euskal erakundeak ari direla Kataluniako prozesua babesten, Legebiltzarreko legez besteko adierazpenak horren lekuko. Aldiz, jeltzalearen aburuz, herritarrak dira urrun sentitzen direnak: “Hoztasuna dago Euskal Herrian Kataluniarekiko, gure porrotengatik: Lizarra-Garazitik hasita, eta estatutu berria eta galdeketen legea”. Iragarri du Egibarrek Gasteizko legebiltzarra saiatuko dela izaten Kataluniako errepublika onartzean duenlehen parlamentua.

Maddalen Iriartek uste du motz gelditu dela euskal babesa –parlamentuak atzera bota zuen batzorde berezi bat– eta iradoki du Eusko Jaurlaritzaren jarrerak sortzen dion ezinegona: “Herritarren artean pedagogia gehiago egin behar da, gure etorkizunean duen garrantzia azalduz”.  EH Bildutik azken hilabeteetan nabarmen areagotzen ari dira Kataluniarekiko elkartasun ekitaldiak. Izan ere, Mediterraneoko gertakari politikoak Euskal Herriarentzako erabakigarriak dira haientzako. Euskal geldialdia kezka puntu batez ere bizi du Iriartek: “Zer aurpegi geldituko zaigu urriaren 2an errepublika independientea badute, eta gu Espainian? Inozo aurpegia ekiditeagatik bakarrik, gehiago mugitu beharko genuke”.

Euskal prozesu bat abiatzerako orduan batzuen patxada eta besteen presa agerian utzi dute politikari euskaldunek. EAJk ez ditu gaur gaurkoz bide bat hasteko baldintzak ikusten, eta EH Bilduk baldintza horiek berehala sortu nahi ditu. Iriartek estatu propioaren bidean Euskal Herriak Kataluniaren “antzeko bidea” egin beharko duela dio, eta horretarako, gutxienez, EAJ eta EH Bilduren arteko batasun bat beharko dela seinalatu du, herritarren bulkadaz gain. Egibarrek baina “denbora” eskatu du, eta azken hamarkadetako estrategien talka azpimarratu: “Katalunian beti bide baketsuetatik jardun dute. Gure herrian ez da posible izan. Iragan horrek zailtzen du elkarlana etorkizunean”. Ezker independentistari etxeko lanak jarri eta gero, irmo egin du itunaren alde: Obligazioa du EAJk, politikoa eta historikoa, gutxieneko adostasuna lortzeko ezker abertzalearekin. Baina, ezin gara estatus berri baten bila joan gutxieneko adostasun gabe”. Iriartek “Egibarren pazientzia historikoa ez dadila eternitatea izan” esan eta gero, labur erantzun dio: “has gaitezen ba”. 

Zelai Nikolas-ek bi ideia azpimarratu ditu. Gogoratu du Kataluniako erreferendumaren aldeko ekitaldiak egiten ari direla, eta irailaren 16an Bilbon egingo den manifestazioa gogoratu du, eta goraipatu: “Kataluniak oso ondo zaindu du prozesuaren zilegitasuna, herritarren ordezkariek jakin dute antolatzen herritarren borondatean oinarrituta”. Bigarren ideia bezala, azpimarratu du herritarron parte hartzea beharrezkoa dela, eta horretarako GED erabakitze eskubidearen aldeko Herritarren Ituna hedatzen hasiko dela iragarri du. 

Kataluniari babes irmoa eta euskal bidearen zailtasunak agerian

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra

3 pentsamendu “Kataluniari babes irmoa eta euskal bidearen zailtasunak agerian”-ri buruz

  • Hemen Katalunian bezalako mugimendu edo prozesu baten gabezia azaltzeko ez da buelta askorik behar. Beraiek ausarki jokatzen ari dira atzean herri indartsu bat daukatelako, irabaziko dutenaren ziurtasunaz gainera, hori da garrantzitsuena.

    Hemen aldiz herriaren bizi nahiak badirau oraindik ere, baina indartsu egotetik urrun gaude. Zahartzen ari gara gizarte bezala eta sokatik tira behar duenak, gazteriak, erreferentzia politikorik ez du abertzale sentitu arren. Herriaren askatasunerako proiektu serio bat falta da, eta “gure” buruzagiak botoen arrantzan ari dira bitartean, zaborrak, turismoa, feminismoa, animalien eskubideak etab. bezalakoei garrantzia emanez eta koadro politikoak horrelakoetara bideratzen.

    Epe motzeko begirada (elektoralista) hau etxekalte da epe luzera. Gure biziraupena herri bezala ez da planteatu ere egiten auzi bezala, epe ertain-luzera (150-200 urte?) euskararen (eta ondorioz herriaren) desagertzea aukera oso erreala den arren. Natalitate politikek, euskararen ingurukoek (atari honetan asko hitz egin da hontaz), kolonizazioaren ondorioek ez dute lekurik politika formalean, eta pixkanaka-pixkanaka gutxiengo geroz eta txikiagoaren auzi dira, gehiengoak burua beste leku batean duelarik.

    Edozein prozesu independentista edo abentura hasi aurretik herri honek lehenik eta behin bere egoeraren eta erronken gaineko hausnarketa serio eta sakon bat behar du, erosoak ez diren gaiak ere planteatuz konplexurik gabe. Nik neuk gure herria etorkizuneko erronkei aurre egiteko gai ikusten dut, baina beharrezkoa da abertzale guztion ekarpen eta ahalegina horretarako, bakoitzak bere aurreiritziak alde batera utzi eta denon artean merezi dugun etxea eraikitzeko. Ongi izan!

  • Nik ere eskatuko nuke koherentzia piskat Kataluniar Bidea eredutzat eduki bai baina gero antzeko planteamenduak hemen izatearen kontra daudenei. Noski alde batetik Otegi eta Iñigok diotelako ez dela unea hemen independentzia eskatzeko, baina baita hemengo instituzio kolonialistetan parte hartzearen aurka daudenak ere. Zeren Espainiar inperioaren batasuna sinatutakoen artean alderdi katalanak zeuden. Eta ANC eta Gure Esku Dago alderatzeak ere ez du zentzurik. Bi antolakuntza guztiz desberdinak dira, helburu guztiz desberdinekin.

    Hemen, beste gauzen artean, ANCren rola beteko duen erakunde bat osatu behar da.

    Bestalde, hasi beharko ginateke ere planteatzen ez dugula “nahikoa indarrik”, batik bat, euskaldunak ez garelako gure lurraldeko biztanleriaren %12ra ere iristen. Planteatu beharko da zergatik Katalunian gauzak aurrera egin duen askoz azkarrago hemengo esfortzua dedikatu gabe. Planteatu beharko gara zergatik Euskal Herriko independentziarako planteamendu eta bide gehienak kontradikzioz josiak dauden. Estatalismoa etniarekin lotua dagoela ukatzeak ameskerietara eramaten gaitu.