Kafe hutsa
http://alteretaego.wordpress.com
Alter dixit.
Gaur eguneko kafeak, tabernetakoak behintzat, ez dira lehengoak bezalakoak. Ez eta urrik ere! Gozoagoak ziren, eta ezetzik ez esan, zigarroarekin batera hartzen genituenean.
Latza izan da, zinez, tabernetan erretzeko debekua. Eta ez naiz ari erabaki horrek, edo BEZaren igoerak, ostalariei eragin dien kalteaz: eurei langile publikook jasan ditugun murrizketak beste axola zaizkit niri ostalaritzaren kaltetan hartutako neurriak. Azken kontsumitzaileaz ari naiz, hots, nitaz edo zutaz, gutaz.
Gustuko nituen, hain aspaldikoak diruditen arren, tabernetara egin nituen ihesalditxoak: plazera zen, kafetxoaren aitzakian, zigarro pare bat erretzea. Harrezkero, aitortu behar dut, ez dira hainbeste izan euro eta nahikoren truke edan ditudanak. Kafeak berekin zuen parafernalia hura galtzea eta nire kontura tabernariek izan duten diru-sarrera murriztea, biak izan dira bat.
Baina badu kafeak, oraindik orain, halako sinbologia berezi bat nire bizitzan. Azken 25 urteotako zenbait pasarte atsegin, bizi izan ditudan atseginenetakoak tarteko, berari lotuta bizi izan ditut.
Gogoan ditudan lehenetarikoak dira, mutil koskorra nintzela, amuma bisitatzera urdaitegira joaten nintzenekoak. Kafesnez beteriko termoa eramaten zuen beti lanera, azukre larguroz prestatua, eta basokada ederra eskaintzen zidan, gehienetan, nik eskatu orduko. Itzela zen niretzat bere erritual hartako partaide sentitzea.
Zenbait urte beranduago ere, horrenbeste maite dudanarekin hasi nintzen garaietan, gozo sartzen ziren domeka arratsalde euritsuetan, beste zereginik ez eta, Trivial makinaren ondoan hartzen genituenak. Gauzak asko aldatu dira gerora, baina eskertzen da orduko patxada berreskuratzeko beta aurkitzen dugun tartetxoetako bakoitza.
Ederra izan zen ezkondu ginen egunekoa ere. Aurrez zenbait laranja-zukudun Gin Kas hartuta nengoen, eta gerora ere etorri ziren beste horrenbeste eta gehiago, baina bestelako lasaialdia hartu nuen, jendetza eta zurrunbilo hartan, erdi ezkutuan hartu nuen kaputxinoaren kariaz.
Ez zen izango, ziurrenik, hartu dudan onena, baina atzo hartu banu bezala gogoratzen dut Virgen Blanca klinikako makinak, 50 zentimoren truke, bueltatu zidana. Garai bateko neskalagun hura gure alaba izatear zegoen ondoko ebakuntza-gelan. Niri, aldiz, korridorea geroz eta txikiago ari zitzaidan geratzen: kafesne hark itzuli zidan benetako perspektiba, zetorrenaz bestelako abisurik eman ez bazidan ere.
Hortik aurrerako kafe on gehienak, tamalez, etxean edo txokoan hartu izan ditut. Ez dira, inondik inora ere, gustura egoteko lekurik txarrenak, baina garai batean edozein taberna ziztrinek eskaintzen zuen denbora geratzeko gaitasuna galdu egin dela esango nuke. Bai, hartzen ditut batzuk lantzean behin, baina, esan bezala, ez da gauza bera.
Horra hor bada, erdi nahigabean, sekula santa hautsi behar ez liratekeen bikoteen zenbait adibide. Amuma eta iloba, maitatua eta maitalea, festa-giroa eta bakardade unea, urduritasuna eta asea… zigarroa eta kafea.
Ego dixi.