Trengintza Hiztegia aurkeztu dute

Trengintza Hiztegia aurkeztu dute

Trengintza Hiztegia aurkeztu dute trenaren sektoreko bost erakundek eta Elhuyarrek

 Bizkaiko Garraio Partzuergoa, CAF, Metro Bilbao, Euskotren eta Euskal Trenbide Sarea erakundeek egin dute hiztegia, Elhuyarreko terminologia-adituen aholkularitzapean

 Hiztegi honek sektoreko terminologiaren inguruko 4.830 kontzeptu biltzen ditu, eta lau hizkuntzatan kontsultatu daiteke Interneten

.

Bizkaiko Garraio Partzuergoak, CAFek, Euskotrenek, Euskal Trenbide Sareak eta Metro Bilbaok, Elhuyarreko Hizkuntza eta Teknologia unitateko terminologia-adituen aholkularitzapean, Trengintza Hiztegi espezializatua osatu dute, lau hizkuntzatan: euskara, gaztelania, ingelesa eta frantsesa. Hiztegiak trenaren sektoreko 4.830 kontzeptu biltzen ditu, 15 alorretan sailkatuta, eta Interneten kontsultatu daiteke, http://trenhiztegia.eus/ helbidean.

Gaur goizean aurkeztu dute hiztegia, Bilbon, Bizkaia Plaza eraikinean. Proiektuan parte hartu duten erakunde guztietako ordezkariak elkartu dira ekitaldian. Erakunde publikoen izenean, Antonio Aiz Salazar Eusko Jaurlaritzako Garraioko sailburuordea izan da prentsaurrekoan; CAFen izenean, Gorka Acebal Trueba, Giza Baliabideetako burua; eta Elhuyarretik, Leire Cancio Orueta, zuzendari nagusia, eta Garbiñe Alkiza Lopez de Samaniego, hiztegiaren zuzendari teknikoa.

Trengintza Hiztegia aurkeztu dute

Ezkerretik eskuinera: Gorka Acebal, Antonio Aiz, Leire Cancio eta Garbiñe Alkiza

Trengintzaren sektorean, etengabe sortzen dira termino berriak, hizkuntza batean baino gehiagotan. Gainera, erakunde bakoitzak bere aldetik egiten du lan hori. Termino horiek guztiak jaso eta bateratzeko beharra ikusita, alor horretako zenbait erakundek — Bizkaiko Garraio Partzuergoa, CAF, Euskotren, Euskal Trenbide Sarea eta Metro Bilbao— bat egin dute, eta, Elhuyarreko Hizkuntza eta Teknologia unitateko terminologia-adituen aholkularitzapean, Trengintza Hiztegia sortu dute.

Beren lanean erabiltzen dituzten terminoak lau hizkuntzatan jaso, eta gizartearen esku jarri dituzte. Trengintzako sektorerako erabilgarri izateaz gain, hiztegi hau gizarte osoaren esku jarriko denez, beste sektore batzuetan ere baliatu ahal izango dute (itzulpengintza, kazetaritza, hezkuntza…). Hiztegi hau euskararen normalizazioan ere lagungarri izatea da helburu, eta, horretarako, trenaren sektoreko terminologia finkatua duten beste hizkuntza batzuen pare jarri dute euskara.

Antonio Aiz Eusko Jaurlaritzako Garraioko sailburuordeak nabarmendu duenez, elkarlan baten emaitza da hiztegi hau, sektoreko erakunde publikoen eta enpresa pribatuen arteko elkarlanaren emaitza: “Elhuyar Fundazioaren zuzendaritza eta koordinazio teknikoaren pean, elkarlanean jardun dute, gizarteari baliabide berri bat eskaintzeko eta sakabanatuta zegoen terminologiaren zati handi bat bateratzeko”.

Aiz jaunaren ondoren, Leire Cancio Orueta Elhuyar Fundazioko zuzendari nagusiak hartu du hitza. Elhuyarrek hiztegigintzan eta hizkuntza-teknologietan duen eskarmentua aipatu du, eta nabarmendu du garrantzitsuak direla horrelako proiektuak “tokiko ingurunetik ingurune eleaniztunari ekarpenak egiteko”, eta euskararen garapenari laguntzeko konpromiso soziala erakusten dutela.

Azkenik, Garbiñe Alkiza López de Samaniego hiztegiaren zuzendari teknikoak hiztegiaren xehetasunak jakinarazi ditu. Hiztegiak trenaren sektoreko 4.830 kontzeptu jasotzen ditu, 15 alorretan banatuta, lau hizkuntzatan: euskara, gaztelania, ingelesa eta frantsesa. Eta interfazea bera ere lau hizkuntza horietan kontsultatu daiteke. Alkizak jakinarazi duenez, “erabilera-hiztegi bat da Trengintza Hiztegia”, eta CAFentzat aurrez egindako hiztegi elebidun bat eta proiektuan parte hartu duten erakundeen dokumentazioan erabilitako terminoak hartu dituzte oinarritzat bilketa-lanerako. “Lehen urrats horretan, ezinbestekoak izan dira Elhuyarren hizkuntza-teknologiak, lana ahalik eta gehiena automatizatzeko”, esan du. Azkenik, nabarmendu du prozesu osoan zehar erakunde guztietako adituek esku-hartze zuzena izan dutela.

Gogorarazi dute proiektu hau ez dela hemen bukatzen, eta garrantzitsua dela aurrerantzean ere elkarlanean jarraitzea, normalizazioa eta terminologiaren bateratzea helburutzat harturik.

 

Trengintza Hiztegia aurkeztu dute

Informazio gehiago behar izanez gero,
jar zaitez harremanetan gurekin:
Saroi Jauregi Aiestaran
Elhuyar Hizkuntza eta Teknologia
tel.: 943 36 30 40
s.jauregi@elhuyar.com

.

Trengintza Hiztegia aurkeztu dute Trengintza Hiztegia aurkeztu dute

Elhuyar 1972an jaio zen zientzia eta euskara uztartzeko asmoz. Elhuyarrek Kultur Elkarte bezala egin zituen lehen urratsak eta 2002an Fundazio bihurtu zen. Ordutik, Elhuyar Fundazioak etengabe dihardu lanean zientzia eta teknologia gizarteratzeko eta euskararen garapena bultzatzeko. Elhuyar Fundazioa irabazi asmorik gabeko erakundea da eta hainbat diru-iturriri esker dirau lanean: bazkideen ekarpenak, diru-laguntza publikoak eta Elhuyarrek ekoizten dituen produktuetatik lortutako mozkina. Elhuyarren xedea hauxe da: Euskara zientzian, teknologian eta gizartean sendotzen eta harentzako arlo berriak eraikitzen egiten dugu lan, euskal komunitate aktiboa eta kritikoa helburu.