Boomerang ukabilkadak

Boomerang ukabilkadak –

Kurian kuraia on.

Boomerang ukabilkadak
Arg: Idoai Zabaleta (FOKU/BERRIA)

Ariketa sanoa iruditu zait betidanik Kuria kaleko prozesioa. Urte osoa sudurraren puntan jarri zaiena egiten aritu ondoren Iruñeko udaletxeko alkatea, zinegotziak eta eliz agintariak jendaurrean jartzen dira. Ez dira estatistika enpresa batek telefono deiez bildutako datu hotzak. Ez da debate bat.

Iruñeko haur eskoletan atea itxi diote euskarari, ez dute txosnarik jartzen utzi, airea ere pribatizatuko lukete, hiri buruzagiko jende xehea xehetu dute… eta pandemiak Kuria kalea ukatu die herritarrei hiru urte luzez. Hiru urtetako haserre metatua zeraman jendeak zainetan, eta, noski, besterik ez genuen behar, horrela adierazi zuten.

Zeren eta, hiru urtetan zehar jende mordo baten aurkako neurriak hartu badituzu,  naski “UPN kanpora”, “Maya, kabroia” edo antzekoak entzungo dituzu. Mayak azal gogorra duela badakigu, gainera. Eta Elizak zer esanik haiek, horiek Nafarroako ondarearen erdia inmatrikulatuta ere bost, ez dira eta hurrengo hauteskundeetara aurkeztu behar… Maya horretarako daukate.

Beraz, arazoa ez da Kuria kaleko tentsioa, isekak, oihuak… arazoa, beti bezala, polizia da.

Batetik, marko zabala: poliziaren presentzia eta inpunitatea Euskal Herrian. Bestetik, azken bi hamarkadetan gauzatu den Iruñeko udaltzaingoaren militarizazioa eta agenteen profilak. Koktel horri estatu espainiarretik egun hauetarako ekarri dituzten poliziak gehitzen badizkiogu, leherketarako osagai guztiak zeuden Kurian; mentosak prozesioan eta kokakolak begira. Bakoitza bere kanaletik, eta horrela dena erdi-normal joan daiteke… baina ez, polizia-mentos batek koka-kola herritar bat kolpatu behar zuen.

Udaltzainak ukabilkada bat eman zion herritar bati “UPN kanpora” oihukatzeagatik. Eta hara kontxo, hemen notizia, poliziak kolpea jaso zuen bueltan. Boomerang ukabilkada. Has gaitezke kalakan, biolentzia ez dagoela ondo eta nahi dena. Ederki. Baina zure desadostasuna oihukatzeagatik “zu zaindu behar zaituen” autoritateak ukabilkada bat ematen badizu, ukabilkada horri boomerang efektua ematea zilegia iruditzen zait.

Zilegi edo ez zilegi, 40 urteko gizon hori gaur kartzelan dago. Agian familia etxean utzita, beharbada lanpostua galduta, seguraski bere bizitza izorratuz eta baldintzatuz urte batzuez… eta dena udaltzain makgiber flipatu bat jurruei ostiak banatzeko gogoz jaiki zelako. Eta jesusmariaetajose, enebada eta arranopola, bati, bati, ostia bueltatzea okurritu zitzaion. Poliziak egindako torturak eta hilketak zigortu gabe geratzen diren herrialdean, ukabilkada batengatik kartzelara.

Kuria, Altsasu reloaded. Mintza gaitezen poliziaren amaieraz.

Boomerang ukabilkadak

2 pentsamendu “Boomerang ukabilkadak”-ri buruz

  • Akzio erreakzio ekintza hori, fisika purua da. Udaltzaina zigortu beharko lukete, legezkoa ez den defentsa mota bat erabiltzeagatik.

  • Bai, oso ondo. Kalean sekulako indar erakustaldia egin duzue, euskal indarra agertu da, urte osorako euskal kupoa osatu duzue… eta orain? Nafarroan zonifikatuta zaudete, erreserbatan sartuta. Niri kalkuloek ez didate ematen: nafar euskaldunek nahiko ez balute zonifikaziorik ez litzateke egongo. Ez al da hobe indarrak zonifikazioak eraisteko erreserbatzea. Sekulako lotsakizuna duzue zonifikazioarekin eta ez zarete ohartzen! Euskal lotsa zarete!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude