Jon Maiaren hitzen balioaz
Jon Maiaren hitzen balioaz
Ez nintzen izan Anoetan Arnaldo Otegiri agurrik egiten, aski dut Elgoibarren elkarri emandako besarkadarekin, baina aitor dut inbidia piztu didatela Jon Maiak jaialdi horretan egindako hitzek: hain iruditzen zaizkit geuretzako modukoak, hain eder eta baliosak. Izan ezker abertzaleko edo izan bestelako, Maiaren ariketak, gure garaian euskal kultura bizi izan duen edozein euskaldunentzat behar luke izan gustagarri. Ene irudikotz.
Oker ez banabil, Jon Maiak egin duen KANTU BAT GARA izeneko ariketa poetikoan, gauza asko bilbatzen dira. Lehenik, azpimarraturik geratu da poesiaren beraren komunikazio gaitasuna halako bileretarako. Betiereko aurresku eta bertsoetatik harantzago, molde berrien egokitasuna dakar Maiarenak eta, aldi berean, arriskua hartzeko ausardiaren balioa ere bai. Gauzak beste era batean komunikatzen saiatu beharra, ahal dela entzulearen zuztarreraino bertaraino iritsiz.
Bigarrenik, euskal kantugintzaren historiaren entziklopedismo moduko bat dago, hain juxtu izaera kultural bat markatzeko oso baliagarria dena. Eremu bat, lurralde bat erakusten digu, geure ibilbidearen musika nagusia, azken finean. Abestiak osorik ezin ekarri direnez, kantu baten eta hurrengoaren erreferentziak, klik eta klik ukitzen dizkigu nonbaiten teklak. Badakigu Maia geuretzat ari dela eta ez beste inorentzat, geure baitan habia harturik zeuden eta dauden kantu zati, lerro, hitz-joku eta erreferentzien bilduma aparta da bere irakurraldia, garai eta denbora oro hegaldatzen duena, oroitzapen bakoitzarekin une jakin bat edo batzuk gogorarazten dizkiguna.
Hirugarrenik, tartekaturik dauden erreferentzia historiko, soziologiko eta politikoak, berez-berez txertaturik ageri dira, aipu zehatzei batere kalterik egin gabe. Matalazen aitzakian antolatutako abiapuntu eta helmugaren begiztan sartzen dira Lauaxeta, torturak, Monzon, Txirrita, kartzeletara bidaiak… Herri baten memoria osorik, nolabait, denak esatea ezinezkoa izanik, zertzelada batzuek ematen dute historia oso baten berri, Gernika tarteko. Sintesi gaitasun hori, ez da maiz gurean ikusi.
Eta laugarrenik, traszendentzia ematen dio irakurraldiak ekitaldiari. Ez da gizon bakarrari egindako omenaldia, askorentzakoa den abiapuntu bat zedarritzen du, urguilua erakusten, belaunaldien egokitzapena aldarrikatzen, mestizaia goraltzen, aukera baten itxaropena pizten… Eskultura bat dirudi, poema edo dena delako artefakto horrek.
Seguru badirela alde aipagarri gehiago ere, irakur-moldearen bikaina, esaterako, edota doinu eta eszenografiaren egokia, modu expresionisten erabilera, collagearen teknika… Esango zioten honez gero, baina neuk ere nahi dut Jon Maia zoriondu, eta egindako ahalegina eskertu. Chapeau.
Aupa Hasier. Nahiko ados denarekin. Horregatik edo besteagatik asko gustatu zait, lastima “koreografia” edo “eskenaratzea”k ez diola batere lagundu.
Aupa Jon! Eskerrik asko!
6:24 tik aurrerako denak ilea tente jarri dit. Batez ere, “entzuten duzue?” horrekin. bufa. Zoragarria Jon. Mila esker. Gora HERRIA!