Kalekoak

Kalekoak –

Kalekoak

Azaletik hasita. Asfaltoaren gainean eserita, yogako postura izan zitekeen haiena; ertzainek ez zuten hala interpretatu eta gogor astindu zituen; sudurra hautsi zioten CCOOeko arduradun bati. Barakaldokoa da argazkia, Oskorrik kantatzen zuen paro obreroko herrikoa. Izenburua xinplea bezain argia: “165 langile, kalera”. Aeronautika industriako langileak dira. Kaleratzeen zerrenda gizentzen doa: Nafarroan 89 langile botako omen ditu MTorres enpresak. Kalean eta eserita daude hurrengo argazkiko protagonistak ere; baina hauek, asfaltoaren gainean egon ordez, nor bere aulkian dago, gurpildun aulkian. Izenburuak, kasu honetan ere, ez du sekretu handirik: “Elkartean-ek salatu du pandemian ikusezin bihurtu direla elbarriak”. Gizarte osoa zaurgarri sentitzen den honetan, elbarriak eta zaharrak periferian konfinatzen ditugu. Hirugarren argazkian Gaztelu plazako kioskoa ageri da barrenean; lehen planoan pankarta: “Bakarrik bai da bai”. Astelehen Lilak elkartekoek atzo egindako protesta. Izenburua, kasu honetan ere, gardena da: “Kartzelan bost urte egingo ditu 129 emakume biluzik grabatu zituen gizonak”. Hala ere, ez galdetu niri 409 urteko espetxe zigorra nola jaitsi daitekeen 115 urtera eta nola azkenean bost urte besterik ez dituen egingo gizonak kartzelan. Epaitegietako ebazpenak, horiek bai galimatiasak. Kalea dute jokaleku lanik gabe geratuko diren langileek, pertsona elbarriek, eta intimitatea lapurtu zaien emakumeek.

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2021ko otsailaren 2koa]

Kalekoak