Izana duen guztiak ez du izenik. Eskerrak!
Izana duen guztiak ez du izenik. Eskerrak! –
Izena duen guztiak du izana. Horren berri eman ziguten, ondo eman ere, euskal mitologiako ikerketa luzeek. Beroiek, deusik sartu badigute hezur-muineraino, zer eta ustekizun hori dugu hain justu. Mitologiaren zerizanaz, bere orokorrean (ez hemengo edo hango mitologia-eduki zehatzen esentziaz), zer edo zer irakurriz gero, honako zera hau eduki beharko genuke argi aurren-aurrena; haren egia, mitologiaren egia-mota, bitxia dugu, berezia oso. Bere egia ez datza inondik dioen hauxe edo horixe bere literalean egia izatean, oso bestela baizik, dioen hori, deskribatzen duen gertakari-istoriotxo hori, berez, bere zehatzean, agian eta ziurrenik sekulan gertatu ez bada ere, zentzu-gertakari moduan, aldez edo modez, sarri askotan gertatu izan ohi da, egunero ez bada. Eta, esate baterako, Kainek inoiz Abel hil ez bazuen ere bere zehatzean, egunero-egunero Kain askok Abel asko nola erailtzen dituzten egunero ikusten dugu, eta horren lekuko gara. Hein horretan, mitoa, zentzu-emaile den aldetik, berorren baitan dagerzkigun izen guztiek, ez dakit izanik izango duten derrigor, bai baina zentzu-esanahi izana.
Orain, gurera etorriaz, gure gizarte ustez guztiz sekularizatu, arrazional eta zientifistara etorriaz, gure bizipen zein esperientziei dagokienean, irensten ditugun kontakizun politikoek, sozialek, akademikoek eta abarrek ez dute geure baitan, mito kanonikoen aldean, oso-oso bestera funtzionatzen. Laborategietako egitate berez objektiboek, gurera ailegatzerako, behin gizarteratuta, jada dute mitotik asko. Gurean ere izena duen orok du bere izana, dudarik ez, zeinek jarriko duda-mudatan!. Har ditzagun burutan zeinahi gertakari, gaitz… kolektibo zein norbanakoarena, har ditzagun, eta aurren-aurrena zera eta hau aitortu behar dugu; izena jarri eta, segi-segidan, dena delako hori, edo dagoneko “zena zelako hori”, eraldatua izan da, nolabaiteko transformazioa jasan du, onerako zein txarrerako. Zerbaiti izena jarri, eta ez dakit ondu, konpondu, etxekotu edota kontrolpera eramango den… bai, aldiz, maizenean, zinezko problema, gizarte gaitz, kezkagai edota ezbizigai bilakaraziko… Izena jarri eta akabo errealitate horrekikoan lehendik genuen jarrera bakeosoa. Nola ez dute izango izenek bere izana!, baina, oroz gain, gertakari eta egitateekikoan, deusik baldin badute, zer eta zentzu-izana dute. Horri dagokionean, ez dira onak, ez, bizi dugun garaiak; hein horretan, azkeneko krisietan ondo asko ikusi dugu, inoiz baino lekukoago izan gara, zer-nola hotz-berotu dituzten geure aldarteak termino sarritan aldrebestu bezain hutsal, gatzgabe eta burrunbariak baliatu eta zabalduaz.
Dena den, eta mitologoei kontra eginez, izena duen guztia, nola edo hala, bada ere, den guztiak ez du izenik derrigor eta ez da gaurdaino izendatu ezinbestez. Eta eskerrak!, ezen, bestela Elhuyar hiztegia, edo Euskaltzaindiarena, euskal errealitatearen gure vademecum, gure vademecum ontologikoa, geneuzkake. Eta ez da horrela, eta gaitz erdi!
Bestetik, errealitateak, zein bere “zatikitzat” jo genitzakeen ezin konta ahal gauza eta gertakari errealek, alboetatik eta alderik alde, gainazaletik eta sakonetik, goitik eta behetik… gailentzen zaizkio, gainezka egiten diote, beroien harira “hitzeratutako”, eta “esaldiratutakoari”.
Arma zeharo ahaltsu eta boteretsua dugu hizketa. Berak hautatzen du une oro eta garaian gararai zer esango den eta zer ez, eta esan ahal izango den horixe noiz eta nola esango den, eta are larriagoa ere badena, zer zentzu, zer esanahi, izango duen eta, horren harira, nola (on)hartu behar duen gure aldarteak, onera ala txarrera.
Baina ez dezagun ahaztu, esandakoari dagokionean, esateko moduko den horri guztiorri dagokionean, zentzuan dago gakoa, eta jasotzen dugun horren zentzua ez dute kanpoko horiek erabakitzen huts-hutsik, geuk ere zer erabakirik asko dugu gugan erro egingo duen zentzu horri dagokionean.
Labur-labur, eta agian zabar-zabar, baina gaitzak eta bizitzarako munta handiko kontuak izendatze “ofizial” horri dagokionean, pertsonak bi izaeratakoak izan daitezke. Ustezko gaitz batek jota medikutara joaten den jende artean, bi pertsona mota daude; badira batzuk larriagotzen direnak behin ustez daukaten horri medikuak izena jartzen dionean; bestetzuei, aldiz, justu kontrakoa gertatu ohi zaie, alegia, beraienari behin izena jarrita, nolabaiteko lasaitua hartzen dute.
Dena den, eta bukatze aldera, zera esan:
Norbera, bereak izenik ez duen bitartean, normaltzakoa da eta hortaz, dagoela lasai momentuz!
Izana duen guztiak ez du izenik. Eskerrak!
Izena duen orok izana du. Eta hala da.
Igor, milesker, testu honentzat. Ez dizut erranan dena ulertu dudala Lan hau, klase edo genero berri batean jasoko nuke eta horretarako merezi luke izen berri eta berezi bat: “euskarazko hausnarketa ariketa”, adibidez. Tamalez iparraldean galdu dugu euskarazko hausnarketaren praktika serioa, alegia sakona zaila eta pixkabat abstraktuaere behar denean. Izan ote dugu sekula? Beharbada noitenka Elizan, Baina ezinbestekoa da orai euskaraz bizitzen entseiatu nahi badugu bestenaz beti erdarara lerratuko gara lehen zailtasunaren aurrean.
Azkenean, arrazoi bertsuarentzat ene gaitasun eskasarekin entseiatzen naiz euskaratzen maila altuko testu filosofiko batzu.
Orain, Mitoetara itzuliz Kaen eta Abelen mitoa zentzu moral edo filosofiko nabarmena du. Baina mitologia greziarrean asmatu dituzte kontu batzu zinez harrigarriak eta haien esan nahi morala edo filosofikoa ulertuko duena sortu ote da?