Kaskabilo hotsa: Estrasburgoko errudunen bila
Sekulako maula egin dio Espainiako justiziak Espainiako gizarteari. Sinestarazi diete justizia espainiaren batasuna eta espainiaren batasuna zaintzen dutenak babesteko tresna dela. Eta Estrasburgok ‘Parot Doktrinarekin’ amaitzean, noraezean dabiltza, errudun bila. Ez dakite Rajoyren aurka jo, Audientzia Nazionalaren aurka egin ala Zapaterori begiratzen segi.
Edurne Uriarte (Guardia Zibilen eta) progresiaren etsaiak ABC egunkari vocentiarraren azal digitalean mozorroa kendu nahi izan die Estrasburgoko epaiaren 5 errudunei. Sententziaren arrazoia juridikoa beharrean ideologikoa dela azaltzen du Uriartek, batere lotsarik gabe. Orain arte Espainian eginak ideologikotik deus ez balu bezala. Nik hemen ezer jarri gabe asmatuko zenituzkete bost hobendun horietarik batzuk.
- Lehena Luis López Guerra epaile espainiarra da, Giza Eskubideen Epaitegiko gainerako kideak “limurtu zituena” ‘Parot Doktrinaren’ aurka egin zezaten. Zalantzarik bazegoen, Zapateroren garaian Estatuko Idazkari izan zen López Guerra.
- Bigarren errudunak Giza Eskubideen epaitegiko gainerako epaileak dira. “Limurtzen uzteagatik”, eta “europarrek egin ohi dutena” egin izanagatik: Terrorismoak hiltzen zuen bitartean, beste aldera begiratu izanagatik.
- Zerrenda honetan ezin zen falta Jose Luís Rodriguez Zapatero jauna. Badakizue honen delitu zerrenda oso luzea dela. ETArekin negoziatu zuen, etakideei “justizian zuene eragiteko ahalmena promestu zien”… Eta abar luzea.
- Laugarren errudunak: Nazionalistak. “Terroristen gizarte integrazioari” ematen dioten babesa aski ezaguna baita, Uriarteren arabera.
- Bosgarren errudunak: Espainiar gizartean ETArekin negoziatzea babestu zutenak, jardun armatuarekin edozein preziotan amaitu nahi zutenak.
Edurne Uriarteren ehiza Espainiako sektore handi baten ezinaren erakusle da. Nori bota kulpa? Non jarri diana? Galduta daude bila eta bila, orain bizitzen ari direnaren errudun bakarrak haiek direla konturatu barik. Justizia haiena zela uste izanagatik.