Galesko artikuluen aperitif zinematografikoa

Galesko auzi politiko eta linguistikoari buruz taxuz idazteko hartu nuen hegazkina gazteluen lur hartara. Erreportaje-artikulu serie bat argitaratuko dut berandu baino lehen, hainbat galderaren balizko erantzunak aurkitzeko: nola eragingo du Eskoziako erreferendumak Galesen? zein bilakaera izaten ari da hizkuntza galesa? independentziarako nahiak pisurik ba al du? hizkuntza minorizatuaren ajeak nola bizi dituzte?

Soslai anitzeko hainbat pertsona esanguratsuren adierazpenek osatuko dute nazio galesaren argazki bat: Siôn Jobbins idazle eta aktibista, Elin Haff Gruffydd Jones Mercator institutuko zuzendaria eta egunkari galesaren sustatzailea, Iolo ap Dafydd BBC Wales-eko kazetaria, Lyn Lewis Dafis Galesko Liburutegi Nazionaleko arduradunetakoa, Robin Farrar Cymdeithas yr Iaith hizkuntzaren aldeko erakundearen burua…

tim burton aberystwyth.jpg

Holywood-eko argazki bat Galesen

Laster ZuZeun irakurgai egongo den informazioaren hitzaurre hau ez da bizi nuen esperientziaren lehenbiziko testua. Nathan Bevan kazetariak jaso du Galesera egindako bisitaren lehenbiziko -nere txioz gaindiko- informazioa. WalesOnline-ko artikulua hizkuntza-politika gaien beste muturrean dago. Izan ere, gauza handia gertatu zitzaidan. Aberystwyth herrian zine munduko izar bat begiztatu nuen. Ikusi ez ezik, argazkiak atera nizkion, Twitterren argitaratu, eta orain albiste bihurtu dira. Aberystwyth-eko gazteluen arrastoetan zine zuzendari kaliforniarra agertu zen: Tim Burton.

Kamera eskuan, gazteagoak ziren emakume eta gizon baten laguntzarekin, harresiz harresi argazkiak egiten zebilen Tim Burton. Alice in Wonderland, Mars Attacks, Batman Returns, Edward Scissorhands, Planet of the Apes, Charlie and The Chocolate Factory… filmografia oparoa bezain ezaguna du Burtonek. Eta zertan ziharduen han? Dirudienez, Aberystwyth-eko gaztelua 2015ean estreinatuko den Miss Peregrine’s Home for Peculiar Children filmaren kokalekua izango da.

Nirekin kontaktuan jarri eta gero, Wales Online hedabideak atera ditu ondorioak, argazkien haritik tiraka. Ez nuen disimulu baldarrez argazkiak ateratzeko aukerarik galdu -beste batean Patxi Lopezekin egindakoa oroitarazi zidan- eta horixe bera jaso du Nathan Bevan kazetari galestarrak.

tim burton wales online.jpg

Cymru eta Cymraeg

Gertakari sasi-anekdotiko hau laster datorrenaren aurrekaria da, aperfitif Holywoodtar bat. Datozen egunetan Gales herri txundigarriko hainbat iritzi, informazio eta eztabaida zabaltzea izango da artikuluen helburua. Oro har ezezaguna dugun errealitate soziolinguistiko eta politiko horri arreta gehiago jartzea, beste euskal blogari batzuek egin duten bezala. Laster, Cymru (Gales galesez), eta Cymraeg (galesa galesez) ZuZeun.

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra

2 pentsamendu “Galesko artikuluen aperitif zinematografikoa”-ri buruz