Josu Juaristi: “Gure ahotsa ozen entzungo da Europako Parlamentuan konponbidearen alde”

Josu Juaristi: “Gure ahotsa ozen entzungo da Europako Parlamentuan konponbidearen alde”

Josu Juaristi: "Gure ahotsa ozen entzungo da Europako Parlamentuan konponbidearen alde"
Josu Juaristi Abaunz (Azkoitia, 1964) Kazetaria izateaz gainera, EHBildu koalizioko hautagaia da datozen Europako hauteskundeetan. Ibilbide oparoa du kazetari gisa; hala nola, EiTBn, Eginen, zein, Garan aritu da besteak beste. Prestutasunez erantzun ditu ZuZeuk proposatutako galderak.

Europar hauteskundeetan bozka eskatzea eta troikaren aurka joatea ez al da kontraesankorra?
Gu ez goaz Europako Parlamentura eredu hau legitimatzera edo defendatzera. Beste Europa bat nahi dugu guk, herritarren eta herrien eskubideak defendatu eta bermatuko dituena eta Europako ezkerreko indarrekin batera ari gara lanean eraldaketa soziala bultzatzeko, europar guztien mesedetan. Bide horretan, ezinbestekoa da indarrak batzea Troikak sinbolizatzen duen eskuineko Europa honen aurka egiteko, baita Europako Parlamentuan ere.

EH Bildu europeista da?
Europar nazioa da Euskal Herria eta Europa da gure joku eremu naturala, esparru guztietan: politikoa, soziala, ekonomikoa… Baina Europar Batasunaren egungo eredua eta norabidea ez dira egokienak. Beste Europa bat aldarrikatzen dugu guk, justizia soziala eta pertsonen interesak defendatuko dituena, ez merkatuenak; pertsona guztientzat eskubide guztiak bermatuko dituena, eta herrien eskubideak ere bermatuko dituena, jakina; alegia, bere buruaren jabe egin nahi duten herrien eskubideak.

Eskoziaren autodeterminazioaren legegintzaldia izanen da honakoa. Zer ekintza zehatz dituzue prestatuta lau urtekorako?
Herri baten gehiengoak horrela erabakitzen badu eta era demokratikoan artikulatzen badu, Europar Batasunak estatu berri baten sorrera bermatu behar du. Hori da gure posizioa, eta posizio erabat demokratikoa da. Eskoziak hori Europar Batasunaren barruan ere egin daitekeela erakutsi du. Espainiar Gobernuaren jarrera, aldiz, justu horren kontrakoa da, bere izaera ez demokratikoa agerian utziz. Gure ahotsa ozen entzungo da Europako Parlamentuan konponbide demokratikoen alde eta Estatu espainolaren eta frantsesaren itxikeri ez demokratikoaren aurka.

“Gu ez goaz Europako Parlamentura eredu hau legitimatzera”


Garitano lehen, orain zu. Zergatik salto hori: Kazetaritzatik politikara?
Beti izan dira kazetariak eta beste hainbat ofizio politikan. Nere kasuan, hogei urte eman ditut Europar Batasunari buruzko informazioan espezializatua: europar integrazioari buruzko posgraduko kurtsoekin; hamaika seminario. konferentzia eta ikastaroekin; Europan barna eta batez ere Bruselara eta Estrasburgera eginiko bidaiekin… Ezagutzen dudan eremua da, eta EH Bilduren lantaldean ekarpena egiteko ilusio handiz sartu naiz Europako Parlamenturako bidean.

Zer soldata izango duzu Europako Parlamentuan?
Beste europar diputatu guztiek duten berbera… ezberdintasun handi batekin, ezkerreko indarrek eta, bereziki, EH Bilduk egin ohi duenez, guk ez dugula soldata guztia eramango gure poltsikora, inondik inora.

Eskatu bozka EHBildurentzat, Zergatik bozkatu?
Herritar eta herri gisa dagozkigun eskubideak aldarrikatzeko eta defendatzeko. Konponbide demokratikoaren eszenatokia indartzeko eta eraldaketa soziala bultzatzeko. Han ere, Europako Parlamentuan ere jokatzen baita gure etorkizuna.

Josu Juaristi: “Gure ahotsa ozen entzungo da Europako Parlamentuan konponbidearen alde

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.