Jesus Egigurenek igandeko elkarrizketetan esandakoen pasarte hautatuak

-PSEren baitan jende gehiagok iritzi hori duen galdetuta:

“Ez naiz bakarrik sentitzen. Alderantziz, gertakarien segida nire analisien bidetik doa. Eusko Jaurlaritzaren aldetik gauza gehiago egitea nahiko nuke bakarrik, baina agian oraindik ez dela unea pentsatzen dute. Ez dut erabateko desadostasunik izan. Lehendakariari lidertza hartzeko esaten diodanean ez diot lidertza gutxitan hartzen duelako esaten, gauza gehiago egin ditzakeela uste dudalako baizik. Agian interpretazio akats bat egon da.”

Vocento taldeari emandako elkarrizketatik.

-Eusko Jaurlaritzaren paperaz

“Patxi Lopezekin nago eta esaten dudana aurretiaz daki. Duela urte eta erdi jazarpen terroristaren psikosiarekin Eusko Jaurlaritzara heldu ginen. ETAk Jaurlaritza eta PP mehatxatu zituen eta erresistentziako gobernua osatu zen. Orain testuingurua aldatu egin da. Politika egin behar dugu. Lehendakariak ez du terrorismoaren aurkako borrokaz hitz egin behar, bakea eraikitzeaz baizik, ezerk ihes egiten ez dion Barne Sailburu bat duenean. Lehendakariak bideratu behar du itxaropenezko mezua.”

El Paisen emandako elkarrizketatik

-Patxi Lopez:

“Bakea ekartzeko historiak hor jarri duela jakin behar du.”

-Egin beharrekoaz galdetuta:

“Galderez beteriko une batean gaude eta erabakiak hartu eta mugitu behar duena Ezker Abertzalea da. Ezer gutxi egin dezakegu mugitzen ez bada. Madrilen ez, baina Euskal Herrian (Pais Vasco dio gaztelaniaz) iritzi publikoari ez litzaioke inportako Eusko Jaurlaritzak, orain agian ez, baina une berri batean bai, gatazkaren ondorioak konpontzeko ekimenak abiaraztea. Ez dugu gure burua engainatu behar, hau euskal herritarren arteko arazoa da eta hemen konpondu behar da zati politikoa.”

Vocento taldeari emandako elkarrizketatik.

“Eusko Jaurlaritzak zuhurtziaz abiarazi behar ditu ekimenak. ETAren agiriaren balorazioa egin du. Alderdiekin hitz egin du. Baina trantsiziotik hona eman den gertakari garrantzitsuenetako baten ateetan gaudenez, ETAk eta Batasunak alde batetik eta erakundeek bestetik, egin beharko luketenarekin testu bat idatzi beharko luke. Edukiak laburra, zehatza eta anbiguoa izan beharko luke. Esku artean ditugun arazoei soilik lotua: presoak, biktimak, adiskidetzea… Jakin dezaten, aurrera egiteko prest badaude Eusko Jaurlaritza kontsekuentea izango dela. Alderdietatik dinamika bat irekitzeko balioko du. Egin beharrekoa dela uste dut. Esan diot Lehendakariari.”

-Ezker Abertzalearen etorkizunaz:

“Hauteskundeetara aurkezteko saiakera ikusten dut. Jende berriarekin biolentzia baztertzen duen alderdi independentista bat sortuko dute, baina ez dakit hauteskundeetara joatea lortuko duten, nik ez baitut Rubalcabaren kristalezko bola, eta berak ez direla joango dio. Baina hauteskundeetara joaten ez badira, lezioa ikasi eta 2012ko hauteskunde autonomikoetarako etxeko lanak egingo dituzte bertan izateko. Ibilbide hau erakundeetan egon, politika egin eta bakea lortzeko da. Baina konponbidea euren eskuetan dago.”

-Ezker Abertzalea hauteskundeetan:

“Legalizazioa Batasunaren arabera dago eta azken hitza Auzitegi Konstituzionalak du. Ez zela udalerrietako hauteskundeetara aurkeztuko, erkidego autonomoetara arte zain izango zela pentsatu izan dut beti. Baina gauzak azkartu egin dituzte eta azkartzen direnean batek ez daki noraino helduko diren.”

-Batasunari mezua:

“Itzulerako bidaia ez dela errazago izango jakinarazi behar zaio Batasunari.”

Alderdien legea:

“Alderdien Legea, Batasunak, mehatxu terroristagatik, besteekiko abantailazko baldintzetan parte har ez zezan egin zen.”

-Balizko negoziaketa batez:

“Ez da lehengoaren antzeko prozesurik izango. Ez du zentzurik. Espainiako Gobernuak euskal erakundeei hartzen dituzten erabaki politikoetan lagundu behar die.”

-Atzera egin eta atentatu arriskuez:

“Ez dut atzera buelta bat baztertzen, zuhurtziarik gabe pentsatzea litzateke bestela.”

-Erasoko ekintzen etenaldiaren arrazoiez:

“Poliziaren eraginkortasunari eta Ezker Abertzalearen presioari zor zaio. Ez badago eragikortasun polizialik ez dago presio sozialik eta terroristek ez dute aurrera egiten. Dena lotua dago.”

-ETAren agiriaz:

“Ez nekien data zehatza, baina banekien ETA nekatuta atera zela aurreko elkarrizketa prozesutik eta bere hurrengo urratsa aldebakarreko su-etena izango zela. Gatazken konponbiderako terminologia erabiliz, aurreko prozesuarekin ETAk eta Batasunak negoziaziorako agenda zabala izan zuten eta bazekiten hori ez zela errepikatuko. Agenda mugatu baten aldeko apustua egin behar zuten. Kalkulu horrekin eta EAEn gobernuaren aldaketak euskal jendartean suposatu zuen katarsiarekin, ETAren geldialdirako data 2011n markatu nuen eta bere amaierarako 2013ko hauteskunde autonomikoak.”

“Beraiek geldialdi batetaz hitz egiten dute eta ez diote amaiera datarik jarri. Honek ziurrenik ez du ezer esan nahi, baina nahiago dut amaiera datarik jartzen ez badiote. Agiriak ez nau gehiegi kezkatzen. Agirian garrantzia duena ez da testua, hau ematen den testuingurua baizik, eta ziurrenik, Batasunak eskatu ziona publiko egin zelako aurreratu zen. Agiri hau aspalditik zegoen erabakia eta su-eten honen bermatzaileak bilatzen ari ziren.”

-Beste agiri baten aukeraz galdetuta:

“ETArena ez eta bermatzaileena izan daiteke. Igandeko agiria ETAk idatzitakoa da eta jarraipena izango du. Bere anbiguotasunak lanerako denbora ematen dio.”

-ETAk, ustez, aurreko negoziaziotik ikasi zuena:

“Erabakiak eurek hartuz, bakera aldebakarreko bidetik bakarrik heldu daitezkeela ikusi dute eta Espainiako Gobernuari ordaina eskatzeak ez duela laguntzen, kalterako dela, Gobernuak ezingo baitio inoiz eman ETAk eskatzen duena. Eta , guk ere ikasi dugun bezala, itxaropen handiak piztea desastre bat dela konturatu dira, iritzi publikoak jarraipen zehatza egin eta alderdi handiak zatitu egiten direlako. Baina garrantzitsuena, amaitzeko borondaterik ez badago, ez dela amaitzen ikustea da; eta amaitzeko borondatea baldin badago ezin dela ilargia eskatu, hobe dela ardura historikoak onartzea. Berriz akats berak ez errepikatzeko gertatu zenaren analisi bat egin zutela igartzen dut. Egiten duten keinu bakoitzean ikusten dut.

“Azken su-etenean, ETAk ez zuen bere amaiera onartua. Orain gauzak ezbedinak dira. Erakunde terrorista bat zaila da sortzen, erraza mantentzen eta oso zaila gelditzen. Baina sortarazi zituen oinarriak amaitzen direnean bukatu egiten da. Liburuetan dago. ETAri 80ko hamarkadan bezala egotea gustatuko litzaioke. Baina denborak errealismo bainu bat eman dio Batasunari eta hori ETAn sentitzen hasten da. Sortu duen mugimendu politikoa suntsitu gabe amaitzeko modua aurkitu behar du.”

-Presoen afera:

“Ondo iruditzen zait Espainiako Gobernuak ETAko preso disidenteekin egiten duena. Baina aurrerago, ETAk biolentziaren amaierarekin duen konpromisoa berresten bada, ETArekin apurtu gabe hau amaitzea nahi duten presoekin osatu beharko luke. Espainiako Gobernua ezin da honetan sartu, baina euskal sozialistok honen ardura har genezake eta alderdien babesa lortu, PPrena barne.”

-Alderdi Popularraren jarreraz

“Eusko Jaurlaritzan sartu ginenean Basagoitirekin kontu hauetaz hitz egin nuen eta aukera ona zela esan nion. Euskadiko PPk arazo bat du eta Espainiako PP da.”

-`Benetako ETA´ baten arriskuaz 

“Nik baztertu egingo nuke aukera hori edo egun gutxiko bizia emango nioke, ez bailukete babes sozialik izango.”


Jesus Egigurenek asteburuko elkarrizketetan esandakoak

Irudia | Jesus Egigurenek asteburuko elkarrizketetan esandakoak | Ezezaguna | LGPL
Egiguren, erreakzioak, ETA, prozesua
ZuZeu

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude