Euskara marra gorria

Euskara marra gorria –

Enbata Hilabetekariko Sar Hitza

Frantziako hauteskunde sistema ez da egina boterean dagoena dudan ezartzen duten talde politikoentzat. Ez da egina gutxituak eta zapalduak diren komunitateentzat eta herrientzat. Egia da Frantziako azken hauteskundeetanlurrikara” gisako bat gertatu zela, eta tsunami macronistak hankaz gora igorri zituela ordu arte politikaren zutabe nagusiak ziren alderdi sozialista eta RPRren ondorengoak. Baina haien ordez jarri zen haien barnean hazi zen ildo politiko bat, alderdi sozialistako eta Les Républicains– eko hondarretatik hazi zena. Ez zen berrikuntzarik, baizik eta botere hegemonikoaren berrantolaketa bat. Besterik ez.

Euskara marra gorria

Hauteskundeen helburua da egonkortasun politikoa –egonkortasun politiko zehatz bat– segurtatzea sekula sekulorum. Frantziako parlamentuan, Departamendu Kontseiluetan eta Herriko Etxeetan.

Sistema horretan, oposizioko protesta ahots kronifikatua izatera kondenatua izan nahi ez bada, boterera heltzea jomugan, beste partaide batzuekin batu behar da. Matematika. Abertzaleen azken urteetako taktika izan da zerrenda irekiak egitea edo bigarren itzulian batzea irabazteko aukerak lituzkeen zerrenda batekin. Baina ez dugu kalkulatzen matematiken bidez gehitzen denak zer kentzen duen. Matematikak egiten ditu enpresa batek, negozio berrien bila doanean, eta kalkulu horietan, maiz, bere oinarriak kamusten ditu, edo oinarrietatik urruntzen hasten da. Beharbada bankuko kontuak gizenduko ditu, baina zer galduz bidean?

Politikan nekez egin daitezke adostasun zabalak, hautsi-mautsi handiak saihestuz. Euskal Herriaren ezagupen nazionalari uko egiten dioten eta gure herriaren askatasunaren kontra dauden politikari edo talde politikoekin elkartzeak, nahi ala ez, badu prezio politiko bat. Garestia herri honentzat. Orduan hasten da merkealdia euskararentzat. Ez bakarrik “agintean” dauden auzapez eta kontseilari guztiek ez diotelako garrantzia bera ematen euskarari; baizik eta aginte hori baldintzatzen duelako Frantziako Estatuaren ordezkariak, hala nola prefetak.

Herriko Etxe baten botereak mugatuak dira. Maiz erraten zaigu debekatua ez dena egin daitekeela, eta gauza franko egin daitekeela. Baina neurri funtsezkoen aitzinean, laster datoz debekuak eta mehatxuak. Frantziako hauteskunde sistema, herriko bozak barne, perfektua da gauzak ahal bezain gutxi aldatzeko eta urratsik ez egiteko gure herriaren askatasunaren bidean.

Eta giderretara heltzea helburu, azken urteetan, talde politiko abertzaleak aski irmoak eta gogorrak izan ote dira euskara defendatzerako orduan? Zer prezio jartzen zaie beste taldeei, elkarrekin zerrenda bat osatzeko? Zein lehentasun? Beste batzuek jadanik errana duten bezala, gaur egun, euskarazko hitz batzuk jartzea edo ikastola bat laguntzea ez da gehiago transgresio bat nehorentzat. Gaur egun euskararen “alde” hartzen diren neurriak aski onartuak dira. Neurri neurtuak. Euskara salbatzeko nahikoak ez direnak.

Abertzaleek nahi badute “agintera” heldu,
eta horretarako bidelagunak behar badituzte,
euskararen erabateko normalizazioa
jarri behar lukete baldintza gisa.

Abertzaleek nahi badute “agintera” heldu, eta horretarako bidelagunak behar badituzte, euskararen erabateko normalizazioa jarri behar lukete baldintza gisa.Abertzaleek ez badute gogor egiten euskararen alde, ez dute besteek eginen. Eta euskararen alde ezin badute behar bezainbat egin udal gehiengotik, zertarako heldu haraino? Arazoa ez da bakarrik daukaten eskumena zinez mugatua dela. Arazoa da, botere gunera heldu garelako ilusio optikoarekin, botere horrekiko barkaberagoak garela, egoera den baino hobea dela sinestarazten diogula gure buruari, eta euskararen aldeko kontzientzia soziala eta mobilizazioa isilarazten ditugula.

Eneko Bidegain

Euskara marra gorria

Euskara marra gorria