Oso berri ona Zaraitzu ibaiarentzat

Oso berri ona Zaraitzu ibaiarentzat –

Luisfer Aguado, ZAIN (Zaraitzu Ibaia Naturala) elkarteko ordezkaria, NAIZ-en.

Duela bi urte, 2019ko abuztuaren 10ean, Zaraitzu ibaiko urak lekuko izan ziren, baita gozatu ere, Nafarroan inoiz izan den ingurumen-zaintzari loturiko auzolanik handienaz, ZAINek (hau da, Zaraitzu ibaiaren ezagutza, zaintza eta babeserako sortu zen Zaraitzu Ibaia Naturala-Salazar Río Natural elkarteak) bultzatu zuena. Egun hartan, Zaraitzuko ibaiertzetako laurehun bizilagun baino gehiago (Zaraitzu bailara, Almiradio, Erromantzatu eta Irunberrikoek) denboraren poderioz ibai bazterretan pilaturiko zabor eta hondakin guztiak jasotzen eta ibai osoa garbitzen gogotik aritu ziren. Egun hartako arrakastak argi eta garbi erakutsi zuen Nafarroako Pirinioetako alderdi honetako jendeak bere ibaiarekin daukan konpromiso eta atxikimendua.

Oso berri ona Zaraitzu ibaiarentzat
Arg: Avidalurre (wikimedia)

Egun handi eta ahaztezin hartatik aurrera, pandemiak mugaturik egon arren, ZAINek Zaraitzu ibaiaren alde eginiko lanek ez dute etenik egin eta, horren harira, gaur, handik bi urtera, albiste handi eta zoriontsu bat jakinarazi nahi diogu Zaraitzu ibaiko jendeari: 1987tik gure ibaiaren gainean zegoen mehatxu larria (hots, gure ibaiko urak Esako urtegi handitura eramatea) nabari urrundu da. ZAIN elkarteak irmo eskatzen zuen bezala, Ebroko arroaren Plan Hidrologiko berritik desagertu baita, bederen 2022/2027 denboraldirako proposamenetik. ZAINek eskatzen zuen bezala, 2022/2027 aldirako aurreikusitako plan berritik erabat desagertu egin da asmo txar horren aipamen oro.

Are, joan den uztailaren 9an, Ebroko arroaren hurrengo Plan Hidrologikoa garatzeko Hirugarren Fasea aurkezteko jardunaldian, CHEk antolatutakoan, eta ZAINeko ordezkari batek eginiko galdera zuzenaren erantzunez, CHEk berak Miguel Angel Garcia Bera plangintzaburuaren ahotik onartu zuen Zaraitzu ibaiari buruzko proiektua desagertu zela, hau da, Aizpurgin presa bat eraiki eta Leire mendilerroaren azpiko Esarainoko bederatzi kilometroko tunela egitearena; baita horri loturiko edozein balizko azterketa tekniko ere. Horrekin batera, CHEko ordezkariak aitortu zuen etorkizunean ideia horri berriro helduko balitzaio ingurumen-inpaktuaren azterketa bat beharko lukeela, eta aurreikusten dutela ingurumen-inpaktuaren azterketa hori ezingo lukeela gainditu, ZAINetik beti defendatu izan dugun bezala.

CHEk harturiko erabaki pozgarri honetan ZAINen eta Zaraitzu ibaiko jendearen lanak zenbaterainoko eragina izan duen zehaztea zaila dugu, baina elkarte honetatik, baita Zaraitzu ibaiertzeko herri guztietatik eta Nafarroako jendarte osotik ere, lortutakoaz zoriondu baizik ezin dugu egin, Uraren Kultura Berrira eta gure ibaiekiko harreman naturalago eta zentzudunago batera hurbildu garelako erabaki horren ondotik. Zaraitzuko urak alai, seguru eta askeago jaisten dira egun, naturalagoak, haien gainean zegoen mehatxu latz hori urruntzen ikusiz.

Baina gure gaurko pozean ezin gara gelditu eta erne ibili behar dugu, Zaraitzu ibaiaren zaintza eta babeserako lanean segitu beharra baitugu. Zaraitzuko urak Esako urtegi handitura eramatearen aurkako xede argi, baina ez bakarrarekin, sortu zen ZAIN. Horrez gain, beste lan-ildo birekin sortu ginen.

Batetik, gure ibaiak bere horretan, era natural eta aske batean alegia, jarraitzea nahi dugu, bere kontserbazio-mailari eutsiz, eta klima-aldaketarekin gure ibaiarentzat garai zailak datozela aitortu behar da, aurreikuspen guztien arabera emari txikiagoa (ekarpen hidriko txikiagoa, eurite, elurte eta ur-jario murrizketengatik), baina uren erabileran presio hidrografiko handiagoa izango dira epe ertainera.

Bestetik, ZAINek Nafarroako Pirinioetako jendarteari proposatzen zion beste lan-ildo nagusia uraren kultura berri bat bultzatzea zen, baita Nafarroako beste ibaien aldeko borroka eta premietan elkartasuna adieraztea eta gure indar apalaz laguntzea ere. Eta egun, zorigaitzez, Esa handitzeko lanek beren bideari jarraitzen diote (oroit dezagun Zaraitzuko urak mehatxatzen zituen proiektua hortik zetorrela), eta argi eta garbi aldarrikatu behar dugu proiektu hori faraonikoa dela, baliabide ekonomikoak xahutzen dituela, kudeaketa hidrologikoaren eredu zaharkitu bati dagokiola eta zonaldeko biztanleentzat mehatxu onartezina dela.

Horregatik guztiagatik, ZAINek Zaraitzu ibaiaren aldeko lana eta klima-aldaketak ekarriko dizkigun erronka berrien araberako uraren kultura berriaren aldeko konpromiso irmoa agertu eta berresten du, ezinbestekoa delakoan gaude-eta. Baina Zaraitzu ibaiak eskatzen duen babes eta sostengua guztion ardura da, Zaraitzuko ibaiertzetako jende ororena; beraz, berriz gonbidatzen zaituztegu lan kolektibo honetara, guztion lana da eta zinez merezi du… baina gaur ospatzeko garaia da, lortutakoa ez da gutxi, segi dezagun aitzina, ibaian elkartuko gara!

Oso berri ona Zaraitzu ibaiarentzat Oso berri ona Zaraitzu ibaiarentzat Oso berri ona Zaraitzu ibaiarentzat

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.