Joseba Sarrionandia: “Nire hizkuntzak dortokak dauzka, honez gero”

Joseba Sarrionandiari elkarrizketa

Poeta erraria (4): hizkuntzarenak.Sarrionandia

Hauxe duzu Joseba Sarrionandiari eginiko elkarrizketaren laugarren zatia. Batez ere euskararen inguruko aipamenak egiten ditu bertan poeta errariak. (Transkripzioa eta audioak)

Joseba Sarrionandiari elkarrizketa
(Uherra.JL. Cernadas. cc-by)

Eta hizkuntza, nola gordetzen duzu uherrik gabe hainbeste urteko distantzian?

Uherra, nire hizkerak, uherrak, sargazoak eta dortokak ere izango ditu honez gero, baina barruan eraman dut beti. Euskara putzu sakon eta ilun bat zen idatzi zuen Gabriel Arestik eta kantatzen genuen antzina. Ur gazi bat ateratzen dugu handik nekez. Nik bakarrik ez, jakina. Zuek denok dio abestiak. Denok daramagu putzu hori barruan ur gazia ateratzeko.

 

Zergatik da gazia euskaren putzuko ura?

Baztertua eta minorizatua izan delako eta errekuperatzea nekeza delako. Nik ulertzen dut metafora: bizi izan naiz itsaso bazterrean ur gatzduna ateratzen baizik ez den lekuan, edateko, gauzak garbitzeko, bainatzeko eta.. ez da erraza, baina garbituko dugu apurka apurka geure putzua errekako ur garbiz. Horretan ari gara, ez?

 

Bada azkenaldian euskara batuaren aurkakoa dirudien joera bat, dialekto eta ahozko eren ugaltze bat…, baina horrela ez ote da Ipar eta Hegoaldearen arteko arrakala areagotzen?

Txikien bizimodua ez da erraza izaten handien patioan. Frantsesa eta espainola aspaldi dira hiper hizkuntzak, eta gurea oraintxe ari da batzen. Euskara batua azkeneko mende erdian moldatu da, oraindik indartu eta osatu gabe dago eta hiper hizkuntza boteretsuen aldamenean, testu inguru bilinguean ba normala da arazoak sortzea, ez?

Dena dela literaturan iada obra zabala egin da. Badugu, gutxi gora behera, idazkera eredu bat eta liburutegia gure hiper hizkuntza txikian (ere bai). Nire ustez gure literaturaren erronketako bat da bestelako barietateak inkorporatzea. Horregatik interesatzen zait Antton Lukuren idazkera esate baterako, edo Patziku Perurena edo Aingeru Epaltzarena, edo bizkaieratik datozen aportazioak.

Beste erronka larri bat errealismo linguistikoarena da, nire ustez. Nire belaunaldikoek, guk, hizkuntza utopiko batean egin dugu literatura eta oso ondo (dago hori), edozein literatura da utopikoa. Baina literatura utopiaren eta errealismoaren artearen mugitzen da eta gure errealitate linguistikoa literaturan seguru islatuko dela gero eta gehiago.

Egiten dugu literatura eta beste hizkuntzetara itzultzeko modukoa bada ba ederto, baina beste hizkuntzetara itzuli ezin den zerbait izaten du hizkuntza bakoitzak. Eta literatura batek hori nire ustez ezin du ahaztu.

  1. Poeta erraria (1): Idazlea irakurle ere badenean
  2. Poeta erraria (2): Fikzioaren balioaz
  3. Poeta erraria (3): Azken obrari begira

Saioa osorik ikusteko aukera NAHIERANen:

  • Mila Salterain: Erresumaren ilunsentia
  • Genero literatura: Laura Mintegi/Nerea Azurmendi
  • Beñat Sarasola: Otamendiren Lur bat zure minari
  • Joseba Sarrionandia: “Euskara ur gazi bat da”

 

(Datorren larunbatean, SAUTRELA saioa emititu bezain azkar, Sarrionandiari eginiko elkarrizketaren bostgarren eta azken zatia argitaratuko dugu hementxe: POETA ERRARIA 5: HERRIA ETA BESTE)

Joseba Sarrionandiari elkarrizketa
dauzka, dortokak, hizkuntzak, joseba, nire, Sarrionandia

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude