Xabier Mina, askatasunaren aldeko haizea

Xabier Mina, askatasunaren aldeko haizea –

2019an Ziburun egin zuten Euskal Liburu eta Disko Azokan izan nintzen eta bertan ezagutu nuen Kepa Larrea bizkaitarra, bertan bere bi azken liburuak aurkezten ari zela. Biak Xabier Minari buruzkoak ziren: Mina edo libertatea! eta Biba Mina! izenekoak eta bi-biak Pamiela argitaletxearen bitartez plazaratuak. Aurkezpenean loriatu nintzen, pertsonaia hori ia ezezaguna bainuen. Bi liburuak erosi eta etxean emeki-emeki irakurri nituen. Liburuak bikainak dira eta pertsonaiaren historia sinestezina eta sinestezinagoa oraindik gure historia liburuetan egin diogun toki eskasa ikusirik. Herri kolonizatua izaten jarraitzen dugu, tamalez, eta gure lotsarako ezer gutxi dakigu gure historiaz eta gure kulturaz. Nik artikulu hau egiteko Kepa Larrearen iturrietatik edan dut gehien bat, mila esker Basauriko adiskideari. 

Xabier Minaren borroka urteak Nafarroa Garaian

Xabier Mina, askatasunaren aldeko haizeaXabier Mina Larrea 1789ko uztailaren 1ean Iruñetik hamabost kilometrora den Otao herri ttipian sortu zen. Aita Otaokoa zuen eta ama Imarkoaingoa eta nekazariak ziren. Xabier seme zaharrena zen eta hamaika urterekin Iruñeko apaizgaitegira, ikasketak egitera, igorri zuten, eta hemezortzi urterekin Zaragozakora goi-mailako ikasketak egitera. Han matematika eta filosofia ikasi zituen. Iruñean Juan Karlos Areitzaga Alduntzin koronel erretiratua eta Raimundo Nekoetxea jeneral urzainkiarra ezagutu zituen eta Zaragozan Gregorio Krutxaga urzainkiarra eta Ganbra anaia erronkariarrak, gerora berarekin batera borrokatuko zirenak. Frantsesen aurkako gerra hasi zelarik, bakoitza bere herrira itzuli zen ikasketak utzirik. 

1802an, Mina, Zaragozan ezagututako beste ikasle euskaldunekin batera, gerrilla talde bat prestatzen hasi zen eta guduxka horietako batean Mina zauritu zuten. Bere taldearen buruzagitza  osaba Frantzisko Espoz Illundainen eskuetara pasatu zen eta orduz geroztik, osabak ilobaren ospea bereganatu nahian Espoz eta Mina sinatzen hasi zen. Pertsona iluna eta anbizio handikoa zen, talentu militar guttikoa, baina ilobaren kontura  ospea eta boterea bereganatu zituena. Ilobari ebatsitako izen horrekin pasatu da historiara. 1809an, Areitzaga jeneralak oste nafar bat antolatu zuen eta Xabier Mina komandante zuen ezarri.  Garaipen ugari izan zituen Garesen, Lizarran, Muru Artederretan,… Hori ikusirik, Nafarroa Garaian agintari zen Napoleonen agindupeko Harizpe jeneral baxenafarrak bilatzeko eta hiltzeko agindu zuen. Harizperen soldaduetatik ihesean, bere tropa bertan behera utzi behar izan zuen. 

Xabier Mina, askatasunaren aldeko haizea

1810ean, bere gerrilla taldea berriz antolaturik, aurre egin zien soldadu frantsesei garaipen ainitz lortuz, Oibarren, Kaparroson, Izarbeibarren… Frantsesak gibeletik zebilzkion eta azkenean Labianon zauritu eta preso hartu zuten. Gerora Parisera eraman zuten atxilo. 1814ko martxoaren 31n, Napoleonen kontrako armada aliatua Parisen sartu zen eta espetxeak zabaldu zituzten. Xabier Mina libre zen. Nafarroara itzuli eta osaba Espozekin batera liberalen aldeko borroketan parte hartu zuen. Iruñean matxinada bat bultzatu zuen, Espoz osabaren kalkulu txarrengatik porrot egin zuena. Hori dela eta Frantziara ihes egin behar izan zuen lehenik, Ingalaterrara gero eta azkenean, Mexikora. 

 

Xabier Minaren borroka urteak Mexikon

Ingalaterratik Mexikora abiatu zen eta bertan hamazortzi hilabete egin zituen. Berehala adiskidetasuna egin zuen espainiar absolutisten aurka eta independentzia bila zebiltzan matxinoekin, eta haiekin ibili zen buru-belarri garaiko borrokaldietan. Osaba Frantzisko Espozek hori jakin zuelarik gutun bat igorri zuen Mexikoko prentsara bere ilobaren aurka eginez. Xabier Mina jeneral graduazioaz borrokatu zen Mexikoko askapen gudaldietan, eta osabak bere gutunean ez zela egiazko jenerala aditzera eman zuen. 

1817ko maiatzaren 17an, Xabier Minak manifestu bat zabaldu zuen Mexiko independentziaren alde eta Espainiako errege absolutisten aurka, biziki ospetsua izan zena, eta mugimendu independentzia zaleari bultzada handia eman ziona. Maiatzaren 17an itsas borrokaldi handia izan zuen espainiar gerra fragata batekin. Ekainaren 6an Valle del Maiz izeneko herria hartu zuen, 15ean Peotillos, 19an Real de Pinos eta 24an Sombrero gotorlekua hesitua zuten espainiarren armada uxatu zuen. Abuztuan San Luis de la Paz herria hartu zuen. 

Urriaren 12an Batzar Independentzia zalea zegoen Jaujilla herrira iritsi zen eta batzarkideek Guanajuato erasotzeko eskatu zioten. Hor porrot handia jasan zuen, bere armadak ihesari ekin zion eta urriaren 12an preso hartu zuten.  Bazuen aberkide bat, Pablo Erdozain Urrotz herrikoa, Remedios izeneko gotorlekua espainiarren aurka defendatzen ari zena. Espetxetik gutun bat idatzi zion euskaraz matxinadaren alde borrokan jarri zezan eskatuz. Handik zenbait egunetara, 1817ko azaroaren 11n, arratsaldeko 4etan,  Cerro del Bellaco izeneko mendixkan fusilatu zuten hogeita zortzi urte zituela. Bertan ehortzi zuten.

Handik lau urtera Mexikok independentzia erdietsi zuen eta Xabier Mina Larrea heroi nazionaltzat hartu zuten. Gaur, Minaren gorpuzkiak Mexiko hirian dautza, Independentziaren Zutabearen eraikinean.  1976an Antxon Ezeiza zine-zuzendari donostiarrak Xabier Minari buruzko film bat egin zuen, Mina, viento de libertad (Mina, askatasunaren haizea). Film hau eta Kepa Larrearen bi liburuak dira, ene irudikoz,  Euskal Herrian Otaoko gerrillari handiari egin zaizkion omenezko aipamenak. Gehiago merezi duelakoan nago. 

Xabier Minaren omenezko harria Mexikon 

Xabier Mina, askatasunaren aldeko haizea

Euskaltzalea eta irakasle-ohia

3 pentsamendu “Xabier Mina, askatasunaren aldeko haizea”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude