Josu Juaristik ikusezin izatea lortu du, EITBn

Josu Juaristik ikusezin izatea lortu du, EITBnJosu Juaristi EH Bilduko europarlamentaria Grezian dago. Atzo Atenasen izan zen, Syrizaren kanpaina amaierako ekitaldian. Bera izan da Atenasera bertaratu den euskal ordezkari bakarra.

EITB bidez informatzen bazara, agian ez duzu hau jakingo.

Greziako hauteskundeak albiste izan ziren EITBn atzo egun guztian zehar. Atentzio gunea, batez ere, Syrizan eta haren kanpaina amaierako ekitaldian jarriz.

Telebistako eguerdiko informatiboetan edo Euskadi Irratiko arratsaldeko konexioan (Mezularia saioan egin zutena) entzun ahal izan genuen, Espainiako ordezkari batzuen babesa ere jaso zuela Syrizako Alexis Tsiprasek kanpainako azken mitinean. Podemoseko Pablo Iglesias izan zen EITBko medioetan gehien aipatutakoa, baina IUko Cayo Lara edo Iniciativa per Catalunyako Joan Herrera ere aipatu zituzten. Josu Juaristi EH Bilduko europarlamentariari buruzko (ia) aipamenik ez, ordea.

Ezjakintasun arazo bat izan ote da? Ez ote zekien EITBk Josu Juaristi Atenasera bertaratzekoa zela?

Ez dut uste hori denik, ez baita izan azken momentuan programatutako bidaia bat. EH Bilduk astelehenean publikatu zuen Juaristiren bideo bat, Atenaseko bidaia iragarriz. Eta Garako kazetari batek ere aurreikusitako bidaia bat zela baieztatu zuen atzo, Twitter bidez.

ETBko gaueko albistegiak ikusita argi geratu zitzaidan arazoa ez zela ezjakintasuna izan. EH Bilduko europarlamentaria ahalik eta gutxien ateratzeko asmo argia erakutsi zuen EITBk.

Twitterren Josu Juaristik berak jarritako txio eta argazki batean ikus dezakegunez, Atenasen lanean ari zen ETBko kazetaria egon zen Juaristirekin, euskal politikariak egindako adierazpenak grabatu zituen.

Gaueko Gaur Egun eta Teleberrian segundu labur batzutan agertu zen Juaristiren irudia. Ez zuten, ordea, adierazpenik jarri. Euskal Herritik joandako turista baten adierazpenak bai, horiek jarri zituzten.

EH Bilduko europarlamentariaren adierazpenak ? EZ
Turista baten adierazpenak ? BAI

Ez, ez da ezjakintasuna izan. Ez da eduki falta izan. Borondate kontua izan da. EITBk nahita ixilarazi du EH Bilduko Josu Juaristiren presentzia Atenasen.

PD: Eskerrak eman nahi dizkiet atzo Twitter bidez erantzun zidaten EITBko kazetariei. Ez da beraien aurkako kritika bat, asko dira EITBn oso lan ona egiten duten kazetariak. Arazoa, sakonagoa, goragokoa da, hori da benetan salatu nahi dudana.

6 pentsamendu “Josu Juaristik ikusezin izatea lortu du, EITBn”-ri buruz

  • Tristura, harridura. Joko elektoralean, arerio politikoa ezkutatzen duenak, hari dion beldurra azalarazi besterik ez du egiten.

    • Eta horretako medio publikoak erabiltzen dituenak jarrera lotsagarria. Okerragoa ez esatearren

  • Peru Dulantz 2015-01-23 14:07

    Zein da benetan kezkatzen dituen arerio politikoa? Horra erantzuna!!

  • Lotsagarria PNVren ETBrena. Ahal duten guztia manipulatzen du; hori bai, Audiencia Nacionalak agindu ezkero, ixtera ere bidaliko lituzke ertzainak.

  • EITBren jolas informatiboa EL COrreoren irizpideen ildokoa da.
    Ez da ulertzen, baina horixe da PNVk (EAJ ?) daraman bidea.
    Teleberriak eta albistegiak, zer esanik ez, Madrilekoen estilokoak dira. Bete-betean. Kalko hutsak.
    Zergatik?
    Madrilen bizi den Euskal Herria dutelako ikusmiran.
    Tamalgarria.
    Bai, baina guztiz erreala.
    Hori da gure patua.

  • Eta gaur goizean faktorian Zigor Etxaburuaren proposamenaz hitz egiteko Zigorri galdetu beharrean Denis Itxasori galdetu… Zer da hau baina????

    https://twitter.com/uiturriaga/status/560344982528458752