Jokoa ez da errenta
Jokoa ez da errenta –
Miren Gorrotxategik Urola Kostako Hitzan.
Bila hasita, gaiaren inguruko esaera zahar andana aurkitu dut. Jokoa ez da errenta, hobea da oiloa parrillan erreta. Joko guztiak du tranpa. Jokalariaren lasterra, gora eta behera: goratzea, erdi erdiraino; beheratzea, hondoraino. Jokorako ateak, esperantzaz beteak. Jokoan norbait irabazle, gehienak galtzaile. Joko bezperan erronka, biharamunean errenka. Jokorik onena, gutxien dabilena. Jokozale bazarete, laster eskean atez ate. Joko eta edari, etxearen galgarri. Gure euskal DNAn errotuta ditugu biak, jokoa eta edana –aita semeak tabernan daude...-. Ohituak gaude haurrak sabeletik irten orduko pintxo-potearen atmosferan murgilduta ikustera, ohituta taberna zoko batetik bestera geurekin eramatera.
Normaltzat dugu gaztetxoak jaietan mozkortzea, normaltzat adingabeek edozein tabernatan -barka, taberna ataritan- tabakoa edo porroak erretzea. Ez da egokiena, baina ohituta gaude. Egin genuen, egiten dute, eta egingo dute. Nahiz eta jakin gero eta gazteago hasten direla gaztetxoak edaten. Nahiz eta jakin kalteak zein diren. Bai alkoholarenak, bai erretzearenak. Baina ez gara larritzen enegarren taberna herrian zabaltzen badute, eta inauguraziora joaten gara haurrak eskutik hartuta. Nork egin muzin debaldeko pintxoei?
Jokoaren kontua, ordea, bestelakoa da, antza. Pasa den ostegunean, Elkar-ekin taldeak deituta eta Apustu etxeak kanpora lelopean, kontzentrazio batekin eman zitzaion amaiera Azpeitian irekitzear den apustu-etxearen kontrako kanpainari. Izan ere, ludopaten ehuneko hogeita hamasei adin txikikoak direla hasten dira jokoan. Larria da kontua. Baina, alkoholaren edo tabakoaren arazoarekin alderatuta, are larriagoa al da? Baita lokal horietan adingabeek sarrera debekatua dutela jakinda ere? Noski, mugikorretik klik batera dute gaztetxoek Interneteko kasinoetarako sarrera. Baina, orduan, apusturako lokal horiek dira benetan arazoa? Ez ote gara ari jartzen gaztetxoen eskuetan tresna bat oso arriskutsua izan daitekeena eta erabiltzeko heldutasunik ez dutena? Errazagoa zaigu, ordea, errua besteri botatzea. Baina, tira, beste gai bat da hori. Itzul gaitezen apustu-etxeen kontura.
Elkar-ekinek Uztarria aldizkarian eginiko adierazpenetan zera irakur daiteke, besteak beste: “enpresariak sekulako dirutzak egiten ari dira auzo langileetan” edo “jakitun gara apustuaren ohitura aurrez ere errotua dagoela gure herrian, baina horrelako lokal bat publikoari horrela irekitzea alarma guztiak pizteko modukoa iruditzen zaigu”. Zer esango dizuet ba: niri nahiko alarma selektiboa iruditzen zait. San Inazio jaiak pasatu berri, ez al da apusturik egin Azpeitiko pilotalekuan? Antolatu da horren aurkako protestarik? Edo egin da oraindik gure herrian -klandestinoki, hori bai- egiten diren ahari-jokoen kontrako elkarretaratzerik? Errezeloa daukat berriro ere jatorrismoz ari garela zenbait gauzari ezikusiarena egiten eta beste batzuekin tematzen: geurea ona da, baina kanpotik datorrenarekin, argi. Ezin dut ulertu bestela zergatik den apustu-etxe berri horren kontua beste apustu mota batzuk baino larriagoa, gure DNAn, gure paisaian oraindik integratu gabe dagoelako ez bada. Ez baikara asaldatzen tabernetako makina txanpon-jale horien aurrean. Eta udaro hartzen dugu parte Tourreko porran. Ai, eta Gabonetako loteriak aberastuko bagintu! Nola, loteria espainola? Geure Tripontzia hobe, jakina! Badakit, bai: Elkar-ekinek bere adierazpenean dioen modura, dirua azkar eta asko irabaztearen ameskeria saltzen dute guztiek. Baina bota dezala lehen harria, edo fitxa, edo dadoa, ameskeria horri muzin egin nahi dionak.
Besterik gabe, eta gustu baduzue, irailera arte. ONCEren Udako Estra tokatzen ez bazait, behinik behin.
Harrigarria pilotalekuko jokoa eta joku-etxeetako horiek alderatzea. Bat bestea bezain kaltegarriak dela esatea. Esatea ere!
Etxe-joku horiek egun guziz irekiak daude eta Azpeitiako izarraitz? zenbat egun urtean? Nire osabak noizbehinka erretzen duen purua ez da ona izanen, baina ene arrebak egunero-egunero erretzen duen zigarro paketea? Berdin eragiten al die?
Eta bestalde, Izarraitzen sarrera 20 €koa duzu. Horrek jokalari gehienak uxatzen ditu.
Hori bai, tabernetako txanpon jale horiek apustu-leku horiek baino okerragoak dira. Dena dela, gol bat sartu zigutela eta bigarren gola otzan-otzan hartu behar al dugu?