Jostun librea
Jostun librea
Ume bat jaio egiten zen bakoitzean, tresnaren bat oparitzen zioten Borobian, bere lanabasa bilakatuko zelakoan-edo. Adibidez, mutil koxkor ziruditenei aizkora bana oparitzen zieten, handitan enborrak bitan ebaki zitzaten. Neskeek normalean etxeko lanekin zerikusia zeuzkaten erremintak jasotzen zituzten, emakumeak soilik etxea lantzeko jaioak bailiran. Estela ez zen salbuespen bat izan eta jostorratzak oparitu zizkion amak, jostun izan zedin. Hori bai, amak jostorratz bereziak zirela abisatu zuen etxean.
Ume-umetatik josteari hartu zion gustua Estelak eta egunak ematen zituen jertseiak eta soinekoak ehuntzen. Familian ez zegoen bere armairuan umeak ehundutako erroparen bat ez zuenik. Hamar urte bete zituen egunean, amak haria oparitu zion. Hamarkada bat aurretik gertatu lez, material berezia zela abisatu zuen etxean. Estelak pozik hartu zuen amaren oparia eta josteari ekin zion. Halere, erropak ehundu beharrean, buruhasteak agertzen hasi zaizkion Estelari eta korapilo bati aurre egin behar izan zion lehendabizikoz. Hasieran ez zekien korapiloari nondik heldu baina azkenean praka batzuk ehundu zituen, gerora jantziko zituenak. Hamairu urteekin bere bigarren korapilo gogorrari egin behar izan zion aurre eta kementsu ehundu zuen zapi bat, gustuko zuen neskari oparitu ziona. Gustua hartu zion hari berezi horri eta egunak ematen zituen josten eta desegiten.
Bere burua egitea eta desegitea ariketa mingarria zela bazekien ere, irmo hartzen zituen jostorratzak eta haria korapiloak askatzeko eta hari berriak joskeran harilkatzeko asmoz. Jardutean bere izaeraren bazter izkutuak deskubritu eta gozatu egin zituen, baita bere ahuleziak onartu eta pairatu ere. Hautu bat dela dio Estelak kopetilun, bere bihotzari puntadak ematen dizkion artean amak oparitu zizkion jostorratzak eta hariarekin jolasean. Berak aspalditik daki amaren oparia deliberatua izan zela, libre hezi nahi baitzuen bere alaba, aske izateak menpekoak ez dituen buruhausteak ekartzen baditu ere. Estelak negarrari ematen dion bakoitzean, hazteko korapiloak askatu behar dituela diotso amak. Horregatik ez zion adabakirik oparitu; baizik eta jostorratz bi eta haria, bere burua jos dezan.
Presencia Vasca saiorako osatutako ipuina