Txanpon mezulariak

txanponaGutxitan balio dute txanponek aurpegiko zifran agertzen dena baino gehiago. Horregatik, euroek ez dute arreta berezirik lortzen duten salerosketa funtziotik haratago (bildumagilea ez bazara behintzat). Poltsikoz poltsiko eta eskuz esku ibiltzen dira zulo beltzen baten desagertu arte. Ez da beti horrela izaten.

Noizean behin zorion puska txiki bat oparitzen digute karteran aurkitzen ditugun txanpon bereziek. Pieza apartekoa izan daiteke Europako herrialde txiki bateko irudia duelako, demagun, Eslovakiakoa, Maltakoa, edota Estoniakoa. Irudi exotiko askoak dituzte, Juan Carlos Borboikoaren aurpegira ohituta gaudenontzat. Baina bada gehiago ere txanpon deigarrien artean.

Txanpona ezohiko mezu bihurtzen dute hiritar bihurriek, estatu baimenarekin egindako marrazkiei (monarkiarenak hainbestetan) beste zerbait erantsiz, bide batez esango dut, legez kanpoko jardunez. Hainbat teknika daude horretarako. Errazenak, baina eskuen berotasunari gutxien irauten dietenak, iraunkorrak diren tintak erabilitakoak dira. Itsasgarri bat jartzea ere ez da ideia txarra. Aldarrikapena, marketing kanpaina edo txanpon aurpegiko buruhandi horri purrustada. Maisuen trebezia eta pazientzia dutenek txanponak zizelkatu ere egin dituzte. Ezaguna da Espainiako erregea Homer Simpson bihurtu zuen anonimoaren lana. Abilezia aurkitu ezinda dabiltzanek autoa gainetik pasatzen diete. Edozein teknika erabilita ere poztekoa izaten da txanpon esklusiboa sakelean aurkitzea.

moneyMezutxo deigarri bat bidaltzeko primerako euskarriak dira txanponak. Guztiok ditugu euroak, aberats zein txiro. Egunero darabilzkigu, eta behar baino gehiago irten ez daitezen arreta amultsuz (pasa gabe) ateratzen ditugu diru-zorrotik. Marrazkiak edo adarjotzeak izan ala ez izan, ez dago txanponari uko egingo dion amaren semerik. To sorpresa! Tintaz ilundutako txanpona, izan lauburua ala esbastika, lagunei harro erakusteko modukoa, zorte ona dakarren pieza bailitzan. Hala eta guztiz ere, goiz edo berandu magia ere amaituko zaio, kutxa batean betiko gordetzeko bezain berekoia ez bazara, eta laster helduko da beste norbaiten patrikara. Auskalo den kale nagusiko eskalea edo bankuko zuzendaria, finlandiar langilea edo greziar dendaria. Txanpona eta bere mezua handik hona, behin behineko jabearen begientzat esklusibo, jauzika sofa zirrikitu batek irentsi arte.