Kakajarioak

Kakajarioak –

Nork esango zigun bada horrelakorik ikusiko genuenik? Zerutik ez (oraingoz), baina aldapan behera bai, kontrolik gabeko kakajario itzelak.

Kakajarioak
Arg: Argia

Lehenik lur, zuhaitz eta azpian zituen denak aurretik eramaten autopista ere bereganatu arte; ondoren, edo batera, zeinek jakin, bi langileren gorputzak kaka artean gorpu bilakatzen.

Bi hilotz topatzeke, eta agintariak Anbotoko gailurrean eguzkia hartzen. Bi langileren familiak artega, nerbioak jota, triste, negar zotinka eta lehendakaria Twitterren esandakoez haserre, baina arazoari aurre egin barik. Gizatasuna eta enpatia zer diren arrastorik hartu gabe.

Badira lau aste pasatxo, hainbat sute, zenbait prentsa agerraldi eta hamaika adierazpen Alberto eta Joakin desagertarazi zituztenetik, bai desagertarazi, hau ez baita izan istripua edo ustekabea, Albertoren koinatuak esan bezala “Iragarritako heriotza baten kronika” izan baita, bi behargin hauek “gizakiaren diru-goseak” hil baititu. Eta diru-gose horrek izen-abizenak ditu: “abariziak batu ditu eraikuntzako enpresa-gizon eskrupulurik gabea eta sigla boteretsu bati lotutako politikari ustela, eta ederki ulertu dira”.

Ozenago esan daiteke, garbiago nekez.

Desastre ekologiko honetan interes eta pertsonaia ilun eta zikin ugari daude, tamalez, itxi diren ahoak eta ixildu diren lumak beste; negargarria eta gure herriaren irudi ilunena azaleratzen duen gertakaria.

Lehenik esku pribatuetan utzi kontrol eta kudeaketa publikopekoak beharko liratekeen zerbitzuak, eta ondoren, eskuak garbitu arazoak daudenean. Aurpegi latza.

Lotsagarria eta salagarria, izan ere, oasian baino kakajarioan bizi gara, bizi gaituzte, eta soilik biribilguneetako palmerez arduratzen dira gure agintariak.

Kakalarri gaude, kakagurak jota, kaka-nahaste ederrean murgilduta eta kaka-ume batzuk gobernuan.

 

Kakajarioak

Oihaneder Euskararen Etxeko kultur teknikaria ofizioz, kultur-xaxatzaile afizioz