Jose Mujika Uruguaiko presidentearen 10 titular

Hala badirudi ere, Jordi Evolek ez dit beltzean ordaintzen bere saioak zabaltzen laguntzeagatik. Edonola ere, azken igande honetan emititu duten elkarrizketak aipamena merezi du, Evoleren galderengatik baino, Jose Mujika Uruguaiko presidentearen erantzunengatik.

1840 inguruan Uruguaira joandako bizkaitar baten oinordekoa da, txirrindularitzan aritutakoa. 79 beteko ditu bihar eta Hego Amerikako presidente ateo bakarra da, Raul Castrorekin batera. 13 urte baino gehiago eman zituen kartzelan, eta uko egin dio presidentearen etxe ofizialean bizitzeari.

Jose Mujika Uruguaiko presidentearen 10 titularElkarrizketa ikusi nahi duenak hemen du aukera, baina horretarako denborarik ez duzuenontzat, Mujikaren adierazpen esanguratsuenak bildu ditut nik:

  • “Zure bizimodua pentsaerara moldatzen ez baduzu, pentsaera bizimodura moldatuko duzu”

  • “Austeritatea hitza prostituitu egin du Europak”

  • “Arraroa dena da nola bizi diren gainontzeko presidenteak, ez ni. Herritarren gehiengoa bizi den bezala bizi beharko lukete”

  • “Zerbait erosten duzunean, badirudi diruarekin erosten duzula. Baina ez da egia. Zerbait erostean, diru hori irabazteko baliatu duzun denbora ari zara trukean ematen”

  • “Etengabe kontsumitzeak ekonomia garatzen lagunduko du behar bada, baina ez dizu zure garapen pertsonalean lagunduko”

  • “Europatik Venezuela susmoz begiratzen den bezala, Hego Amerikatik Europa hala begiratzen dugu”

  • “Afrikako txiroak ez dira afrikaren txiroak; gizateriaren txiroak dira, gure txiroak”

  • “Eskuzabaltasuna da negoziorik borobilena”

  • “Kontserbadoreen patologia atzerakoitasuna da, ezkerrarena infantilismoa”

  • “Garaituak borrokatzeari uzten diotenak dira”

Adierazpenok irakurri ostean, bigarren aukera bat duzu elkarrizketa ikusteko: hemen.

Jose Mujika Uruguaiko presidentearen 10 titular

2 pentsamendu “Jose Mujika Uruguaiko presidentearen 10 titular”-ri buruz

  • Gizona horren jatorra izanda, harrigarria da ikustea zein politika sozioekonomikoa
    (kanpo harremanetakoa ez aipatzearren) eraman duen Mujikaren gobernuak azken urteotan.
    Tupamaro izandako askok Felipe Gonzalez eta antzekoen bidea hartu zuten aspaldi.
    Bere burkidea izan zen Jorge Zabalzak, aldiz, beste era batera ikusten ditu gauzak:

    http://zurdatupa.blogspot.com.es/

  • Mujika pertsona miresgarria izanen da, ez dut dudarik. Baina nik elkarrizketaren azken-azkena besterik ez nuen ikusi, eta penagarria izan zen:
    -Amerika Latinoaren eraikuntza kulturalean bi gauza amankomun ditugu: gaztelania eta Eliza katolikoa. Oso inportanteak. (Bideoko 00:58 minutuan).

    Mutuak al ziren europarrak iritsi aurretik? Ez zuten sinismenik? Beharrezkoa al da hizkuntza eta erlijio amankomun bat izatea?
    Kritikak kritika, bideoa ikusiko dut.