Joxe Azurmendiren HIZKUNTZA, NAZIOA, ESTATUA liburuaren harira
Joxe Azurmendiren HIZKUNTZA, NAZIOA, ESTATUA liburuaren harira –
Joxe Azurmendik 2017an atera zuen saiakerarenak ekarri nahi ditut hizpidera lerro hauen bidez. Elkar argitaletxearekin ateratako saiakerak, Hizkuntza, nazioa, estatua izenburukoak, naziogintzan euskarak bete beharreko ezinbesteko papera nahi du aintzat hartu Azurmendik. Egiteko esentziala, edo, bestela esanda, gutxienez, ezinbestekoa, aitortuko dio euskarari eta bere paperari euskal nazioan. Ez baina, aipatu eginkizun hori egungo egunean zinetan betetzen ari delako, ez. Hein horretan, egungo eguneko egoeraren deskribapena ez, baizik-eta etorkizunerako aldezpen-aldarria geneukake berea. Izanez ere, bere ikusian, euskal nazioa, egun, erdi hautsia dago; iraganean, aldiz, ez omen zen hala, nonbait. Dioen horrekin bat etorri edo ez, ulergarri suerta dakiguke, bere nazioaren ikuspegia zinez aintzat hartzen badugu, nazioaren ikuspegi klasiko bat, ezinbestean hizkuntzari nazioaren ezaugarri muin-muineko deritzon nazio ikuspegia, alegia.
Hizkuntzak, gurean, euskarak, bete beharreko nazio-eginkizuna aspaldiko eztabaidagai izan da, egia esatera. Luze-zabal jardun genezake balioespen honen gainean. Lehenengo eta bat, maila teoriko batean huts-hutsik besterik ez bada ere, eta, nazioak nazio, ez dela beti hori suertatu historian esan beharrean geundeke. Izan ere, denetariko nazioak ditugu aurrez aurre eta batzuek hizkuntza euren talde-bereizgarri badute ere, eta hortaz ezinbesteko nazio-ardatz, ez du zertan beti hala izan. Hizkuntzaz gain, taldean partekatutako bestelako ezaugarri bereizgarriak ere izan dira historian barrean zenbait naziogintzen bultzagarri; arrunt sarritan nazioen bereizgarri izango zen hori ez da egon inondik ere ezaugarri bat eta bakarraren inguruan ardazturik, eta bat-bakarra izan ez, baizik-eta ezaugarri konstelazio moduko bat izan da. Hartara, etnikotasun nolabaiteko bat artikulatzea lortzen zuen konstelazio horren baitako ezaugarriak bilakatu ohi ziren, edo bilakarazi, ezinbesteko talde horren baitako zerizana definitze aldera. Horrekin bat, naziogintzarako hau edo beste ardatz hartuta, komunean partekaturiko bizipen, ibilbide edota garatutako auto-kontzientzia izan dira finean nahitaezkoak ernatutako edozein naziotan. Hau esanda, ez nuke beste muturrera joan nahi inondik ere. Hasieran zera nioen, nazioa maila teoriko batetik begiztatuta ari nintzela nire opinio/kritika botatzen. Geureari dagokionez, baina, geurera etorri behar, eta, geurean, nork uka euskaraz blaitua dagoenik “euskal” izan asmo duen oro. Honek ez du inondik ere esan nahi euskal herritar guztiak euskal hiztunak direnik, hurrik eman ere; ez eta euskal bizipen, produkzio edota adierazpen kultural guztiak derrigor euskaraz direnik ere. Ez eta euskara-ezjakintasunak talde-proiektu honetatik kanpo jarri izan duenik ere egun. Gauzak ez dira horrela suertatu eta, are esentzialismo-ikuspegi batetik diharduten horiek ere, finean, ondo baino hobeto dakite euskararekikoa ezin dela horren borobil eta argi eta klar ebatzi. Hor dago, hein batean, tranpa. Izan ere, esentzialismo guzti-guztiek, beren gauzatu ezinean, tranpak, alde ilunak, are, txarrenean, ezkutuzko bestelako asmoak ere barnebiltzen dituzte euren baitan.
Edozienetara ere, finago aritu beharko genuke Azurmendirenak iradokitakoaren aurrean. Lehen esanda moduan, gurean gaude eta Azurmendi jauna ez da teoria politikoko hausnarketa hotz huts-hutsa egiten ari. Euskal Herriaz ari da, eta egungo eguneko Euskal Herriaz. Hortaz, adierazpenok, bere testuinguru errealean kokatu behar ditugu derrigor. Halaber, kontestualizatze horretan, halaber kontu egin, Ezker Abertzalearen ingurukotzat-edo jo daitekeen baten ahotik datorkigula aldezpen delako hori. Alde horretatik, hasteko eta behin, ezin gure hasierako harridura ezkutatu, gure izugarrizko harridura. Izanez ere, jarrera politikoa guztiz bestelakoak ari zaizkigu ailegatzen aspaldiskoan Ezker Abertzaleko lehen lerroko buruzagien ahotik, bai eta eurekin batera EAren humus intelektuala ongarritzen jarduten duten pentsalarienetik ere. Nondik heldu ari zaizkio baina auzi honi?
Arnaldok EHUko ikastaroetan botatakoa ere ez omen zihoan Azurmendiren ildo beretik (https://www.youtube.com/watch?v=uosBiLKSfkA). Hala aitortu ere aitortzen du saiakera honi Berriak eskainitako iruzkinak; Azurmendiren saiakera honek Ezker Abertzaleak aldezten duen independentismo anti-esentzialistaren kontra egiten du. Mundu horren humus-edo osatzen duten aldezleen artean hor ditugu, besteetan beste, eta euren iritzien artean ñabardurak ñabardura, Joseba Gabilondo, Unai Apaolaza, Jule Goikoetxea, Imanol Galfarsoro… Hauek guztiek aldezten dutenak, nolabait edo beste, egiten du tupust bete-betan hizkuntzaren gaineko Azurmendiren esentzialismo honekin. Arnaldok ikastaroan botatakoak ezin trinkoago eta argiago jartzen du hori guztia erakutsian; Arnaldok egindako azpimarra gai honekikoan ezin adierazgarriagoa dugu hein horretan: independentzia dela helburua, haranzko bideak izan behar duela batasuna artikulatzen duena, zeinahi ere diren horretara bultzatzen gaituzten zergatiak. Analdok Udako Ikastaroetan mahaigaineratutakoa, estatu-eraikuntza hotz eta kolore gabekoaren aldeko defentsa-ildotik zihoan, aurpegi atsegin eta erakargarri batez aurkeztua izan bazen ere.
Unai Apaolaza, baina, “anti-esentzialismo”-aren defentsan beroxeago aritu izan zaigu. Apaolazarenak, planteamendu lasaia, edota opinioen arteko beste bat baino ez izatetik guztiz urrun, muturreko jarrera batekin du zerikusirik. Bere ikusian, euskal esentzialismo guzti-guztiak, honetan edo hartan ardazturik izan, egun oztopo larriak dira estatugintzak aurrera egin ahal izan dezan. Bere esanetan, “nortzuk garen” galdetzea bazter utzi beharrekoa da guztiz eta, horren ordez, “zer nahi dugun” planteatu behar da. Betiere, nahi dugun “hori” Estatu bat eraikitzea izango dela esango digu, alegia, Espainiako Estatuarekin apurtu nahi duten guztiak bilduko dituen Estatua, ez besterik.
Hartaz, nola uler liteke itxuraz elkarren aurkako bi bide hauek? Benetakoa al da elkar ez-etortze hori?. Ezker Abertzalearen baitan honelatsuko barruko bat ez etortzeak historian ezagunxeak egin lekizkiguke. Hortaz, lehenengo erantzuna zera izan beharko luke: Benetakoa? Noski! Dialektikoki kudeatu nahi izan dituzte beti ustezko kontraesan horiek, agerikoak bezain benetakoak diren kontraesan horiek, suertatzen diren irizkidetasun-ezak lagun dezan martxan doan herri-masa zabaltze aldera.
Interesgarria da gero, dena den, zera ikustea, kategoriak, kasu honetan, “esentzialismo”/ “anti-esentzialismo”, anbibalente bilakatzen direla EAren galbahetik iragazita. Egia da Apaolaza eta bere irizkideen anti-esentzialismoak, eurenetik kanpo dagokeen esentzialismo baten kontra borrokatu nahi baino gehiago, euren mugimenduaren zedarriak zabaltzea duela xede. Baina, halaz ere, horrekin batera, nazionalismo tradizionala (egun EAJ) esentzialismoan bete-betean ainguratua dagoela esateko aukera tranpatia baliatzen du. Aurrena, kanpo mamu bat eraikitzen dute eta, ondoren, “etsaiari”, horretatik deus gutxi izanda ere, hori leporatu. Hemen ikusten dugu hortaz nola darabilten esentzialismoa (oraingoan hizkuntza delarik esentzia-ardatza) kanpora begira, hau da, “gu” eta “besteen” artekoa zedarritzeko. Baina bestetik, bateratsu, ustez eta itxura batean, borrokatu behar zen esentzialismoa bera eurenetako hainbat azpi-mugimendu asetzeko zaiela baliagarri (Ezker Abertzaleko jarrera klasikoan kokaturikoak, hain justu), eta hortaz, euren mugimenduaren zati inportante bat ere nolabait edo beste ongarritzeko. Honen harira, Azurmendiren hizkuntzaren gainean luzatutako jarreraren harira, aukera ezin hobea dugu hautemateko “kontraesanak” era anbibalente batean direla baliatuak, probetxugarriak direla guztiz, eurena indartzeko zein besteena ahultzeko.
Bistan da bada, beste behin ere, EAren aldarriak, diskurtsoak eta kontzeptuak ezin direla bere-berean hartu eta ezin garela une zehatz batean aldeztu duten diskurtso konkretu baten aurrean tematu. Honako honetan hizkuntzari dagokionean, baina, horren bidez, hizkuntza ardatz harturik, kasu honetan aldezten ari den diskurtso esentzialista bati dagokionean. Joxe. EAren egungo estrategia nagusiak “anti-esentzialismoarekin” nabarmen bat egiten badu ere, horrek ez du inondik esan nahi bigarren plano bateko diskurtsoak, Azurmendirena bezalakoa, ez direnik ematen, eta beharrezko ez dituztenik, beren parrokiako beste sektore batzuk ase asmo dituzten bestelako mezuak diren aldetik. Hortaz, esentzialismoak batzuetan besteen proiektua zeharo mespretxatzeko balio du eta bestetzuetan, aldiz, beraien proiektuari indarra emateko. Horretara, EAren diskurtsoa baloratzen ari garenean, ezin berori era estatiko batean begiztatu, ezin diskurtso horren baitako kategoriak ere bere-berean aintzat hartu. Oso bestetara jardun behar dugu eta euren diskurtso (diskurtsoak) euren estrategiak irekitzen duen dinamikotasunaren arabera aztertu beharko genuke betiere.
Joxe Azurmendiren HIZKUNTZA Joxe Azurmendiren HIZKUNTZA Joxe Azurmendiren HIZKUNTZA
Sentitzen dut, baina oker zabiltza: Azurmendi ez da esentzialista, ezta hurrik eman ere! Azurmendik salatzen du gainerako herrialdeetan jarrera eta jokaera esentzialistek haien sorreran eta sendotzean izan duten eragin ezin ukatuzkoa… Argi eta garbi defendatzeko gurean halako jarrerak eta jokaerak agertzeak ez dutela ahultzen geure aldarrikapenen sendotasuna…
Artikulu honek alde on bat ere izan dezake: begiak “Hizkuntza, nazioa, estatua” liburura itzultzea baina bestela…
Ematen du ezker abertzalearen politikari erantzuten diola Joxe Azurmendiren hitzaldi liburu bihurtuak; PNV ahultzeko eta EHBildu edo EA (ezker abertzalea) indartzeko.
Artikulu honen arabera, euskal nazioak existitzeko euskara behar-beharrezkoa duela defendatzea esentzialismo gaitzesgarria izan behar du, eta testuinguru politikoari begira, funtsean, ezker abertzalearen zati bati kontentatzeko egina, zeren bestela ezker abertzalea postura antiesentzialistan dago euskararekiko eta helburu nagusia estatua lortzeko indarrak metatzea du.
Gauzak hola sinpletzen hasita, Joxe Azurmendiren liburua gehiago dator esatera euskarak “euskal herriko/euskadiko” estatua sortzeko borrokan, pisu subalternoa ez, baizik eta zentrala beharko lukeela izan; beste batzuek EAren barruan egiteko subalternoa edo bigarren mailakoa opa diotenean.
Hona, gauzak sakonago azter ditzagun, liburuko paragrafo hautatu adierazgarri batzuk (61-65orr.):
Estatu moderno kapitalista/jakobinoan ukatua nazionalki nago, hizkuntzaz naiz paria: “gazteleraz edo frantsesez egindako edo esandako orok balio handiagoa du euskaraz ekoizten eta idazten denak baino”, idatzi du Jule Goikoetxeak. Baina, horregatixe, euskarak matxinatzeko arrazoia eta sua ere ematen dit. Nik esango nuke euskarak modu batean subalternoak egiten gaituela (Euskadi barruan bertan ere bai); baina ez subalterno izateak euskaldun egiten gaituela, edo subalternitateak egiten gaituela euskaldun.
Gaurko euskaldunaren egoera sozial-politiko eta kulturalki anbiguoa da. Ezaugarritzen gaituena anbiguitate eta kontraesan artean moldatu beharra dela esango nuke. Euskaldun batzuk kapitalistak dira, beste euskaldun batzuk eta ez-euskaldun batzuk ustiatzen dituzte. Subalternoa naiz (“kolonizatua” esaten zen gure garaian), baina subalternoa tout court, ez. Testuak hainbeste mailukatzen du, ordea: “euskara edukitzea ez da euskaldun egiten gaituena”, “euskalduna ez da euskara duena”. Subalternitatearen biktima izatea da zinez euskaldun izatea egiten duena: “oraingoz, euskaldun egiten gaituena subalternitatea da”.
Instantzia hegemonikoen objektu hutsak gara, hortaz? Objektu inkontzienteak? Geure buruon identitateaz ere engainatuak? Geroago, nik neuk oso-osorik txalotu nezakeen arrazoi hau gehitzen da: “euskaldun izatea identitate kultural, sozial eta politikoa delako, eta ez da eratortzen gauza bat egin edo edukitzetik soilik (euskara, bagina), baizik eta praktika eta diskurtso kontrajarrien ondorioz sortzen diren ohitura (material eta sinboliko) gatazkatsuetatik. Horri esaten zaio nortasuna”. Nire galdera: baiespen honek ezespen haiek eskatzen al zituen?
Abertzaletasunaren erredukzioa Arana Goiriren arrazismora Ravelen boleroa da kazetaritza espainolean. Eta euskarak egiten gaituela euskaldun esatea ere arrazismo sabindarraren bariantea baino ez omen da: “comparte al cien por cien el exclusivismo y el esencialismo de la definición sabiniana” (J. Villanueva). “Es esencialista, porque entraña la noción de unas esencias inalterables al paso del tiempo e independientes de la voluntad humana –la lengua y su espacio territorial– en las que reposa el ser vasco y que lo reproducen a su vez de generación en generación” (ik. nire “Esencia y esencialismo: análisis de un concepto”, 1992). Bide batez, esentzialismo eta esentzialista “felipe”en (FLP) azote kuttuna zen. Irakurri dituzue Txillardegiren saio polemikoak? Badakigu autoreak ez digula hori esan gura. Baina zehe-mehe zer esan gura digu? Gatazka zaharren durundiak oraindik belarrietan ditugunoi, barkatuko diguzue errezelo pixka bat sentitzea formulazio batzuen aurrean.
Subalternitatea (marjinazioa, etab.) beti tartean dabilkigula onarturik –kategoria zentrala bilakatu dela begitantzen baitu–, doi-doi zer esplikatzeko balio digu gure egoeran? Hark “egin” omen gaituen euskaldunak asko gara: nola ez gara denok Lizardi batzuk? Iruntzitara: Santanderren ez dirudi subalternitateak hemen baino txikiagoa, eta zer “euskaldun” molde matxinatu sortu du han (ETA edo ELAren, edota ikastola mugimenduaren, euskal kanta berriaren, Euskadiko uhin feministaren parekorik)? Esan gura dut: euskaldun denok gara subalternoak (gizonak, emakumeak, proletarioak, homosexualak), denok ez gara berdinak eta ez era berean subalternoak; zein kategoriarekin bereiziko gara geure artean?, eta auzoetatik? Onenean ere, denok berdindu egin gaitzake akaso aspektu batzuetan; bereizi (de/finitu) errioxar edo biarnotarrengandik esate baterako, ez gaitu egiten.
Gauden munduan eta borrokan asturu sozial hori eta borrokaren planteamendu hori dela substantziala adierazi gura da akaso, eta diferentzia nazionalak (hizkuntzazkoa eta) orain akzidentalak direla? (Behiala substantziala eta unibertsala klase borroka omen zen legez eta bestelako aspirazio denak ezgaraikoak)… Euskalduna (nazioa) euskarak egiten duela esateak, aldiz, ez dauzka problema horiek. Hizkuntzak bereizi egiten gaitu nazionalki, eta indibidualki ere, komunitatearen altzoratzen gaituenaz batera, bakoitzak bere-bere hizkera pertsonal konfundiezina edukitzen du, identitate kolektiboaren barruan identitate indibidualari garabiderik libreena bideratuz. Eta auzo herrietatik bereiziz batera, haiekin elkartu egiten gaitu, jendeak eta herriak ezerk ez baititu gehiago eta mamiago elkartzen hitzak baino. Subalternitatearen edo klase borrokaren elementuak, berriz, esplizituki jaso ez, baina ez ditu baztertzen.
Aurrena, mila-mila esker, Alirizi, zure erantzunagatik.
Unai Apaolaza. Abertzaletasunetik independentismora. Gara. 2011-05-12.
Jarraiko lerro hauek aditzera ematen digutena, hauek bere-bere hitzak direlarik, hau da, bere iritzia ematen dutenak, eta besteen zitak edo ahotiko hitzak ez direnak, nik dakidala, ageri-ageriko ESENTZIALISMOarekin dago guztiz lotuta, ez, noski, herrikideen berezko ezaugarri propioak tarteko parte izateari dagokionean, (izan ere euskaraz ikasi daitekeelako…eta arraza, aldiz, edo izan edo ez), baina bai, aldiz, nazio-kontzeptuari dagokionean, jada zerbait ezaugarritu ezarri eta itxitzat joa dagoen aldetik.
Honelatsukoak barra-barra ditugun bere liburuan gaindi, labur beharrez baten batzuk baino ez jarraian. Hau ez da KONSTRUKTIBISMOA, ESENTZIALISMO hutsa baino:
“….Ezaugarri esentzial moduko zerbait
baldin badago komunitatearen bereizgarria, hizkuntza izaten
da hori. Hau ez da Krutwig eta Txillardegiren inbentua. (HIZKUNTZA, NAZIOA ETA ESTATUA, 21. Or.)
“…Nazioa ez da politikoa (itzuliko naiz neure burua zuzentzera).
Nazioaren kontzeptua zentzu batez ere edo soil politikora
uzkurtzea, gutxienez arriskutsua da. (HIZKUNTZA, NAZIOA ETA ESTATUA, 44. Or.)
“Horra zergatik insistitzen dudan, nazioa lehen-lehenik
fenomeno naturala dela. (Beste batzuek nahiago izaten dute
antropologikoa edo kulturala esan, berdin zait). Ni eta
nire erkidego naturala, Estatua eta hiritarra baino lehen,
gauza asko gara. Nitasun eta gutasun funtsezkoenak hain
zuzen, Estatua eta hiritarra baino lehen eta haren gainetik” ((HIZKUNTZA, NAZIOA ETA ESTATUA, 47. Or.)
“Zentra gaitezen hizkuntzan. Hizkuntzaren garrantziaz
komunitate naturalaren ardatz eta espresio den heinean (HIZKUNTZA, NAZIOA ETA ESTATUA, 54. Or.)
Horren KONTRASTEAN , Ezker Aberatzalearen ildo “kanonikoan” nagusitzen den KONSTRUKTIBISMOaren (“FRENTE ARTIKULATIBISMO” esango nuke nik neurez) adibide ezin argiagotxo bat:
“Unai Apaolaza. Abertzaletasunetik independentismora. Gara. 2011-05-12.
Diskurtso abertzalearen akatsa, antagonismoa euskal proiektu politikoaren (independentziaren) alde eta espainiar edo frantziar proiektu politikoaren alde leudekeenen artean oinarritu beharrean, faktore objektibo konkretu batzuk dituztenen eta ez dituztenen artean oinarritzea izan da. Antagonismoak euskal estatua nahi dutenen eta espainiar edo frantziar estatuan segitzearen alde leudekeenen artean egon beharko luke; ez kultura edo hizkuntza bat edo bestea dutenen artean.
Aurrena, mila-mila esker, Alirizi, zure erantzunagatik.
Jarraiko lerro hauek aditzera ematen digutena, hauek bere-bere hitzak direlarik, hau da, bere iritzia ematen dutenak, eta besteen zitak edo ahotiko hitzak ez direnak, nik dakidala, ageri-ageriko ESENTZIALISMOarekin dago guztiz lotuta, ez, noski, herrikideen berezko ezaugarri propioak tarteko parte izateari dagokionean, (izan ere euskaraz ikasi daitekeelako…eta arraza, aldiz, edo izan edo ez), baina bai, aldiz, nazio-kontzeptuari dagokionean, jada zerbait ezaugarritu ezarri eta itxitzat joa dagoen aldetik.
Honelatsukoak barra-barra ditugun bere liburuan gaindi, labur beharrez baten batzuk baino ez jarraian. Hau ez da KONSTRUKTIBISMOA, ESENTZIALISMO hutsa baino:
“….Ezaugarri esentzial moduko zerbait
baldin badago komunitatearen bereizgarria, hizkuntza izaten
da hori. Hau ez da Krutwig eta Txillardegiren inbentua. (HIZKUNTZA, NAZIOA ETA ESTATUA, 21. Or.)
“…Nazioa ez da politikoa (itzuliko naiz neure burua zuzentzera).
Nazioaren kontzeptua zentzu batez ere edo soil politikora
uzkurtzea, gutxienez arriskutsua da. (HIZKUNTZA, NAZIOA ETA ESTATUA, 44. Or.)
“Horra zergatik insistitzen dudan, nazioa lehen-lehenik
fenomeno naturala dela. (Beste batzuek nahiago izaten dute
antropologikoa edo kulturala esan, berdin zait). Ni eta
nire erkidego naturala, Estatua eta hiritarra baino lehen,
gauza asko gara. Nitasun eta gutasun funtsezkoenak hain
zuzen, Estatua eta hiritarra baino lehen eta haren gainetik” ((HIZKUNTZA, NAZIOA ETA ESTATUA, 47. Or.)
“Zentra gaitezen hizkuntzan. Hizkuntzaren garrantziaz
komunitate naturalaren ardatz eta espresio den heinean (HIZKUNTZA, NAZIOA ETA ESTATUA, 54. Or.)
Horren KONTRASTEAN , Ezker Aberatzalearen ildo “kanonikoan” nagusitzen den KONSTRUKTIBISMOaren (“FRENTE ARTIKULATIBISMO” esango nuke nik neurez) adibide ezin argiagotxo bat:
“Unai Apaolaza. Abertzaletasunetik independentismora. Gara. 2011-05-12.
Diskurtso abertzalearen akatsa, antagonismoa euskal proiektu politikoaren (independentziaren) alde eta espainiar edo frantziar proiektu politikoaren alde leudekeenen artean oinarritu beharrean, faktore objektibo konkretu batzuk dituztenen eta ez dituztenen artean oinarritzea izan da. Antagonismoak euskal estatua nahi dutenen eta espainiar edo frantziar estatuan segitzearen alde leudekeenen artean egon beharko luke; ez kultura edo hizkuntza bat edo bestea dutenen artean.
Mila-mila esker, benetan, Pako, zure erantzun sakon eta ezin aberatsagatik…Auzi honi askoz gako gehiago gehitzen dizkiotena, subalternitatearen kontuari eman zaion papera, besteak beste…
Ondo baino hobeto aurkezten duzun bi poloren arteko lehia. Argazki oso ona eskuartean daukagun auziaz. “Nire galdera: baiespen honek ezespen haiek eskatzen al zituen?” Bota duzun galdera honi oso adierazgarri deritzot; izan ere, ezatabaida horren baitan txuri/beltz, irabazle/galtzaile, “itxuraz” jokatu nahi den horri ondo erantzuten diona.
Nire ustetan, dena den, eta barka akaso irizkide ez izateagatik, guztiz aurka ematen duten bi ikuspegi horiek aurka daude eta ez aldi berean. Maila intelektual akademikoan Ezker Abertzalearen baitan eman den benetako ezatabaida bada ere, eta ezin uka hala izan denik, eztabaida benetakoa izan denik…baina maila politikoan “desdoblamiento” estrategiko politiko bat baino ez da; batean eta bestean arituta, batetik ez bada, bestetik, gero eta atxikimendu handiagoa lortzeko, hau da, frentea gero eta zabalagoa izan dadin.
Kaixo,
Gauzatxo batekin ez nago ados, Pako.
Zuk esaten duzun jarraiko honen harira: “Gauzak hola sinpletzen hasita, Joxe Azurmendiren liburua gehiago dator esatera euskarak “euskal herriko/euskadiko” estatua sortzeko borrokan, pisu subalternoa ez, baizik eta zentrala beharko lukeela izan; beste batzuek EAren barruan egiteko subalternoa edo bigarren mailakoa opa diotenean”
Hau da, Azurmendik euskarak estatugintzan jokatu behar duen paperarekin ez dago ados, berari paper zentrala aitortu behar zaiolako.
Baina eman dezake paper hori (subalternoa beharko ez lukeena), “ekintzazkoa”, “jardunezkoa”, “baliabidea” izan beharko lukeela…hau da, euskara izango dela gakoa nazioa eraikitzeko,…alegia, aldagai nagusia izango dela euskal estatugintzaren ikuspegi “konstruktibista” batean.
Eta nago zentraltasuna delako hori, Azurmendik defendatzen duena, berezkoa dela, abiagunekoa eta ez abiaburukoa,hau da, izatezkoa, “euskal” zer den dioen definiziokoa, euskal zerizanezkoa (ez konstruktibista, baizik eta esentzialista, ahula agian, baina esentzialista):
“….Ezaugarri esentzial moduko zerbait
baldin badago komunitatearen bereizgarria, hizkuntza izaten
da hori. Hau ez da Krutwig eta Txillardegiren inbentua”. (HIZKUNTZA, NAZIOA ETA ESTATUA, 21. Or.)
“Zentra gaitezen hizkuntzan. Hizkuntzaren garrantziaz
komunitate naturalaren ardatz eta espresio den heinean (HIZKUNTZA, NAZIOA ETA ESTATUA, 54. Or.)
Besteriik gabe…
Bai, ados, amutarrixa. Erantzun sinplista ematen hasita, ez dut asmatu.
Joxeren hitz zehatzak hauetxek dira (65-66):
Gauzei eta arazoei, euren arteko loturak ikertuz bai (baita loturak propio eraginez eta garatuz ere: “munduko subalterno guztiak elkar zaitezte!”), baina horietako bakoitzari bera izaten uztea komeni da. Dena denarekin lotua dago, baina dena ez da bat, metafisikan ez bada. Nazioa politikarekin lotua egoten da, baina bera ez da politikoa. Interes ekonomikoekin lotua egoten da, baina ez da interes ekonomikoen batura. Lurralde bati lotua egoten da (komunzki), ez da lurraldea, etab. Hizkuntzarekin, ordea, ez da egoten lotua, baizik bategina. Hizkuntza “komunikazio espazio” bat da, eta nazioa eta hizkuntza trenpu onean aurkitzen direnean, harreman politikoak, ekonomiko eta sozialak, lurraldearen esanahia, historia, espazio horren barruan hariltzen eta garatzen dira, horrek ematen die euren zentzua. Puntu berera gatoz berriro, ordea: gure nazioa eta hizkuntza ez daude osasun batere onean.
Quae cum ita sint [Hori horrela izanik], eusko/euskal nazio birrindua berregiteko fronte diferenteetan ahalegindu beharra badago, ekonomian eta sozialean egitekoak horien (patronal, sindikal) arduradunei utzirik, erakunde politikoetako lana Alderdiei lagata, andre-gizonarte zibilak politikoki ere zenbat egin eta eragin lezakeen Kataluniak erakutsi digula ahazteke, hots, alor bakoitzari bere autonomia libre utzita, eta nik behintzat horietan guztietan zer eginik ez daukadala konfesatuz, esango nuke gure ataza –Jakinena eta UEUrena, esate baterako– pentsamendu independentea lantzean, gogoeta propioan egon litekeela: autokontzientziaren eraikuntzan, euskaldunaren (berr)egitean. Hein honetan, nazionalismoa argitu eta sendotzeko (ez sendatu!), garrantzi guztizkoa iruditzen zait bidaiatzea, etxetik irtetea: hots, hizkuntzak ikastea, literatura arrotzak irakurtzea, Estatu espainol edo frantseseko hesitura politiko eta kulturaletik kanpora ibiltzea, beste herri batzuetako kultura eta historia eta politikak ezagutzea.
Arlo bakoitzari bere autonomia, eta Azurmendirena berarena: “–Jakinena eta UEUrena, esate baterako– pentsamendu independentea lantzean, gogoeta propioan egon litekeela: autokontzientziaren eraikuntzan, euskaldunaren (berr)egitean”.
Beraz, bere asmoa ez da politikoa. Nik uste garbi gelditzen dela. Gero, besterik da, horrelako liburu batek zer-nolako ondorioak izan ditzakeen, esaterako, botoa emateko orduan, “nori eman edo inori ez eman” kontuan…