Jainkoa izan, “errealitatean” pixka batetik askoraino izan liteke (eta II)
Jainkoa izan, “errealitatean” pixka batetik askoraino izan liteke (eta II) –
Zer esan nahi du esaldi horrek? Jainkoaren kasuan, dikotomia antagonikoa ez al da, bada, honela planteatzen: sinesten duzu Jainkoa badela edo ez duzu sinesten, baina Jainkoa pixka batetik askoraino izan daitekeela esanda, nola ulertu behar dugu?
Joxe Azurmendi ondorio horretara iristen da Azken egunak Gandiagarekin liburuan (352-361orr.), batez ere B. Russel eta A. Einstein zientzialari eta intelektual handien sinesmen edo sinesmen gabezien bilakaerak aztertu ondotik. Eta hain zuzen, konplexutasun horixe da batzuetan Azurmendi idazle zaila bihurtzen duena, eta aldi berean ikaragarri erakargarri eta aberasgarria.
Labur-zurrean, B. Russell handiaren Jainkoarekikoetara etorririk, lehenik eta behin, ateista zen. J-Paul Sartrek bezala gizakiaren askatasuna aldarrikatzen zuen: gizakiaren eta giza adimenaren gainetik ez dago beste instantziarik, ez intelektual eta ez moralik. Gizakiak bere buruarekin nahikoa izan behar du, eta bere patuaren erantzule eta jaun edo andre bakar altxatu mundu honetan.
Baina aldi berean, erlijiotik askatu ondotik, B. Russellek suposatzen duen gizon-emakumea sentimendurik kristauenez jantzia ageri da hurkoen alderako: bihozbera, solidarioa, etab.
B. Rusellentzat erlijioa, gizadiaren lehen aroko pentsaera eta ezjakintasun primitiboaren ekarpena da, gizakiaren ahuleziaren adierazpide hutsa, beldurrarena, funtsean. Heriotzaren edo ezinaren aurrean zeruetako ilusio eroetan kontsolamendua bilatzeari edota egitate moral debekatua infernuaren beldurrez alde batera lagatzeari koldarkeria irizten zion eta halaber, ausardiarik eza, hil ondoko sariaren esperantzagatik hurkoari on egitea eta laguntzea.
Ongia desinteresatuki egin behar da, ongiagatik beragatik. Zergatik? Ez dago zergatirik. Gure egitekoa da bizitza hau behar bezala bizitzea, ametsik gabe. Jakinda mundua injustua dela, ankerra; hain da gaiztoa ezen errazago baita sinestea mundu injustu honen kreatzailea, inor izatekotan, deabruren bat izango zela eta ez aingeru onbera bat.
Edgar.S. Brightman amerikar filosofoak Russellen erlijioaren filosofiari buruzko azterketa bat burutu zuen eta B. Russellek azterketa hori irakurri ondotik, hiru plano hauetan zehaztu zuen erlijioari buruzko bere jarrera: erlijio pertsonala, erlijiozko erakundeak, eta teologia(k).
Erakunde erlijiosoei buruz aritzea soziologo eta historialariei dagokie; B. Russellek berak ez zuen batere iritzi positiborik haietaz. Filosofo gisa, teologiak interesatu izan zitzaizkion, eta haiei buruzko iritzia suntsigarria zen. Erlijio pertsonalari zegokionez, honela argitzen du bere postura: “What makes my attitude towards religion complex is that, although I consider some form of personal religion highly desirable (…), I cannot accept the theology of any well known religion, and I incline to think that most churches at most times have done more harm than good“.
Jainkoaz denaz bezainbatean, haren pentsamenduan Edgar. S. Brightmanek interpretatu duen “jainkozko” sentimendua baduela irizten zion, mugagabekoaren egarria, baina inola ere ez kristauek aipatzen duten Jainkoa. Sentimendua edukitzeak ez du frogatzen sentimenduaren objektuak sentimendutik kanpoko existentziarik duenik. Paradoxikoki, ordea, pasarte berean, sentimenduak justifikazio baliozkotzat jotzen zituen balio gorenentzat: “In the realm of value, I admit the significance of religious experience”. Beraz, erlijio lauso bat, bazuen B. Russellek; balio absolutu batzuk ere bai (pertsonaren duintasuna-eta); jainkozkotasun edo infinituaren desira ganduzko bat ere bai. Horrenbestez, Jainko pixka bat ere bai?, galdetzen du Joxe Azurmendik. Eta berehala, berak egindako galderari honako erantzun hau erantsi zion:
Azkeneko itaun hau euskaldun gehienei funsgabeko boutadea begitanduko zaie. Haatik, Jainkoaren arazoa ulertzeko, agian funtsezkoena da ulertzea Jainkoa izan, “errealitatean” pixka batetik askoraino izan litekeela, bai pertsonetan eta bai kulturetan, erlijioetan.
B. Russellengandik beste zientzialari handi batengana etorriz, A. Einsteinengana, haren erlijioari buruzko bilakaera azterturik, honela amaitzen zuen Azurmendik:
Einstenek guri zerbait elementala oharrarazten zigun, Einstein bera baino harago joateko, eta merezi du hori xehatzea: erlijioa ez da berdin erlijioa nahitaez, eta Jainkoa ez da berdin Jainkoa. Hasteko, erlijioa gabe, erlijioak dago; eta Jainkoa gabe, Jainkoak (Jainko bataren barruan ere). Izan ere, gizon-emakumea gabe, dagoena gizon-emakumeak dira; kulturak, historiak, tradizioak; geure barruko arima diferenteak.
Irakurketan pixka bat aurrerago egiten badugu, lerro estonagarri hauekin egiten dugu topo:
“Beharbada ateismoa –ateismo bat– ez da abiapuntu desegokiena, paleolitoan hasi eta, erlijioaren fenomeno konplexu guztiaren birpentsaketa positibo baterako, enpatikoa, librea, orain artean ateismo “nihilistak” egin izan duen negatibo soilaren ordez: “bera inoiz ez balio-sortzaile!”, besteren balioen parasito hutsa baizik (Ik. Nietsche, Genealogia, & 25). Azkenean, bada, Sartre eta Russell soiletan ezin zara gelditu –beharbada baita ere, horiek proklamatu duten gizabanako guztiz bere buruaren jaun harro hori, lehenago Ilustrazioaren ametsen esnatze goyatarrean bezalaxe, berriro XX. mendean zehar fidagarriegia agertu ez delako. Erabat ulertzen ez diezuna da, nola izan litekeen gaur osoki “fede” bakar batekoa, hori kasik hutsa izanda ere. Aukeran Einstein nahiago: egon, erlijioak, Jainkoak dago. Denak “egiazkoak”. Baina orduan Jainkoak, erlijioak, ezerlijioak, ateismoak, etengabe bata bestea transfiguratzen ari dira (andre-gizon guztiak eta kultura guztiak euren artean bezalaxe)”. 361or.
Horra Joxe Azurmendi meditatzen, gizadiaren pentsamenduaren historia zabalarekin enpatizatzen, era askotako gizakien sinesmen eta fede aniztasuna aintzat hartzeko gonbita egiten. Autore zaila, deserosoa zenbaitetan, eta oso aberatsa.
Abertzaletasun *zibikoa eta *etnikoa: nazionalismo frantsesa eta alemana (I)
Gai zinez garrantzizkoa zait zientzilariek, filosofoek baita ondoko lagunek pentsatzen duten jainkoaren existentziari ala existentzia-ezari buruz. Orokorrean “bada ala ez da” hotz eta motz erraiten dutenak guti dira, gehienak, prudentagoak onestagoak, edo umilagoak, kokatzen dira bien arteko batean eta aitortzen dut nik horiek ditutala gustukoen.
Aipatzen duzun liburu horretanr, Azurmendi mintzaten ote da, bere lankidea izana zen Whitehead filosofo-matematikalariaz?
Zeren oroitzen naizenez elkarregandik banatu baitziren horelako problemagatik, Whitehead sobera jainkotiar edo jainkozale (ezdakit nola erran) zelakoan Russellen gustuko.
Whiteheadek deskribatzen du kreazioaren etengabeko prozezu bat kasik automatikoa zeinak jainko bat suposatzen duen hala ere. Liburu inportante hori da “Process and Reality”
Entseiatu nintzan irakurtzen baina abandonatu nuen galdu egin nintzan prozezu horretan.
Milesker Azurmendiri buruz egiten duzun esplikazio lanarentzat. Lehengo liburu batean, EHko ideien historiari buruzko batean, irakur-zaila aurkitu nuen eta.
Segi horrela Pako mesedez.
Milesker Beñat. Kanpoan nabil eta ordenagailurik ez. Whitehead aipatu bai aipatzen du. Nola ez dakit. Joxerekin mintzatu naiz eta memoriak huts egiten ez badio -ez da gehiegi fio bere memoriaz-, hiru fase edo izan zituen Whiteheadek: ateista, lehenik, sinestun, ondotik, eta azkenik, sinesmena galdu zuen edo. Dena den, batez ere Russell, tradizio positibista ingelesa eta Einstein tradizio alemana kontrastatzea interesatu zitzaion Azurmendiri. Diosala
Iñaki Zabaleta Gorrotxategik jakinarazi didanez, 114. Eta 227. Orrialdean aipatzen du Whitehead. Eskerrik asko Iñaki
“Orokorrean, “bada ala ez da” hotz eta motz erraiten dutenak guti dira, gehienak, prudentagoak onestagoak, edo umilagoak, kokatzen dira bien arteko batean”.
Hara, harritzekoa. Nik uste nuen Mendebaldeko elite intelektual eta bestelakoek, oro har, ez dutela batere interesik inongo erlijiotan eta entitate naturaz gaindikotan. Ulertua nuen joera nagusia hori dela.
Ez dakit, ehunekotan, zenbatek osatzen duten balizko gehiengo prudente, onest eta umil hori. Estatu Batuetako zientzia-ikerlarietarik, %70ek ateo gisa definitzen omen du bere burua. Horiei agnostikoak batuz, USAko zientzialari fededunak gutxiengo txiki-txikia dira. Eta hori, Estatu Batuetako gizartea bitxi xamarra izanik erlijio kontuetan.
https://elpais.com/diario/1998/07/29/sociedad/901663217_850215.html
Erantzun hotz eta motza.
Ba al da jainkorik? Ez, jakina.
Ba al da hil ondorengo bizitzarik? Bo, otoi, ez.
Zenbat pentsalari handi ibili ote da izaki inexistenteen ezaugarriei buruz hausnarrean, alferrik; zenbat fededun, fede-krisialdiak jota, bizi izan da bere buruarekin borrokan, malabarismo erretoriko irrigarriak egiten, usu osasun mentala eta are bizitza ere galdu arte, deustarako ez…
Amonamantangorri, inolako frogarik gabe biak ala biak erraiteko “Ez da!” (zuk diozun bezala) edo “Bada!” ( nahiz fededun gehienek berek duda aitortzen duten) segurtasun osoz eta ñabardurarik gabe, iduritzen zait harrokeria piska bat behar dela. Edo, bestenaz nik jaso ez dutan errebelazio berezi bat jaso duzue zerutik eta orduan erran behar duzue.
Izan ere, milaka urtetik bada jendea bere buruari hazka ari dena, ez baitezpada pentsatuko dukezun bezala beldurragatik ezta hilezgeroko sari baten esperoan ere, baizik eta kuriositatez eta konprenitu nahian, eta jende horrek ez du sekula frogarik aurkitu ez alde batera ez bestera.
Horregatik Russellek, Whiteheadek eta seguraz ere Joxe Azurmendi batek ere hausnarketa hori dute buruan. Eta lasai zaite, hausnarketa horrek ez die ongi bizitzetik den mendren eragozten. Aitzitik erran nezake, biperra emaiten bizitzan. Eta nik nahiago dut egia bilatzen duten jende horien konpainia “bada edo ezda” frogarik gabe hotz eta motz erraiten dutenarena baino. Hauekin laster aspertzen naiz eta egia erraiteko nekez ditut seriotzat hartzen.
Estatu batuari dagokionez, han bada jainko bat bederen dirua alegia. Euskal herrian ere gara urrun.
Artetik erraiteko, Amona ez dakit “hotz eta motz” adiera hori ongi erabiltzen dugun ( ene faltaz). Ene buruan erran nahi zuen diskusiorik edo kontestaziorik gabe.
Gau on.
El Pais-eko artikulu hori “bost axola”-tik dago egina. Beñatekin bat nator. Beste ohar bat Einsteni buruz: ez zuen Jainko judu-kristauan sinesten; haren “sinesmena” tradizio spinoza-alemanean kokatzen zen. Ez zen ezaxola traszendentziarekiko, azken hau nolanahi burutaratzen delarik ere.
El Paísen artikulua “bost axolatik” egina dagoen ala ez, nork daki; Polancorengandik edozer gauza espero liteke.
Dena den, artikulu berean azaltzen da zientzia-jendearen ateismorako joera hori XX. mende hasierako inkestez geroztik ikusi dela. Ez litzateke izanen ausartegia esatea joera horixe dela nagusi Mendebaldeko elite intelektual, akademiko, politiko eta abarretan, goranzko joerarekin XVIII. mendetik-edo, “teista”, Spinozaren zale, panteista eta halako tranposoekin batera. Mendebaldean diot. Are nagusiago Asia aldean, dirudienez laster denok gobernatuko gaituen superpotentziaren zuzendarien artean.
Honenbestez, uste izatea zientzialari, filosofo eta halako “gehienak” jainkoen existentziari buruz erdibidean kokatzen direla da, barkatu, beste planeta batean bizitzea. Batek esan dezake interesgarrienak idazle horiexek iruditzen zaizkiola, izan ere, norberaren gustoak libre dira.
“Horregatik Russellek, Whiteheadek eta seguraz ere Joxe Azurmendi batek ere hausnarketa hori dute buruan”.
Aitor dut, beharbada gogorregi mintzatu naiz besteren lanak “alferrik” eta “deustarako ez” bezala epaitzean. Ondorengoentzat, bederen, irakasbide izan daiteke kale itsua nondik dagoen jakitea.
Bestalde, zer esanen ote luke Russell zaharrak irakurriko balu bere esaldi “In the realm of value, I admit the significance of religious experience” dela, beraz, erlijio LAUSO bat, baduela B. Russellek. Gustatuko litzaidake haren erantzuna irakurtzea.
Nik martiri yihadista bati “significance of religious experience” aitortzen diot, inongo dudarik gabe. Jakina.
Zergatik jainko bakarraz oroitu, beste guztien kaltetan?
Jainkoak, izan, badira, noski, Mickey Mouse ere baden bezalaxe.
Fikziozko pertsonaiak dira denak.
Jainkoak fikziozko pertsonaiak omen dira, baina fikzio horretatik sortutakoa oso erreala da eta, beraz, problematikoak.
Burasoen eta arbasoen jinkoari eta sinesmenei buruz errespeturik ez?
Gauza bat da errespetatzea eta beste bat men egitea.
Jaungoicoa içaiqui quanticoa dateque. Existitzen da eta aldi berean ez da existitzen. Thoqui ezberdinetan dago aldi berean, nahi ere forman, dagoenean; eta igarri nahi duen bacoitzac igarcen du bere modu proprioan. Gu içainic ecin dugu ikussi, eta ikusten badugu gu içaiteari uzten deraucogu.
Nere ustez Jaungoicoaren problema nagussia dira bere icenean eguiac eçarcen dituztenac, hassiric Aita Sanctutic eta jesuita, aphaiz, serora, monja, fraide, iracasle eta abarretic passatuz etche bacoitzeco hypocrita gucietaraino, ceinen desgracia pagatu behar bait dute norçuc eta umeec.
Jinkoa ez da existitzen. Jinkoa ez da. Existitzen bada espazio/denboraren behean dago. Ezagutzen al duzeu zerbait denbora/espaziopean ez dagoena? Ez, ez bada Jinkoa , noski,existitzen ez dena. Espazio/denbora koordenadeen gainean dagoena existitu gabekoa. Espazio/denboratik haratago doana existitu gabea dena. Benetan izaten dena, ez gu bezalako izate mugatuak.
Hori abiapuntutzat harturik eta erligio guztien mistikak jarritako ildotik beratik jarraituz esan dezakegu…”arraioa! Bakarrik jJnkoa da, bakarrik izaten dena,Jinkoa da. Besteok espazio/denbora hau desagertuko dela eta, berez ez gara finkaturik, desagertugarriak garelako. Baina Jinkoa ez, hori bai euskarri sendoa, denbora/espazio gabekoa…”
Hori bai, nere burua gai da irudikatzeko espazio/denbora gabeko zerbait, mugagabeko zerbait…eta hori Jinkoa da. Izen bat jartzeko, noski,…..
Hots; mistikak jota esan dezaket…ni ez naiz inor, Jinkoa da dena.Jinkoa da guztia, jinkoa ez dena ez da…
Berez, existitugabetasunetik guztia argitu…
Ez da txiripa hutsa izan ere, ontologian ibilia zen Sartre, edo logikaren arloan Russel eta Whitehed. Izan/ ez izan, egia/gezurra binomio zaleak izatea filosofo horiek. Ez zuten hutsaren garrantziaz jabetu. HUTSA…hustasuna!!! Gandiaga handiaK ezagutu zuena, Oteizaren HUTSA…MISTIKAK HORRELA DIO ETA. Ez da egia/gezurra…izan/ez izan…baizIk, hutsatik , ez naiz ezer, ni ez naiztik haratago…Jinkoa bilatu behar duguna. Arrazoimena ez du balio. Barrua hustu (apostoluen barrenhutsak) eta Jinkogana joan…hutsa hutsen bila…
Amona, galdera ez zen baitezpada zuretzat
Intentziyua-rentzat baizik.
Baina zu berriz ez duzula men egiten zure arbasoen sinesmenari, ongi, baina ez ote zara beste sinesmen mota batean erortzen tapalahara?
Haurrei bizkarrezur muineko minbizia izatea ahalbidetzen dion jainko bati ezingo nioke errespeturik izan (ez dakit nori entzun nion argumentu zorrotz hau).
Sinestunei bai, noski, errespetu osoa. Eta zuri, Benat, nola ez, beti hain neurritsu ibiltzen baitzara. Neure ustea adierazi besterik ez dut egin, eta nik ere errespetatua izan dadila nahi nuke.
Hara, nik uste jainkoa hipotesi bat dela: beharbada arrazionalki planteatzera iritsi gaitezke, baina enpirikoki demostratzeko zail xamarra iruditzen zait. Hainbat jainko ere plantea litezke hipotesitzat, ez duzu uste?
Eta nola den gauza, nire gurasoak sinestunak izanak dira, baina arrazoiak uste hori baztertzera eraman ditu. Are gehiago, arbuiatzera ere eraman ditu, arbaso kristauei irentsarazi dieten jainko hori beldurra hezurretaraino sartzeko erabili baitzaie, gure aiton-amonen bizitza kontrolatzeko eta hartaz gozatzea galarazteko, hain zuzen ere.
Barka mindu bazaitut.
Ez Intentziyua, ez nauzu min egiten, alderantziz orai bai hobeki ulertzen zaitut eta ateismoa eta ateoak errespetatzen ditut besteak bezala( bakarrik diot ateismoa bera ere sinesmen bat dela).
Kontua da “Mikey mouse” aipamen hori, bere laburrean, arrailleria inutiltzat hartu nuela!
“Haurren bizkarrezur muineko minbizia” ren argudioa serioa da anitzek mendeetan zehar nun-nahi mila modutan adierazia.
Dakidanez, ez banaiz oker, bi jinko mota daude, inpertsonalak, gizakien eta gizakiaren sofrikarioei soraioak direnak, ala pertsonalak soraioak ez direnak.
Zure argumentuak bigarren mota du hunkitzen eta haren sinesdunak desaroso jartzen, 3 monoteismo “klasiko”en sinesdunak alegia.
Beraien artean, kristauek ezbadute beste biek baino gehiaho erantzunik emaiteko, pentsa dezakete kurutzifikzioarekin Jainkoak gizonekin batera partu hartu duela sofrikarioan.
Ezdakit zer derasaten Juduek eta musulmanoek zure argumentuari buruz, inkarnazioa ez dute ezagutzen eta.
Baina derasatan hau guzia ez da agnostiko judeo kristau baten burutazioa baizik.
Adeitasunez
Pello uste dut ongi esplikatzen duzun existutu/izan oposizio hura untsa sesitu dutala. Azkenean, ez baniz makur, baduke zer ikus kontzepzio antropologikoa eta transzendentalaren oposizioarekin, edo, filosofoen jinkoa eta Pascalen jinkoaren artean..
Aldiz hasi naiz nahasten hustasunarekin, Oteiza eta Gandiagarekin.(zorigaitzez ezjakina naizen nik, Gandiaga ez dut ezagutzen ere!).
Galdera bat Pello:
Zuretzat ere, juduentzat bezala, une labur batez existitu/izan oposizioa hausten duen inkarnazioa ezinezkoa da?
Barkatu Pako zure artikuluen iruzkinak monopolisatzeagatik.
Agur, Benat.
Eskerrik asko arretaz irakurtzeagatik ene iruzkina.
Gero, zure galdera oso egokia da. “Zuretzat ere, juduentzat bezala, une labur batez existitu/izan oposizioa hausten duen inkarnazioa ezinezkoa da?”
Inkarnazioa ezinezkoa da bai. Ez ahaztu Jinkoa bat bakarra dela aldarrikatzen behar duzu egunean bi aldiz. Xema Israel deritzon otoitza;, Xema Israel Adonia Eloeinu, Adonai EJAD” Entzun, Israel: Jauna da gure Jainkoa, Jauna bat bakarra da.
Otoitz hori esatean, beste otoitzen eskatzen ez dena, esku batez begiak itxitak eduki behar eta konzentazio handiarekin esan behar (kabaná).
Gero,begiak zabalik, jarraituz” Maita ezazu Adonai, zeure Jainkoa, bihotz-bihotzez, gogo osoz, adimen guztiz eta indar guztiz. “
Hiru Ebanjelio sinoptikoetan ,idatzita dagoenez, Jesusek berak onartu zuen moduan hain zuzen! Gainera, gure Elizen Arteko Bibliak dakarrenez “Agindurik nagusiena.” atalaren azpian datorkigu:
Ondoren, aurreko eztabaida entzundako lege-maisu bat aurreratu zitzaion. Jesusek zein jator erantzun zien ikusirik, galdera bat egin zion:
–Zein da agindu guztietan nagusiena?
Jesusek erantzun:
–Hona hemen nagusiena: Entzun, Israel: Jauna da gure Jainkoa, Jauna bat bakarra da!
Maita ezazu Jauna, zeure Jainkoa, bihotz-bihotzez, gogo osoz, adimen guztiz eta indar guztiz. Eta hona hemen bigarrena: Maitatu lagun hurkoa zeure burua bezala. Ez da agindu hauek baino handiagorik.
Lege-maisuak, orduan:
–Ederki, Maisu; egia diozu Jainkoa bakarra dela eta ez dela besterik esatean.
Bera bihotz-bihotzez, gogo osoz eta indar guztiz maitatzea, eta lagun hurkoa nork bere burua bezala maitatzea, erre-opari eta sakrifizio guztiak baino hobea da.
ETa Jesusek, zuhurki erantzun ziola ikusirik, esan zion:
–Ez zaude Jainkoaren erreinutik urruti.
Eta harrezkero, ez zen inor galderarik egitera ausartzen.
https://www.biblija.net/biblija.cgi?m=Mk+12%2C28-34&id34=1&pos=0&set=21&l=eu
Ikus dezakegunez Jesusek Jinko bakarra dela argi esaten zuen. Orduan, inkarnazioena agian ez da geroko kontu bat izango?
Egun, Itun Berriari buruzko adituen artean adostasun zabala dago esatean Nazareteko Jesus, historiako Jesus behintzat, judutzat jaio, bizi eta hil zen. Ez zen etorri mundura beste erligio berri bat sortzea. Bere koordenadak I. mendeko judaismo koordenadetan daude. Berak sortzen zituen eztabaidak Judaismo barruko eztabaidak ziren.
Inkarnazioa kontzeptu gisa, eta kronologiaz aritzean gutxienez bigarren belanaulditik aurrera (70 K.o II. Jerusalemgo Tenpluaren suntsipena ondoren), kontzeptu greko-erromatar joko nuke nik.
Egungo eztabaida nagusiren bat da noiz bereiztu zen judaismotik giristinoen sekta, zeren sekta (“eskola” orduko esanahiarekin ez egungo esanahi maltzurekin). Dirudienez argi dago lehenbiziko belaunaldia judaísmo barruan zegoen, bigarren belaunaldia hasi zen bultzaka eta hirugarrena non gehingo ez judu batek hartua zuen mugimendoko bura bereiztasuna hasi zen nabaritzen modu eta forma desberdinetan.
Orduan hasi ziren kontzeptu ez juduak sartzen barra-barra.Inkarnazioarena esaterako.
Milesker Peio
Segi dezagun zure arrazoinamendua:
Inkarnaziorik ez baldinbada, orduan berpiztea ere ezin da izan eta kristautasuna bilakatzen da judaismoaren adar heretiko eihartu eta arroztu bat. Ez ote?
Artetik erraiteko Kristauek ezin dute erran Jinkoak parte hartzen duela gizakien sofrikarioan bere semearen sofrikarioren bitartez. Makina kreatzaile inpertsonal eta soraio bat bilakatzen da Haurren “bizkarrezur muineko minbizia”rekin bost axola duena.(Intentziyuaren hitzak erabiltzeko).
Entseia gaiten halarik ere lo egiten denok.
Azpiko estekan Felix Placerrek atzoko GARAn argitaratutako artikulu eder bat, bereziki egokia eta bereziki argigarria Pako Suduperen analisiaren segidan.
Esango nuke Placerren iritzi horiek, neurri handi batean, Joxe Azurmendiren pentsamenduarekin sintonia handian daudela nahiz eta, bistan da, Placer apaiz katolikoa den eta ondorioz, askoz ere gardenagoa bere oinarrizko baieztapenetan; baina testuingurua bat da kasu bietan, nire ustez behintzat (aldeak alde, eta badira funtsezko aldeak ere).
https://www.naiz.eus/eu/hemeroteca/gara/editions/2021-08-30/hemeroteca_articles/dios-una-cuestion-indiferente
Eskerrik asko Pruden!, diosala.
Jaungoikoa (eta beste jainko eta jainkosa guztiak) Popperren Mundu 3 delakoan bai, bada. Eta iruditzen zait horixe dela izateko duen era bakarra… Gainerakoan, Mundu 3 horretako beste izakiak bezala, aukerazkoak direla esango nuke… nahi duenarentzat.
Aitortu behar da, hori bai, mundu errealean eragina izan dutela eta izaten dutela jainko horiek. Gauza asko eraldatu izan dutela beraz.
Sinesteari buruz, ordea, komeni da (ez galdetu orain nork esana den, edo halaxe den, buruz ari bainaiz) jakintsu batek zioena: “Sinestedunentzat Jaungoikoa gauza ororen sorburua eta sortzailea da, hasiera. Zientzialarientzat, ordea, gauza ororen helburu edo ondorena, amaia”.
“Baina zu berriz ez duzula men egiten zure arbasoen sinesmenari, ongi, baina ez ote zara beste sinesmen mota batean erortzen tapalahara?”
Mila esker, tapalahara hitz ederra erakusteagatik.
Nola Jainkoa dagoenik EZ sinestea ez baita fede edo sinesmen bat, halaxe asteburu osoa sofan etzanda, porruak erretzen eta pizza jaten igarotzea ere EZ DA kirol egitea.
Halaber, Vishnu jainkoan EZ sinestea ere EZ DA sinesmen edo fede bat.
Ba berpiztu zitekeen. Gauza bat da jainkoaren inkarnazioa, bera lurreratzea eta gizaki baten barruan, gizaki batengan inkarnatu eta berpiztu . Edo, bestaldetik, beste gauza gizaki hutsa berpiztea. Tarsoko Saulok esaten zuen moduan “Jainkoak Jesuskristo berpiztu zuen”.
Azken honekin ados nago Mesias/Kristo izanik berpiztu zitekeelako eta gizaki hutsa izaten jarrai dezakeelako, jainkotasunik eduki gabe .
Adibide gisa, gaur egun badago judaísmo barruan mugimendu bat non jarratzaielek esaten dutela beraien izandako rabinoa /rebe Mesias dela. Ez pentsa txoriburu hutsak direla. Ez da urrik eman ere, JABAD deritzon mugimendu erakunde hori oso oso ezaguna da, batez ere AEBan, baita Munduko judutería osoan ere. Bakarrik falta zaie gauza bat…Rebea hilen artetik berpiztea!. Zain daude jarratzaileak eta esan dutenez bigarren aldian etorriko dela Lurrera. Horregatik asko diotenez kristianismoren kutsua badu Jabadek.
Tradizio juduan Mesias gizaki izan behar da. Ez jinko bat, edo sasijinko bat… Inkarnazioa da egungo judaísmo rabinikoa eta Elizak (katolikoak, luteranoak, erreformakoak, ekialdeko elizak…) elkar bereizten dituena. Beste gauza batzuk badira ere bai baina sakonena hau da.
Asko lagunduko luke oztopo hau gainditzeko inkarnazioa ez balitz, hiru erligio nagusiak Kristianismoa, Judaismoa eta Islama elkar hitz egiteko.
Agian Mesiasen inguruko elkarrizketak lagunduko luke hiru erligio hauek hurbiltzeko.
Zure gogoeta zinez interesgarria da baina “anka kontrara” ( à contre-pied) harrapatzen nau. Nunbait irakurria nuen Kristauek ez zituztela ondorio guziak atera inkarnazioaren beren dogmatik. Izan ere, jainkoa inkarnatu nahi bazuen egiazko gizon batean, zergatik bada kontzepzio bitxi hori? eta zentzu batean zergatik berpiztea ere? Kristo nornahi bezala sortu eta hil balitz, orduan bai “egiazko” inkarnazioa izango zen. Baina iduritzen zait eliza inkarnazio-erdi horri atxikia dela horrek bereizten baitu beste monoteismetatik. (Eta abantail bat ematen?)
Horrek pentsarazten dit SW-i –jatorriz judua zen– pasioa nahikoa zitzaiola Kristoren jainkotasunean sinesteko.
Beharbada, egunen batean, arkeologiak eta ikerketek lagunduko gaituzte gure zibilizaziorako garai erabakigarri hori hobeki konprenitzen.
Pello eskerrik asko zure esplikazio guztiengatik, naizen (begirunezko) agnostikoak ez zuen horrenbeste merezi..
Egun on Amona, itxura guzien araberan, nahiago duzu bromatan arizan beste ezertan baino.
Horretarako zurekin nahiago dut euskaraz “euskaratzaz” aritzea ezen ez eta erligioen filosofiaz.
Bai “tapalahara” hitz hori biziki iradokigarria zait gorputz baten erorketa bapatekoa zabal-zabala eta egiten duen harrabotsarekin irudikarazteko. Horrelakoak esapide edo erranmoldeak ezagutzen baditugu, erabili beharko ginituzke gure hizkuntzari bizitasuna emaiteko.
Inkarnatze eta berpizte eta kontu horiek aintzat hartuta, nola “deabru” aukeratu zuen Jaungoikoak unea, hots, zergatik ez bi mila urte geroago inkarnatu, beharra handia baita, edo zergatik ez orain lau mila urte, beharra ere izan bazenez…? Ez ote zen tronpatuko, behingoagatik?
Eta ondorioz, beste galdera bat: Kristo aurreko jendearen eta Kristo ondorengo jendearen artean, ez al dago diskriminazio begibistako bat?
Galdera onak Mikel eta aspaldikoak. Zerbait jakinen duzunean, othoi zabal ezazu Zuzeuko lagunei.
Kazualidadez, ari naiz irakurtzen Irvin Yalomen “Spinoza problema” liburua nun, besteak beste, ikusten den Franco izeneko maran portugaldarra oso deprimitua dena nahita ere ezin duelako sinetsi komunitateko fededun juduek bere onerako sinetsarazi nahi diotena. Etsituta fededunek eremaiten dute Spinozaragana laguntza ezpirituala bila. (badakit ez zarela batere deprimitua)
Spinozaren erreakzioaz ez dizut ezer erranen. Horretan gelditzen naiz.
Batez ere Joxe Azurmendi irakurrita ateratako usteak laburkiro hona ekarririk, Spinoza ez zen tranpatia izan, baizik eta guztiz errespetagarri den arrazionaltasun hutsaren sortzailea. “Jainkoa bada, Jainkoa ez da” ezbaika hasten garenean, eztabaida hori gure artean posible egiten duen kontzeptua kristaua da –beste kultura batzuetan beste modu batera plantea dezakete–, guztiz kristaua: izaki eta gizaki eta unibertso guztiaren kreatzaile “pertsonal” gisa bururatzen baitugu delako Jainko hori, kasik bizar eta guzti.
Txinatar eta japoniarren tradizioan, kasu, horrelakorik ez dago. Eta Spinoza izan zen mendebaldean, esan dezagun, horrelako Jainkorik ez dagoela, jainko judu-kristau kreatzailerik ez dagoela –bera judua izanik–, aditzera ematen aurrena, XVII. mendearen amaieran. Eta Kant eta Hegel eta XVIII. eta XIX. mendeetako filosofoek ere halaxe deliberatu zuten.
Spinoza, bere analisi arrazionalaren ondorioz, gutxi gorabehera konklusio honetara heldu zen: Jainkoa unibertso osoaren batuketaren erroa da –erroa da, sub/stantia–; eta gero, tradizio bakoitzak bere modura formulatzen du eta bizitzen du hori.
Einstenek Spinozari jarraitzen zion, eta, besteak beste, zioen ateistak ergelak direla. Zergatik? Jainko judu-kristauaren kontzeptu faltsutik, gezurrezkotik hasten zirelako. Ezin izan den gauza bat ukatzen enplegatzen direlako suharki.
Aitortzen dut gauza ilun eta zail hauetan aditua eta aritua ere ez naizela, eta horrenbestez, alferrik eskatuko dizkidazue kontuak. Galdetzea libre da, ez erantzutea ere bai. Eskerrik asko ekarpenak egin dituzuenoi!
Benat, nire galderak hortxe daude, erantzun eman nahi dienak eman diezazkien. Nik ez dut erantzunik, eta uste dut ez dutela, baina apurtzen dutela (eta beste asko eta nireak baino hobeak) Jaungoikoari buruz dagoen omni… guztiari, jakintza, borondatea, ahalari doakien logika. Jaungoikoak txapuza galanta egin zuen: naturan gertatzen diren abortuen kopurua ehuneko % 50 izaten omen da, bizidun guztien artean, bizia “horren garrantzitsua” den mundu honetan. Dawkinsek zioenez, Jaungoikoa trebea bai, baina behintzat oso kakalardozalea bide da, haietarik 10.000 espezie sortzeraino…
Barkatu tartean sartzea. Atseginez irakurri ohi ditut horrelako diskisizioak, baina aitortu behar dut maiz ez dudala ezer ulertzen.
Izan ere, filosofo askok (goian Spinozari buruz Patxik egindako aipua, adibidez) “Jainkoa bada, Jainkoa ez da” dialektikan huts egiten dugula esaten digute, jainkoa X dela ulertzen baitugu, eta ez dela hori.
Ea Zeus Zeus da, Quetzalcoatl Quetzalcoatl da, eta abar… Denok ulertzen dugu zer esan nahi duten eta zein diren izaki (legendario) horiek, eta eztabaida ezar liteke existitzen diren ala ez. Jainkoaz ari garenean, jakina, jainko hori zer den konfiguratu duen tradizio erlijiosoko jainkoaz ari gara (judu-kristauaz edo haren errokoa den islamekoaz). Spinozaren “unibertso osoaren batuketaren erroa da –erroa da, sub/stantia–” ez dut oso ondo ulertzen zer den (filosofia liburuak maiz ez ditut asko ulertzen),. baina hori jainkoa dela adostu beharko litzateke konbentzioz, hori baden edo ez den ezabaidatzeko. Ze, bi gauza desberdinez ari bagara, eztabaida zentzugabea da.
“Nik ez dut Jainkoagan sinesten, baina naturaren indar eta legeen multzoa edo bada hor zerbait”… ez dakit bere semea haragituta mundura bidali omen zuen hori ez da naturako legeen multzo bat…. beraz, hori ez da Jainkoa, Jainkoa zer den izan behar badugu eztabaidagai.
Jainko horrek mundua nola/zertarako sortu duen eta bere semea mundu honetara bidali eta horri buruzko eztabaidak ur handiegia dira niretzat, baina benetan Jainkoan (tradizio erlijiosoko jainkoan) sinesten badu norbaitek, eta haren semea, seme dibinoa, mundu honetako pekatuak kentzeko bidali zuela sinesten badu, izaki omnipotente baten plan dibinoa zertan den 2021an, plan estrategikoaren indikadoreak analizatu beharko lituzke.
Bidebatez, harridura handiz begiratzen ditut horrelako gogoeta filosofikoak (III-V. mendeetan jesukristoren izaeraz egiten ziren eztabaida txundigarriak, adibdiez).
Ni ere ezjakina naiz, baina iruditzen zait, esate baterako, jainkoak eta jainkosak senidetzat hartuta, azkenean Jaungoiko bat irudikatzen dela mundu guztian, kultura guztietan, latitude guztietan. Azken batean, gehiago edo gutxiago, pertsonifikazioa beti ageri ohi da. Ez gara gauza, gizakiok, (gu bezalako) pertsona bat irudikatu gabe Jaungoikorik asmatzeko, borondate bat, izaki ez delarik ere, antolatzaile bat, kreadore ez delarik, kontuhartzaile bat, gure hanka sartzeak eta zorrak kontutan hartzeko. Izan ere, Jaungoikoak beti GURE ustetan zuzenak direnak aginduko dizkigu, ez bestelakoak, baina behar dugu, moralki geure gainetik egonen den agintari bat.
Pertsonifikatu gabe, ordea, badugu esatea dena, kreazio osoa, unibertsoa bera dela Jaungoikoa… baina hori esatea ezer ez esatea bezalakoxea da. Jaungoikorik gabe bizitzen ikasi behar genuke, bestela, bai baitakigu zer gauzak egin daitezkeen hor barrena Haren izenean…
Spinozak 1665ean Willem van Blijenbergh Dordrecht-eko merkatariarekin gutun-truke filosofiko-teologiko bat izan zuen. Argigarria delakoan, hona dakart laburturik. Merkatariak egin zion lehen gutunetik ondorioztatu zuen Spinozak merkatari hura ez zebilela bere iritzietatik urrun, eta gutun bidezko elkarrizketa onuratsua izan zezaketela; alabaina bigarren gutunean ohartu zen, urrun zeudela iritzietan eta gutun-trukeak ez zuela merezi.
Hona hemen Spinozarentzat, zergatik ez zuen merezi:
“Ikusten dudanez, ezein frogantzak, ezta logikaren ikuspegitik sendoenak ere, ez du baliorik zuretzat, salbu eta zuk edo beste teologo ezagun batzuek Eskritura Santuari egozten dioten azalpenarekin bat badator. (…) Niri dagokidanez, argi eta garbi aitortzen dut ez dudala Eskritura Santua ulertzen, nahiz eta urte batzuk eskaini dizkiodan; bestalde, ez zait eskapatzen, frogantza sendo bat lortu dudanean, ezin zaizkidala burura etorri frogantza zalantzan jartzera bultzatzen nauten ideiak. Horregatik, adimenak erakusten didanari eusten diot, inolako susmorik gabe ni engainatuta egon naitekeela edo Eskritura Santua, puntu hau ikertu ez arren, kontraesanean egon litekeela (…) Egia ez baita egiaren aurkakoa (…) Aldi berean, ezagutzen dut espiritu-segurtasun eta bake handia ematen didan zerbait: gauza guztiak gertatzen direla, izaki goren perfektu baten botereagatik eta bere dekretu aldaezinagatik (…) Beraz, filosofikoki ezin da esan Jainkoak norbaiti zerbait eskatzen dionik, ezta zerbait gogaikarria edo atsegina denik ere. Zeren gauza hauek guztiak Jainkoaren baitan tokirik aurkitzen ez duten giza atributuak baitira”.
Spinozak “Tractatus Theologico-Politicus” izeneko liburua argitaratu ondotik, Blijenbergh merkatariaren erantzuna beste liburu bat izan zen, 1674an argitaratua Leiden-en, honako izenburu honekin: “Kristau erlijioaren egia eta Eskritura Santuen autoritatea fedegabeen argudioen aurka baieztatua, edo Tractatus Theologico-Politicus izenburuko liburu biraodunaren gezurtatzea”. (ikus: Steven Nadler: Spinoza. Ed. Acento. Madrid. 2004. 294-299orr.)
Religionea communitate baten baithan ulermen commun bat da, baita hari lothurico rituen mulçoa ere. Religionean guiçabanacoa içaqui baten parte bilhacatzen da, eta içaqui horren baithan eguiten ditu cembait gauça modu ordenatu, antholatu eta ritualiçatuan.
Ulermen modu bat da, pasivoa behar bada intellegamenduaren gaindicoaren aurrean, ceina communitateac idatzita gordetzen duen informationean oinharritzen den. Badira idatzizco eçagutza edo jakinça horren specialista direnac, eta hauec dirateque refferente religiosoac. Erraiteraco, Delphoseco oraculuetan accumulatzen ciren actac, profecien berriac, eta abar, Liburu sybillinoac ossatuz. Romara passa ciren Viri Sacris Faciundisen collegioaren bitartez. Romaco Senatuaren aguinduz eguiten ciren liburu horien consultac, guertaquiçun osso berhecien aurrean erançunac bilhatuz. Roman lau collegium nagusi occupatzen ciren religioneaz. Pontifexac, ceinçuec communitate politicoaren eta jaincoen arteco çubi eguiten baitzuten, registro idatzi itzela çuten, bilheren actequin, cargua bethe çuten lagunen cerrendequin, guertaquiçun bereciequin, eta abar. Beste aphaiz mota cen augurea. Hauec erabaqui practico bacoitzean naturaren erançuna bilhatzen çuten, ceinari jaincoen vorondate deitzen baitzioten. Choriec nola eguiten çuten hegan, sacrificatutaco animmaliaren tripen antholamendua, halaco phainomen (haiençaco) aleatorioac interpretatzen cituzten. Gaur egun sciencia bat dago garatua, systema complexuen dynamicari buruz, non statistica eta vectore anhitzeco trajectoriac integratu ahal diren, eta horrela systema complexuac nola garatzen diren edo nola evolutionatzen duten euren contextu naturalen baithan nolabait intellegatu ahal den. Augureac içanen ciratequeen persona sensibleac ceinen artean hainbat jakinça transmititzen baitzen realitatearen interpretatione cehatz batzuc eguitearren, beharezco içanen cenean. Erraiten da choriac beguiratzetic dathorrela sors hitza (Franciaco tirage aux sors), ceina lothua den sorte berce hitzarequin. Pajaro de mal agüero erraiten dena gazteleraz, da pajaro de mal augurio. Conceptu hauec, nola inaugurationea ere, lotzen dira Romaco augureequin. Eta hauen jathorria Europaco substrato preindoeuropearran aurquitzen da.
Romaco botherea religionean sostengatzen cen, bainan paganoa. Euren naturaren gaineco ulermena religionearen arauera eraiquitzen çuten, bainan nere ustetan nonnahi ere eguiten da hori. Roman gainerat, individualitatea gaitzesten cen communitatearen irudicapenaren mempecotassunaren mesederat. Gainera, Romaco herriac atzera beguiratzen çuen, eta horrela existitzen ciren gauçac reproducitzen cituzten bethi, salvuespen batzuequin, normalean beharraren eraguinez. Informatione asco accumulatu çuten. Informatione horrequin ossatu cen ondorengo Europaco religione christaua. Christauec jakinça paganoa monopoliçatu eta simplificatu çuten.
Patxi,
Anitzek diotenez Spinoza da filosofo biziki inportantea, denboraberean errazionalista, bere arrazoimenean zeukan fidantza bakarra , baina denbora berean jainko inpertsonal batean sinisten zuen.
Ezdakit nunbait esplikatu zuen nola iritzi zen sinismen horretara arrazoinamenduaren medioz?
Alexandre,
Zuk esplikatzen duzuna egia da; Erligio bat ez da bakarrik sinesmenetan laburbiltzen. Batzuek diote erligio bat badela ere “antropologia” bat, hau da: bizitzaren konzepzio bat, manera bat, eskubide bat eta abar…Hots komunitate bat edo hil ala biziko ingurune bat SWen esamoldea erabiliz.
Horregatik gure arbaso kristauen euskal gizateak eta gaurko gure gizarteak ez dute gauza handirik ikusteko hizkuntzaren arrasto bat eta paisaje batzu baizik.
Erligio bat ezda beste batekin trukatzen edo abandonatzen gizarte kalte handirik gabe.
Horregatik Spinoza eta bere komunitateko rabinoa arteko eztabaida larri horretan ulertzendut baita Rabinoaren postura ere zeina beldur baitzen Spinozaren pentsamoldeak eragin zezakeen komunitatearen ahultzea eta desagertzea. Iduriz Spinoza sorraio agertzen zen peril horren aurrean eta prest zen komunitatetik desterruan bizitzeko.
Beñat, zure galderari erantzun nahian:
1656ko uztailaren 27an, artean 24 urte osatu gabe zituela Spinozak, eta artean ezer argitaratu gabe zela, honako eskumiku eta madarikazio testua irakurri zuten Amsterdameko sinagogaren arkuko egurrezko zulogunean (“Houtgracht” nederlanderaz):
“Baruch de Spinozaren ekintza eta iritzi gaiztoak aspaldidanik ezagutu ondoren, ma´amad-eko Jaunak saiatu dira, hainbat bide eta promesen bidez, hura bere jokabide desbideratu hartatik libratzen. Baina hori egiteko ahaleginean porrot egin eta, aitzitik, egiten eta irakasten dituen heresia higuingarriei eta bere ekintza beldurgarriei buruz egunetik egunera informazio serio gehiago eta gehiago jaso ondoren, eta Espinoza aipatuaren presentziaren aurrera konfiantzazko lekuko ugari bidali ondoren, berari buruz esaten dena egiazta zezaten, horren guztiaren egiaz konbentziturik itzuli dira, eta erabaki dute, guztien oniritziarekin, Espinoza deritzana eskumikatu eta kanporatua izan dadila Israelgo populutik. Aingeruen dekretuz eta gizon santuen aginduz, guk Baruch Espinoza eskumikatu, kondenatu eta madarikatzen dugu, Jainkoaren onespenarekin, beti bedeinkatua, eta kongregazio santu osoaren onespenarekin, eta eskritura sakratu hauen aurrean (…) Jainkoak ez du errukirik izango berarekin, baizik eta bere amorrua eta ardura piztuko ditu gizon honen aurka; liburu honetan idatzita dauden zigor guztiak bere gain eroriko dira, eta Jaunak bere izena ezabatuko du zeruetako erresumatik eta gaizkian hondoratuko du Israelgo tribu guztietatik bereiziz, legearen liburu honetan idatzita dauden Aliantzaren agindu guztien arabera. Baina zuek Jaungoikoarekin bat egiten duzuenok bizirik iraungo duzue egun honetan.” (Honen aurreko komentarioan aipaturiko liburuan, 173-174orr.).
Berretsi beharrik ez dago zein gogorra den eskumikua. Komunitate judutik erabat kanporatua, eta Jainkoaren mehatxu beldurgarria.
Aipatu beharra dago Beñatek dioen bezala, komunitatearentzat sinesmena eta fedea oso garrantzizkoak direla, eta are gehiago 1656an, eta Amsterdamen, XVI. mendean Portugaletik ihes eginik atzerritar gisa bizi ziren komunitate judu-portugaldarrarentzat –laster lortu zuten herbeheretar herritartasuna, besteak beste, merkataritzan lortutako etekinengatik eta garrantzia sozialagatik–. Eskumikua komunitate judu ortodoxo baten jokabide sozial, erlijioso eta etikoa indartzeko erabiltzen zen, eta praktika liturgikoaren gaietan ez ezik, eguneroko portaeran eta ideien adierazpenean ere edozein desbideratze saihesteko.
Era berean, aipatu beharra dago, Luteroren eta erlijio-gerren ondotik eta, Herbehereetan, Eskritura Santua norberak –protestanteen artean bezala, judu heretikoen artean ere–, apaiz eta errabino eta bitartekari “profesionalen” laguntzarik gabe, komunitate edo talde txikietan interpretatzen ahalegintzeko ohitura aski zabaldua zegoela, eta Spinozak parte hartu zuela 20-22 urtetik aurrera horrelakoetan, eta Van den Enden latin irakasle eta klasiko latindarren irakasleak Spinoza baitan izandako eragina ere ikerlari askok aipatzen dute.
Adimenez oso argia zen, eta aita hil ondoan, merkataritzan aritua, eta merkatari dirudun lagunak ere bazituen sostengatzen zutenak, eta bere buruan eta bere arrazoitzeko gaitasunean zuen konfiantzaz gain, lagun horiek ere eman bide zioten indarra komunitateko judu agintarien aurrean Moisesen Legea, gizonek asmaturiko legea zela defendatzeko, eta gorputza hil ondoan arima hilezkorrik ez zegoela, eta Jainkoa ezin zela antropomorfo bilakatu eta abar defendatzeko eta idazteko, nahiz eta bizi zela zuhurra izan zen, eta haren obra gehiena hil ondoan argitaratu zen.
Eta Descartesen eragina? 1628tik 1649ra arte Herbeheretan bizi izan zen Descartes; 1650ean hil zen. Ez zuten elkar ezagutu, 17 urte zituen Spinozak Descartes hiltzean. Egiaztatua omen dago 1654-1656an oso desira bizia zuela Spinozak filosofiako eta zientzietako ezagutzak zabaltzeko. Orduan, zalantzarako leku gutxi, Descartesek fisikaz, fisiologiaz, geometriaz, meteorologiaz, kosmologiaz eta, jakina, metafisikaz idatziak irakurriko zituen, zabal analizatuak zirelako unibertsitate eta hirietako zirkulu intelektualetan. Amsterdameko Burtsako Spinozaren lagun gehienak Descartesen pentsamenduaren jarraitzaile suharrak omen ziren, eta Van der Enden latin irakasleak ere ateo fama izateaz gain, kartesiar izatearen fama omen zuen. Spinozak ziur-ziur irakurriko omen zituen Descartesen “Metodoaren diskurtsoa” eta guztien gainetik “Filosofiaren printzipioak”.(162-163orr.). Beraz, eragina bai; baina ezin esan Descartesen epigono hutsa izan zenik, baizik eta pentsamendu propioaren garatzaile.