Izagirre alkatea eta Martuteneko uholdeak: Zuria ala urdina da soinekoa?

diario vasco (bronka)“Begiratzen dugun kristalaren kolorearen araberakoa da dena”; ezagutuko duzue esaldia. Iragan berri den asteburuan izan dugu adibidea bolo-boloka: batzuek urrezko brodatuak dituen soineko zuria ikusi dute, detaile beltzeko soineko urdina besteek; jantzi bera guztiek begi-kolpean.

“Koloreak ez dira existitzen, ikusle bakoitzaren araberako pertzepzio subjektiboak baino ez dira -diote adituek-. Gure betsare eta burmuinak zerikusi handia dute guk gauzak kolore batez edo bestez ikusterakoan”. Halaber, inguruan dituen koloreek ere zerikusi handia ei dute kolore bat edo beste ikusteko orduan, “Fundamentos Biológicos de la Conducta” liburuan diotenez; “neuro-ikerlariek ere ez dakite nola eraikitzen dugun hautematen dugun mundua”.

Eta gizarte gaietan ere, gauza bera gertatzen da; hara!

 

Liskarra?

Gipuzkoako borroka politikoan, zaborren gudu-zelaiari su etena eman eta uholdeak izan dituzte kezka. Urumeak Martutene partean gainezka egin duela eta, kalteak ezagutu eta herritarren iritziak ezagutzeko asmoz auzora bertaratu da Juan Karlos Izagirre, Donostiako alkatea. Eta Diario Vasco egunkariak, edizio digitalean, bideo batean jaso du bisita:

Diario Vascoren bideoan Añarbeko mailari buruz hitz egiten-eztabaidatzen-sesioan entzuten dira alkatea eta bi auzokide (bigarrena duzue bideoan). “Liskarra Martuteneko auzokide eta alkatearen artean” du lerroburu dokumentuak, eta Izagirrek Martutenera egindako bisitaldian, “tentsio uneak” bizi izan zituela zioen berriak.

Egunkari gipuzkoarrak segituan izan du erreplika, eta beste bideo baten bidez, Jesus Maria Jauregiren hitzak jaso ditu GipuzkoaDigital.com atariak (Diario Fatxok zabaldu duena). Eta, gauzak zer diren, Jauregi hori, Izagirre “aspaldiko alkate onena” legez hartzen duena, Diario Vascoren esanetan alkatearekin liskarrean zebiltzatenetako bat da.

Garuneko ezker edo eskuin hemisferioa erabili, gorria edo urdina ikusi hemen ere. Eta zuk, irakurle, zein kolore hartzen diozu aferari?

2 pentsamendu “Izagirre alkatea eta Martuteneko uholdeak: Zuria ala urdina da soinekoa?”-ri buruz

  • Kaixo!

    Zuzenketatxo bat, nahiz eta zabalpen nagusiena Diario Fatxok eman dion, bideoa ez da Diario Fatxorena, GipuzkoaDigital.com-ena baizik (eta jarri duzuen Youtubeko bideoa ez da jatorrizkoa, erabiltzaileak igo zuenaren lotura hau da: https://www.youtube.com/watch?v=Gq0ICMxggkU)

  • margaritxon 2015-03-02 21:56

    Kaixo AioraMu; eskerrik asko zuzenketengatik.
    Jatorria konpondu eta Diario Fatxoren lekuan (bertatik jaso nuen) jarri dut GipuzkoaDigital.com.
    Bideoari dagokionez, jatorrizkoaren bera da, baina erabiltzaileak igotakoari azpidatziak paratu dizkiot, eta horregatik du lotura ezberdina.