Joxe Ulibarrena eskultore nafarra hil da

Joxe Ulibarrena eskultore nafarra hil da –

Joxe Ulibarrena eskultore nafarra hil zen astelehen honetan Utergan, 96 urte zituela. Azken urteak Iruñeko Belosoko erresidentzian igaro ditu, baina koronabirusaren krisian familiak handik atera eta alaba gaztearen etxera eraman zuen.

“Gure bizitzan hartu dugun erabakirik onena izan da”, diote senitartekoek astearteko Diario de Noticias-en. “Erresidentzian txakur bat moduan utzi baitzuten kalean”. Erresidentziatik aterata, etxekoek azken zaintzak eta agurra gertutik eman ahal izan dizkiotela azpimarratu dute senitartekoek.

Joxe Ulibarrena eskultore nafarra hil da
Ulibarrena Artetako museo etnografikoan, 2011n ARGIAk egindako elkarrizketaren une batean. (Dani Blanco)

Joxe Ulibarrena Arellano Azkoien-en (Nafarroa) jaio zen 1924ko urtarrilaren 25ean. Iruñeko Arte eta Lanbideen eskolan ikasi ondoren Valladoliden hiru urte izan zen tailugile ezagunen tailerretan. Handik Parisera joan zen beka bati esker. Han lau urte eman eta gero Venezuelara abiatu zen hemengo giro itogarritik aldenduz. Caracaseko Euskal Etxean aritu zen kultur eragile. Zazpi urte geroago, 1959an, itzuli eta abian jarri zuen Nafarroako Pedro Mariskalaren Fundazioa bere hiru seme-alaba nagusiekin. 1964an lehen museo etnografikoa zabaldu zuten Berriobeitin. Ondoren, bigarren emaztearekin hainbat urtez Alacant aldean bizi izan zen antigoaleko gauzen salmentan, dekorazio lanak eta eskulturak egiten. Iruñera itzuli ziren adinez oso aurreratua zegoen Joxeren ama zaintzera.

80ko hamarkadaren amaieran Artetara (Nafarroa) eraman zuten museo etnografikoa eta han jardun zuen eskulturak egiten, ikerketa etnologikoak garatzen eta museoan lanean. Felix Urabayen, Aita Adoaingo Esteban, Vianako Printzea, Raimundo Lanas jota kantaria, pilotaria, laialaria eta Getzeko Noaingo Batailaren oroigarria dira bere eskultura ezagunetariko batzuk. Horretaz gain, hamar liburu baino gehiago eman zituen argitara.

Reyes Ilintxetak 2011n ARGIArako egindako elkarrizketa honetan horrela deskribatzen zuen: “Jende xumearen jakintza, mendeetan zehar garatutako ezagupenak, hainbat lanbidetarako asmatutako tresna eta gailuak, auzolana eta auzolaguntasuna, euskaroen izaera propioa, hori dena da Azkoiengo eskultore ausart eta askatasunzaleak aldarrikatzen duena egungo gizarte modernikolaren aurrean”.

Artetako bere museoa bisitatzeko aukera izan zuenak gidari lanetan aurkituko zuen han eta laster ikusiko zuen kemen biziko gizona zela. Aipatu elkarrizketan, esate batera, Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko lehendakariari esan zionaz mintzo zen: “Behin Corellakoari [Miguel Sanz] esan nion: ‘Ez esan nik euskaldunen gauzekin zaletasun handia dudala, zuk ere euskal jatorria duzulako. Horren nafarra izanik, zuk badakizu zer esan nahi duen Nabarra hitzak? Zuk ez dakizu ezta hori euskara denik ere. Naba hitzetik dator eta eremu lau eta zabala esan nahi du. Eta zure amaren izena ere ez dakizu zein den. Zu zara zure amaren semea, besterik ez, baina beste ama bat eduki nahi baduzu hori beste kontu bat da””.

36ko Gerra ere erraietan sartua zuen: “Nik 11 urte nituen nire aita gure etxean hil zutenean eta Iruñeko Gaztelu Gibelean hiru gazte –bi mutil eta neska bat– nola fusilatu zituzten ikusi nuenean. Besarkaturik erori ziren lurrera. Hori ezjakin hutsak direnek besterik ez dute egiten. Zer egiten duten ez dakitenek. Eta orduan Sanzek esan zidan: ‘Beno, beno, ikusten da zu poeta bat zarela’, eta nik, ‘izan daiteke, eta ikusten duzu ere, zenbat poeta hil duzuen?’”.

Joxe Ulibarrena eskultore nafarra hil da

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.