Joseba Sarrionandia: “Azken 20 urteotako poemak ari naiz txukuntzen”
Joseba Sarrionandia
Joseba Sarrionandia
Poeta erraria (1): idazlea irakurle ere badenean
Joseba Sarrionandiari eginiko elkarrizketa bost zatitan banatu dugu, edukiaren arabera. Hauxe duzu lehena, zer irakurtzen duen eta gaur egungo euskal letrak nola ikusten dituen esaten du, batez ere, poeta errariak. (Transkripzioak eta audioak)
…
Zer ari zara irakurtzen 2015 urte hasiera honetan?
Atzo amaitu nuen Joxe Azurmendiren Renan eta nazionalismoaren inguruko liburu handi hori. Nazio arazoaren eztabaidan erabiltzen diren topikoak eta gezur interesatuen kritika da, saiakera oso ona. Eta gaur Danele Sarriugarteren Erraiak hasi naiz leitzen. Frankfurteko biblioteka batetik Gasteizko estudiante logela batera etorri naiz. Nobela hau ere oso gustura ari naiz irakurtzen.
“Emakumearen ikuspegia marginalitatetik
euskal literaturaren erdira heldu dela ematen du”
Eta idazten, ari zara zerbait idazten?
Ba gaur azkenengo hogei urteetan idatzitako poesia, paper solte eta zirriborroetatik apur bat garbira pasatzen aritu naiz.
Jarraitzen duzu euskal literaturaren egungo produkzioa? Nola ikusten duzu?
Ezin dut ondo jarraitu. Heltzen zaidana leitzen dut eta ez dakit egokia den hain gutxi jakinda modu abstraktuan hitz egitea. Baina berrogei urteko aldi luzean izan den aldaketaz igual nire iritzia eman dezaket. Gu idazten hasi ginenean gutxi argitaratzen zen eta kalitate eskasekoa zen gehiena, gaur egun asko idazten da eta maila ona du jende askok. Nik uste, asko aurreratu dela, lehen autore batzuk destakatzen ziren gutxi zirelako baina bazeuden hutsune nabarmenak literaturaren alorrean. Gaur egun beste literaturen parekoago eta antzekoagoa da gurea, eta logikoa denez, proposamen originalak edo bereziak agertzea zailagoa da. Irakurleak igual, zerbait ustekabekoa edo … sentituko du faltan batzuetan.
Zein euskal idazle jarraitzen dituzu bereziki?
Nire hasierako maisuak lanean jarraitzen dute: Atxaga, Saizarbitoria, Izagirre…
Nire belaunaldikoak denak interesatzen zaizkit. Asko dira banan-bana aipatzeko eta gazteagoak ere heldu dira gauza berriekin.
Literaturan egindakoa liburutegian geratzen da, azkenean iada eginda, eta bestelako zerbait asmatzea da idazlearen obligazioa eta normalean irakurlearen nahia.
Azken aldian emakumeen ikuspegiak sorprenditu nau liburu batzuetan: Eider Rodriguezen ipuinak, Miren Agur Meaberen “Kristalezko begia”, Itziar Rozasen “Beltzuria”, gaur leitzen egon naizen “Erraiak”.
Emakumearen ikuspegia marginalitatetik euskal literaturaren erdira heldu dela ematen du lehenengoz.
…
– Eider Rodriguez: Sarrionandia eta itsasoa.
– Harkaitz Cano eta Fermin Muguruza: Black is beltza
– Beñat Sarasola: Itsasoak ez du esperantzarik (Luis Haranburu Altuna)
– Joseba Sarrionandia: “Emakumeen literatura erdigunera pasatu da”.
Joseba Sarrionandia
(Datorren larunbatean, SAUTRELAren ostetik jarriko dugu hemen bigarren zatia: POETA ERRARIA2: FIKZIOAREN BALIOAZ)