Karpanta doktorea M-8an

Karpanta doktorea M-8an –

Tania Arriaga Azkaratek Nafarroako Hitzan.

Lana besterik ez dudala egiten iruditzen zait; halere, sakeletan inoiz baino diru gutxiago dut. Lana besterik ez dut egiten, baina esanen nuke ikasleek ez dutela sentitzen irakasleon esfortzua. Lana besterik ez dut egiten, baina lankideak, lankide baino, lantokikideak zaizkit. Nirvana talde grunge zaharrunoaren eta medikatuaren kanta bat izan zitekeen, baina egoera hau pertzepzio pertsonaletik harago doa. Gaurko zutabean, auto-laguntza marxistari ekinen diot, konstelazio Molotov-ari, klase mind-fullnessari.

Karpanta doktorea M-8anEuskal Herriko Unibertsitatearekin sei orduko kontratua (hilabeteko 24 ordu) sinatu dudan arren, 40 lanordu baino gehiago ematen ditut klaseak prestatzen, irakasten, tutoretza orduak atenditzen, 160 ikasleen lanak zuzentzen eta, gauari lapurtutako tartetan, ikerketatxoren bat burutzen, noizbait zortzi orduko kontratu finkoa izateko esperantzarekin. Horregatik guztiagatik, EHUk 771 euro ordaintzen dizkit. Lagunek “pozik egon behar duzu” esaten didate, estatuko gainerako unibertsitate publikoetan, NUPen barne, gu baino okerrago daudelako.

Ez dut hemen nire curriculumaren ingurukoak plazaratzeko asmorik, baina lortutakoarekin aski harro nagoela esan dezaket; besteak beste, lanari, jakin-minari, ausardiari eta nire ingurukoen laguntzari esker eraikia izan delako. Hortaz, pentsatzekoa da, orain arte bildutako prestakuntza eta esperientzia transmititzeko gai izan beharko nukeela, 771 euro miserableengatik bada ere. Susmoa dut, tamalez, informazio hori guztia airean gelditzen dela. Gazteei XX. mendeko irakaspenak ez zaizkie interesatzen, edo akaso gu gara, botoxik gabeko sasi-pertsonak, interesgarriak ez garenok. Esanen nuke ikasle asko klasera etortzen direla bizitzaren inguruan hitz egiten duen youtuber gazte, arin eta dinamiko, oso dinamikoen bila. Unibertsitatean, aldiz, 80 lagunen klaseak, testuak, esaldi luzeak eta irakasle grisak topatzen dituzte, (“putas viejas” eta “putos cerdos”, autobusean entzundakoa). Azken buruan, ekintzaile arrakastatsuen unibertsoan, eskola-emaileok aspergarriak, motelak eta batere glamour-ik gabeko galtzaile porrokatuak gara. Eta arrazoia dute, besteak beste sistema akademikoak irakaskuntzari oso balio txikia ematen baitio.

Egoera ezegonkor, behin-behineko, larri eta eskas honetan, unibertsitateko irakasleon arteko elkartasunak inoiz baino indartsuagoa izan beharko luke. Nik ez dut horrelakorik ikusi; irakasle berrien arteko lehia itogarria da. Marka pertsonalak solidaritatea zapaltzen du, eta katedra/kontratu-grinak ahizpatasuna. Seniorrek tristuraz eta harriduraz ikusten gaituzte, eta sindikatuak… atx sindikatuak… behin-behinekotasunari barkatzen dizkiete zorrak, guc, gure çordune barkhatcen dioztegun beçala.

Ezagutzaren Ekonomiak (esamoldea trufatzeko aukeratu dut), prekaritate ekonomikoa globalizatzeaz gain, denbora lapurtu digu eta, deskuidatzen bagara, gelditzen zaigun duintasun gramoa laster sudurretik sartuko du; hipotekei buruzko bideo dinamikoa oso dinamikoa igotzen duen bitartean. Errealitate distopiko hau olio orban baten gisa zabaltzen ari zaigu. Horregatik, 2018ko martxoaren 8a egun handia izan da Karpanta doktorearentzat. Feminismoaren eskutik, XXI. mendeko “lurrean kondenatu garen langile tristeok” bildu eta troll-ei aurre egin diegulako. Zapalkuntza berriek neurriko erantzuna jaso dute: mundu osokoa, anitza, askatzailea, eskuzabala!

Martxoaren 8a XXI. mendeko Maiatzaren Lehena izan da.

Karpanta doktorea M-8an

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

13 pentsamendu “Karpanta doktorea M-8an”-ri buruz

  • Esto… Tania, hilabetean 40 ordu lan egiteagatik zein izan beharko litzateke zure soldata egokia?

  • Eta kuriositatez, testu hau publikatu dezun Nafarroako Hitzan, zenbat orduko hilabetea dute eta zenbat kobratzen dute, ba al dakizu?

  • Azken portu 2018-03-13 17:41

    Beraz artikulu honetatik uler daiteke lan prekarioa emakumeei baino ez zaiela eskaintzen.
    Gizasemeek benetako kontratuak omen dituzte. Oooo, Aaaa.

  • 40 ordu hilean, 10 ordu astean, 771 euro… Atera kontuak. Non sinatu behar da?

    • Asteko 6 orduko kontratuak ez du erran nahi astean 6 ordu bakarrik lan egiten dela. Egileak arrazoi osoz erraten duenez, horri tutoretzak, eskolak prestatzea, lanak zuzentzea eta abarrak gehitu behar zaizkio. Ez da harritzekoa, beraz, astean 40 ordu sartu behar izatea. Eta Jauden, zuk ere sinatu ahal duzu holako kontratu bat dagokion deialdi publikoan zeure burua aurkeztuta, EHUn antzeko plaza aunitz hutsik gelditzen baitira, inor ez baita aurkezten. Zer egin behar duzun? Hagitz erraza: atera 4-5 urteko unibertsitate gradu bat, gero 2 urteko doktoradutza programa bat egin, gero 4-5 urteko doktore tesia atera, gero argitaratu artikulu parrrasta bat prestijiozko hainbat aldizkaritan ANECA edo UNIQUAL akreditazioa euskuratu ahal izateko (2-3 urte). Eta orain bai, etorri EHUko idazkaritzara eta sinatu 771€-ko zure kontratua. On egin!

  • Oso argumentazio ona, Kabe, akats nimiño bat ez balego: ez dira astean 40 ordu, hilean baizik. On egin!

    • Ez, oker zaude. Hasteko eta behin, EHUko asteko 6 orduko kontratu orok tutoretzetako bertze 6 ordu eskatzen ditu araudiaren arabera ikasleak hartzeko: horrekin bakarrik 12 ordu dira dagoeneko asteko. Horretaz gain, zenbat ordu uste duzu behar direla unibertsitateko eskola ordu bat prestatzeko, are gehiago irakasgaia berria denean? Gehi 80 laguneko talde baten emangarriak, lanak, jarraipena, azterketak. Gehi koordinazio bilerak. Aunitzetan, batez ere berriak direlarik, asteko 40 ordutik goiti sartu behar dituzte irakasleek. Horretan gabiltzan guziok, zoritzarrez, badakigu egileak aurkezten duen egoera oso erreala dela, eta sustraiak oso sakonak eta estrukturalak dituela unibertsitatean (ez bakarrik EHUn).

  • Aizu, nik egileak berak dioena diot, hitzez hitz: «Euskal Herriko Unibertsitatearekin sei orduko kontratua (hilabeteko 24 ordu) sinatu dudan arren, 40 lanordu baino gehiago ematen ditut». Zu edo bera, bietako bat oker ari bada, zuek jakingo dezue.

  • Edozein kasutan, nik galderak egileari zuzendu dizkiot eta berak esan beharko du lan ordua 19 euro kobratzen ari den edo 4,80 kobratzen ari den, zein litzatekeen bere ustez soldata egokia, konparatu al duen bere soldata eta publikatu duen egunkariko kazetariena… hori dena. Gauzak argitzen aldera, besterik gabe.

  • Eduardo, nik badakit zertan ari naizen. Eta egileak ere bai, eta holaxe azaldu du. Eta zuk ez zenekienez (ez duzu zertan jakin, bertzetik) esplikatu dizut argiago. Sei orduko kontratuak “asteko 6 eskola orduko kontratuak dira”, gehi lehen azaldu ditudan bertzelako eginbeharrak. Ez da mauka, Eduardo.

  • Ea, Kabe, kontua oso sinplea da. Ez da mauka den edo ez eta ez dakit zer. Kontua matematika ariketa sinple bat da: 771 euroren truke hilean 40 ordu ari da lan egiten edo hilean 160 ordu ari da lan egiten? Bat edo bestea. Ez da besterik, hori argitzea. Ez duzu ulertzen?

  • Eduardo. Zuk ongi ulertzeko. Esaten ari direna da hilean 160 ordu baino gehiago sartzen dituela 771 euroren truke.
    Irakaslea bai neska bai mutil izanda ere. Hala ere, nik ulertzen dudanagatik, M8 XXI. mendeko Maiatzaren Lehena dela dioenean, ez dabil oker.
    Azken greba eta mobilizazio laboralak konparatuta, azken M8-koa, proportzionalki (edo ez!) askoz handiagoa izan da beste guztiak baino.
    Emakumeei eragiten dien injustiziak, laboralez gain, askotarikoak izanda ere, gai laborala hor dago. Niretzat garrantzitsuena: ikusezin diren lan erreproduktiboei dagokiena. Ordainsarien arrakalari dagokionez, nire zalantzak ditut, ematen diren datuak konfusoak baitira. Balitekeen arren, egia edo erdi-egia izatea.
    Kontua da mobillizazio handi hau bizitza eredua eta eredu ekonomikoa berriz kalakan jartzeko aukera paregabea ikusten dudala. Oraingoan, emakumeen eskutik.
    Ezin baita onartu egoera hau. Bizitza lapurtu digute konturatu gabe. Edo okerrago, eman egin diegu.
    Eta gainera gure artean konpetitzen, elkartasunik gabe.

  • Kaixo, Xerapio, «zuk ondo ulertzeko» tonu paternalista beste batekin erabili ezazu, ez bazaizu inporta.
    Oraindik ez du ezer esan artikuluaren egileak, baina zuk diozun bezala baldin bada, hilean 160 ordu sartuta 771 euro ordaintzen badizkiote, orduan ni naiz lehena esaten horretarako eskubiderik ez dagoela, esplotazio hutsa dela eta hori onartezina dela.