“Jasangarri”

“Jasangarri” –

Leire Narbaizak Argia aldizkarian.

"Jasangarri"Aspaldian, ikastetxe baten atarian “eskola jasangarriak” zioten banderak ikusi nituen. Barrezka hasi nintzen, eta nire artean pentsatu nuen: “Zelako zortea duten eskola honetako umeek, klaseak ez dira-eta guztiz aspergarriak, ondo eramango dituzte”. Noski, badakit irakasle eta gaien astuntasunarekin zerikusirik ez zuela bertan iragarritakoak, planeta babesteko ekimena zela.

Gaur egun, eskolez gain, dena da jasangarria. Ezinbesteko adjektiboa edozein proiektutan. Baina jasatea pairatzea da, eta beti tolerantziarekin lotuta dago: “Bale, bueno, tira, aguantatuko dugu besterik ezean”. Jasangarritasunaz dihardutenean, beste kontzeptu baten gainean dabiltza; daukagunari eutsi behar diogula, eskastxoa bada ere, iraun dezan, gehiago honda ez dezagun. Eutsi eta iraun dira aditz gakoak.

Eta Silvio Rodríguezek kantatzen duen moduan, tolerantzia da inkisidoreen pasioa. Ez ote du jasangarritasun kontzeptuak garbiketa berdetik gehiago iraunkortasunetik baino? Euskaraz, gura barik, asmatu ote dugu zurikeria izendatzen?

Bihurtuko ahal ditugu jasangarri guztiak iraunkor! Denbora agortzen ari da.

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.