Joseba Sarrionandia: “Dena daukagu egiteko”
Joseba Sarrionandia: “Dena daukagu egiteko” –
“Euskal nortasunaren erronkak XXI. mendean” ikastaroan jasotakoak bildu ditu
Patxi Gaztelumendik mintzanet.eus atarian.
Udako ikastaroak. Euskal Herriko Unibertsitatea. Donostiako Miramar jauregia, 30 bat lagun uztaileko astearte eta asteazkenez. Euskara nagusi topaketan, ingelesa ere maiz entzuten da. Aurkezpenetan, galdera erantzunetan. Hizkuntza, euskara, kultura, diaspora eta beste errealitate batzuk aztergai: “Euskal nortasunaren erronkak XXI. mendean”.
Zerk definitzen du euskal nortasuna? Janzkerak, hizkuntzak, jatorriak? Digitalizazioaren aroan buru belarri murgilduta gaude euskaldunak ere, aspaldi honetan nabarmena da sare sozialen eragina gurean; metabertsoak aukera anitz sortzen ditu nortasuna garatzeko: barruan murgiltzeko aukerak, nortasun birtuala garatzeko… aurrez aurreko nortasunaren garapena baldintzatuz. Kezka eta auzi ezberdinak dituen testuingurura hurbildu eta unibertsitateko irakasle Onintza Odriozolak eta Joseba Sarrionandiak zeukaten hitz egiteko lehen txanda. Unibertsitateko ikastaroaren zuzendari Iñaki Goirizelaia irakaslea eta errektore ohia. Antolaketan elkarrekin Ameriketako Estatu Batuetako Peter Zenarrusa fundazioa, Sabino Arana fundazioa eta Telesforo Monzon euskal herrigintza aztertzeko laborategia. Entzuleen artean, unibertsitate irakasleak, diasporako jendea, aktibista abertzaleak, ikasleak eta nortasunarekin kezkatua dagoen jende andana.
.
Marko teorikoa eta praktikoa
Onintza Odriozola irakasleak marko teorikoa finkatu zuen. Nazioa esentzia gisa edo nazio eraikuntza sozial gisa aztertu zituen. Sabino Aranarekin, XIX. mende bukaeran abiatutako ideiak, euskal arraza eta erlijioa ardatz hartutan, edota 50 eta 60. hamarkadetatik aurrera ETAren sorrerarekin, eta Txillardegiren eskola deitu zaionaren ildotik, nazioaren izaera hizkuntza edota kulturarekin lotuz. Eta gerora izan dituen garapenak. Baina, XXI. mendearen lehen laurdena igaro da jadanik, eta irakurketa berriak ere behar dira.
Munduan 200 nazio estatu daude egun, eta 6000 hizkuntza ezberdin. Eta asko oso egoera kritikoan. Gurea ere, euskara, egoera zaurgarrian dagoela dio Unescoren txostenak, ez baina egoera larrian. Baina erne egoteko aski arrazoi badira.
Joseba Sarrionandia idazleak esan behar zituenak arreta bizia piztu zuten berehala. Lau plano ezberdindu zituen, eta pantailan idatzita: Hizkuntzaren planoa, naziotasunaren planoa, politikaren planoa eta boterearen planoa. Berehala jo zuen enbidoa: “euskal nazionalismoak erabili dituen eskemekin ez naiz identifikatzen” esan eta arreta guztia bereganatu zuen. “Erredukzionismoa iruditzen zait, gutxieste bat, eta uste dut egoerak analisi konplexuagoa merezi duela” gaineratu zuen. Eta apurka-apurka, adibideak, ipuinak eta bestelako gertaerak kontatuz eta zedarrituz, bere teoria politikoa garatzen eta azaltzen aritu zen.
“Ni ez nago ados Sabino Aranarekin, eta ezta modernoagoekin ere ez” jaurti zuen. “Niretzat nazioa eta hizkuntza gauza diferenteak dira”. Eta berak ere Onintza Odriozolaren erreferentziei so eginez, bera borrokan hasi zeneko garaiak ekarri zituen gogora. “70. hamarkadako frankismoaren kontrakok borrokan bi ildo nagusi zeuden; Txillardegiren ikuspegia, nazio borroka hizkuntza eta kulturarekin lotuz, eta ikuspegi marxista-leninistago bat, klase ikuspegi batetik”. Egungo egoerarekin parekatzeko komentarioak ez ziren falta izan.
Hizkuntzaren planoa
Johanes Urzidil idazle txekiarraren “Karamabluko Urrea” nobela aipatuz abiatu zuen hitzaldiaren pasarte hau Joseba Sarrionandia idazleak. (Johannes Urzidil – Wikipedia, entziklopedia askea) Karamablu herri edo eremu berezi bat da, -Euskal Herriko toki eta pasarteak aipatzen ditu idazleak liburuan- eta harpean altxor berezi bat gordetzen da, inork ezin dezake altxor hori eskuratu, eta idazleak kontatu zuenez “benetako altxorra mingainean dugu euskaldunok”. Erabiliz bizi dena. Hizkuntza. Euskara.
“Gure herriaren izenarekin daukagun problema oso larria iruditzen zait, oraindik ez baitakigu, ez dugu erabaki gure herriari nola deitu, nire ustez beharbada izen politena Karamablu litzateke, herri txiki bat, Euskal Herria osoa, eta herri horretan gainera alkatea kontrabandista da, mugalaria”.
Txalaparta argitaletxeak aspaldi argitaratu zuen “El oro de Caramablú” liburua. Daniel Chavarria Uruguain jaiotako idazle kubatarrak itzuli zuen gaztelaniara. Joseba Sarrionandiak harreman oso ona ukan zuen idazlearekin, eta alemanetik itzuli zuen Karamabluko urrea.
.
Naziotasunaren planoa
Karl Deutsch Pragako politika eta gizarte ikerlariak “Nazionalism and Social Comunication” liburua hartu zuen hizpide ondoren. Nazionalismoa komunikazioarekin lotuta, autokontzientzia garatzen du egileak. Eta ondoren bi galdera pausatu zituen Sarrionandiak berak: “ni zein komunitateko naiz? Norekin komunikatu naiteke?” eta Gutasunaren kontzeptua azaltzeari ekin zion: “We–feeling”. Ana Urkiza idazleak, izenburuko zutabea egin du berriki Noticias taldeko egunkarietan, gutasuna aztertuz, we feeling kontzeptua azaldu asmoz. Gutasuna adierazten du kontzeptuak, izan daiteke hizkuntzarekin lotuta, erlijioarekin, ekonomiarekin. Eta Karl Deutsch-en ideia berriro ekarri zuen gogora Sarrionandiak: “Nazioa, batez ere komunikazio esparrua da”. “Moroak gara behelaino artean” saiakera liburuan ere, horren inguruko hainbat gogoeta idatzi zituen Iurretakoak.
“Euskaldunok beti hitz egiten dugu nazio bat bagenu bezala… baina euskaldunok ez dugu naziorik gure komunikazio esparrua beste bat delako…” gogoeta luzatu zuen. Hegoaldean denok dakigu Sevilla futbol taldeko azken fitxajea zein den, baina Hendaian istripu bat gertatu denik ez dugula jakiten adierazi zuen Sarrionandiak. “Nire iritzian euskaldunok ez daukagu naziorik, eta ez gaude nazioa eraikitzera bideratuta; dena daukagu egiteko”
Politikaren planoa
“Ziudadaniak eta naziotasunak ez dute ikustekorik” esan zuen politikaren planoa aztertzean. Eta Ziropedia kontzeptua azaltzen hasi zen idazle eta euskal pentsalaria. Pertsiarren Ziro enperadoreak greziarrei iseki egiten zien: “Plaza hutsean jende arrunta elkartzea batak besteari gezurrak kontatzen” omen zen demokrazia. Eta Sarrionandiaren aburuz, “hizkuntza ezin da erdigunean jarri”. Sarrionandiak gogora ekarri zuenez, “Frantziako errepublikaren erdian dago Hizkuntzaren akademia, eta bankuak edota frankofoniaren egitura guztia. Eta Espainiakoan zer esanik ez, inperialista da glotofajiaren aldetik” . Bai Frantziak, eta baita Espainiak ere makinaria glotofago inperialista handi bat daukatela adierazi zuen. “La lengua es compañera del imperio” Nebrijaren esapidea aipatu eta gogoeta egin zuen gure herriak gainean eta zapaltzen dauzkan bi estatuen jarrera: “monarkia zahar bat inposatua eta estatu inperialista bat, dekadentzian jauzi zena aspaldian, bere armada, guardia zibila, sistema judizialarekin, gure eremu guztiak Guadalquivir eta Sierra de Gredos balira bezala”.
.
Boterearen planoa
“Daukagun marko demokratikoena, ematen du Estatua dela, ematen du demokrazia badagoela” erreparatu zion Sarrionandiak eta Hans Morgenthau egilearen “Power among nations” aipatu zuen. Eta Darwinismo soziala errealismo politiko moduan ari dela nagusitzen azpimarratu zuen ostean: “Handiak txikia jatea normala eta naturala da. Nazio batzuek besteak desagerraraztea. Besteak inbaditu eta zapaltzea naturala delaren teoria”.
Zur eta lur geratu ziren bertaratutako guztiak. Isilik. Eta galderak botatzeko ere ikaratuta. Inork ez zituen Sarrionandiaren ikuspegiak ez eztabaidatu ez auzitan jarri. Nork bere iritzia izango du, baina naziotasuna, politika, boterea, hizkuntza eta beste dantzan jarri zituen bere jardunean.
Sarrionandiaren ostean Eskoziari buruz aritu zen Billy Kay idazle eta ekoizlea. BBC telebistan aritutakoak baikor ikusten zuen Eskoziaren etorkizuna, eta hurrengo independentzia erreferendumak baietza nagusituko zela aurreratu zuen besteak beste. Ezkorrago, edo errealistago agian, Salvador Cardus kataluniarra. Garaian “La Fabrica” think tank-eko pentsalari eta aholkularia izan zen Cardus irakaslea. Goizean heldu ezin eta arratsaldean Georgiako errealitatearen berri eman zuen David Turashvili idazleak.
.
Diaspora eta gazteenen iritziak
Diasporatik ekarpen interesgarriak egin ziren euskal nortasunaren gainean. Ameriketako Estatu Batuetako azterketa zorrotza egin du orain arte Peter Loge George Washington unibertsitateko irakasle eta ikerlariak. Ikuspegi ezberdina eman zuen berriz, Euskal Herria eta Estatu Batuetako euskaldunei buruz youtube bideoak egiten dituen Anne Marie Chiramberro @hellabasque bezala ezaguna den gazteak. Julieta Gaztañagak berriz, Argentinako euskal etxeetako errealitatetik aztertu zuen egoera.
Biharamunean berriz, gazteen ahotsa, adinekoago baten iritziarekin tartekatu zen. Ibarretxe lehendakariak, gazteagoei entzun behar zaiela adierazi zuen, eta oso kritiko agertu zen gure herriaren egoeraz. “Euskaldunak beti ari gara gure herriari buruz hizketan, baina gure herria nazioarteko plazan jarri behar dugu, ez gaituzte ezagutzen”. Ibarretxeren aburuz ere, eta bezperako Sarrionandiaren aipamenak entzun barik, dena dago egiteko. Etorkizunaz aritu zen, euskaldun bezala munduan agertzeko moduaz, erabakitzeko eskubideaz, eta gauzak adosteko gaitasun ezaz. Eta oharkabean, apunteak garbira pasatu, eta ideia orokor hori, horren sinplea eta horren indartsua dela ohartzen gara, konturatzen gara. Arrazoi du Joseba Sarrionandiak, dena daukagu egiteko.