“Izenik ez du merezi, ezertxo ere ez denak”
“Izenik ez du merezi, ezertxo ere ez denak”
2016. urtea, giza-eskubideen paradisuan bizi gara, horrela aldarrikatzen dugu, behintzat. Ez dago giza-eskubideak baino ezer garrantzitsuagorik, ezertxo ere ez. Eta denontzat oinarri etiko objektiboa direla diogu.
Baina denok igarrita gaude, jadanik, giza-eskubideen diskurtso hori, soilik euskal gatazka deritzogunaren neurgailu gisa erabiltzen dela. Tamalez diskurtsoak ez du ume etiopiar baten gosearen froga gainditzen. Norbaitek giza-eskubideen aldarrikapenaren artikuluak irakurtzen baditu, ez du hain ozen esango oinarri minimoak direla, unibertsalak baitira. Hessel-ek zioen edota Alba Ricok dioen bezala, iraultza ekarriko luke beren aplikazioak mundura. Tristea.
Beraz, giza-eskubideen diskurtso indartsua nahi denerako erabiltzen da. Eta, batez ere, gurean, euskal gatazkan batzuen etika besteena baino hobea dela esateko. Oso tristea.
Tristura horretan, gutxienez, gure herrian gertatutako guztiari berdin aplikatuko balitzaioke, gaitzerdi izango litzateke. Baina ezta hori ere.
1984ko martxoan, lau pertsonen hilotzak 113 balarekin zulatuta jaso zituzten Pasaiako badian. 32 urte beranduago, ikerketa judiziala artxibatu egin dute. Ezer ikertu gabe. Inor erantzule gisa identifikatu gabe. Zer gertatu zen argitu gabe. Epaileak hilketa egon dela aipatzen du bere argudio juridikoetan, baina dio ezinezkoa dela egilea/k nortzuk izan diren zehaztea.
Pasaiako gertaeren aurrean epaitegiek ez dute gai horretan ez egia, ez justizia egiten lagundu. Ardurak ezkutatzen laguntzea da artxiboa; eta hildakoen senideei, merezi ez duten errespetu falta handia. Eskandalu ikaragarria da. Behar adinako atentzioa jarriko bagenu, ez litzateke horrelakorik gertatuko.
Berdin du nortzuk ziren, berdin du zertara zetozen, berdin du zer egin zuten aurretik, edonork du epaitua izateko eskubidea. Giza-eskubideak denok ditugu. Eta egia jakiteko eskubidea, gutxienekoa da.
Hipokresia, harrokeria eta zinismoa nagusitzen dira. Giza-eskubideen babesle gisa aldarrikatzen direnek, ez dute sinesgarritasunik. Norbaitek esplika diezaietela lau hildakoen senide eta lagunei zeintzuk diren beren giza-eskubideak. Penagarria.
Saiatuko gara horrela ez uzten. Oroimena eta egia nagusitu behar dira. Epaitegiek gertatua ikertzerik ez badute nahi, beste mekanismo batzuk jarriko ditugu martxan, egia azaleratzeko.
Izenak zituzten: Jose Mari Izura, Pedro Mari Isart, Rafael Delas eta Dionisio Aizpuru. Eta senideak eta lagunak. Ez da ezer gertatu ez balitz bezala geratuko.
Baina topatu dute zulo bat sobera. Bizkar erdi erdian, ilun, beltz eta hotz pistola baten bala sartu zaio zorrotz.