Kaskabilo hotsa: Presak eta peajeak

PicMonkey Collage

Kataluniak oso arrotza ez zaigun abaila subiranoa hartu duen honetan, deigarria da gutxienez, euskal abertzalegoaren eskuineko hegalak hartu duen jarrera mediatikoa.

Mediterraneoko beste mugimenduari, Ibarretxeri eta bere ekimenari adina garrantzia emanaz. Gaurko egunkariei erreparatu besterik ez zaie egin behar horretaz jabetzeko.

Prentsari erreparatuz gero, badirudi EAJ gehiago dabilela Madril lasaitu nahian. Rajoyk entzun nahi duen diskurtso mota batekin, Katalunia arrotz (edo aurkari) gisa planteatuz.

deia

Deia: ‘El PNV prioriza el acuerdo frente a las prisas para construir una nación en Europa’

Ez dut uste EAJri inork egotziko dionik presaka ibili izana subiranotasunaren bidean. Osatzen erraza den leporatzeko kontuen zerrendan ‘presaka’ berba ez da agertzen. Bateria erredoble eta txapa hots bat merezi du Deiako titularrak. Eta Ibarretxek badaki ondo asko, akordio hitzak zer esan nahi duen Madril aldean, nahiz eta batzuk ahanztu gura izan.

El Mundo: Ortuzar y Urkullu apuestan por el ‘derecho a decidir’ en el Alderdi Eguna
Autodeterminazio eskubidea ez aipatzeko, eta diskurtsoa leuntzeko sortu terminologiarekin segitzen du EAJk eta erabakitzeko eskubidetik erabakitzera salto bat dagoela ere erakutsi zuen, Ibarretxe azkenetan zela. Horretan segitzen dugu bada.

El País: ‘El PNV plantea Euskadi como nación “pero sin entrar en carreras”‘

Ez dakit kazetariaren perogrullada den, ala horrela, nobedade gisa bota zuten Forondan. Akaso PNVk ez zuen Euskadi nazio gisa planteatzen? Zer da berri horretan? Zer da hor titularrera eraman beharrekoa? “Sin entrar en carreras”, horrek gehiago ematen du Madril lasaitzeko esaldi bat beste ezer baino, izan ere, lasterketa bera aipatze hutsak Katalunia gure aurkari dela esan nahi baitu.

El Pais II: Ortuzar:“Seremos una nación a nuestro ritmo y sin pagar peajes”

Eta hainbeste hitzen artean ito zaitezke. Nazioa eraikitzen ari dira, izaten ari dira, ala izango dira? Nola doa kontua? Gure erritmoan izango gara nazio, ala nazioa eraikiko dugu Europan presarik gabe. Eta nazio izango gara, baina ordainsaririk gabe? Ortuzar jauna, galdu naiz honez gero. Euskaldunon buruak ordaindu beharko ditu peajeak martxa honetan.

 

Kristalezko bolari begira igarotzen ditut goizak eta arratsak. Eta gauez ezin dut lorik egin.