Itzaltzen ari diren hiriko argiak eta Zaharra berritzen ari den kapitala

Itzaltzen ari diren hiriko argiak eta Zaharra berritzen ari den kapitala –

Donostiako merkataritza eredua azkar aldatzen ari dela-eta, Irutxuloko Hitzak hiriko saltoki txiki eta ostatuei buruzko bi erreportaje argitaratu ditu egunotan. “Itzaltzen ari diren hiriko argiak” da bata, Iñaki Agirrek sinatua, eta “Zaharra berritzen ari den kapitala” da bestea, Inaxio Esnaolak sinatua.

Hona biak, bata bestearen jarraian jarriak:

.

Itzaltzen ari diren hiriko argiak

Betiko merkataritzaren galerak kaleak biluzten ditu, auzoetako komunitateak deseginez eta lehen berezia zena homogeneizatuz. Hamar urteko epean, Donostiako denden %21,7 galdu da, eta egoerak okerrera egiten du urtetik urtera.

Iñaki Agirrek

Tantaz tanta, hiriko saltoki txikiak desagertzen ari dira. Prozesu isila da, oharkabean pasa daitekeena, baina bere ondorioak nabarmenak dira. Merkataritza txikiaren galera munduko hiri askok jasaten duten drama sozial bat da, eta Donostian indar handia hartu du azken urteotan.

Hiriko ekonomiaren barometroaren arabera, hamar urteko epean Donostiako merkataritza txikizkariaren %21,7 desagertu da; bost dendatik bat, alegia. Eta gaur egungo joera ez da itxaropentsuagoa. Izan ere, 2018an 2.653 saltoki txiki zenbatu ziren hirian, 2017an baino 106 gutxiago, eta azken urtean zehar zerrenda triste horretara batu direnak ere ugariak izan dira.

Betiko denden beherakada horrek kontraste argi bat dauka ostalaritzak hirian izan duen gorakadarekin alderatuta –azken bi urteetan, ostatu-sarea %25,6 hazi da–, eta bere zergatiak ere nahiko agerikoak dira. Ixten den saltoki bakoitzak bere errealitate propioa duen arren, nahikoa da horien jabeekin bost minutuz hitz egitea kasu gehienetan errepikatzen diren faktore batzuk daudela sumatzeko: errelebo falta, lokalen prezio ordainezinak, saltoki handien lehia, kontsumo eredu berrien eragina…

Etorkizuna beltz ageri da betiko merkataritzarentzat; errealitatea hori da. Baina badira horren aurrean etsitzeari uko egiten dioten dendariak. Haietako batzuk neurriak hartzeari ekin diote, eta Ba Gera elkartea sortu berri dute. Elkartea azaroan aurkeztu zuten, auzo guztietako merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu enpresei ahotsa emateko helburuarekin, eta dagoeneko hiriko 50 bat establezimendu biltzen ditu. Benito Pastor bere bozeramaileetako bat da: “Udalak merkataritza txikiarekiko duen jarrerarekin ados ez gauden saltokien artean sortu dugu elkartea. Ez ginen inorengatik ordezkatuak sentitzen”.

.

Zailtasunak, gero eta larriagoak
Ziurrenik, dendari izatea ez da inoiz gauza erraza izan. Orain, ordea, inoiz baina zailagoa omen da, haiek esaten dutenez. Izan ere, Donostia gero eta leku arrotzagoa da saltoki bat ireki edo daukatena mantendu nahi duten herritarrentzako, hainbat arrazoirengatik.

Horietako bat, saltzaileen poltsikoan eragin zuzenena duena, akaso, hiriko lokalen prezioa da. Metro karratuaren garestitzeak ez die soilik etxebizitzei eragiten, eta dendarien ekonomiak ere gogor pairatu du lokalen alokairuaren igoera. “Espekulazioaren ondorioak jasaten ari gara”, azaldu du Pastorrek, “eta egoera eutsiezina bilakatzen ari da. Nola eskatu diezazkiokete 4.000, 5.000 edo 6.000 euroko alokairuak saltoki txiki bati?”.

Arazoa larria da, prezioek gora egin ahala, euren lokalak saltzea erabakitzen duten jabeak gero eta gehiago direlako. Eta, oraindik burbuilak eztanda egingo duen edo ez ikustear dagoen arren, dagoeneko, espekulazioaren olatuak saltoki txiki asko eraman ditu aurretik.

Gastuen areagotzea bezain larria da, baina, diru sarreren eskasia, eta, dendarientzat, saltoki handien eta merkataritza-guneen eragina ere itogarria izaten ari da zentzu horretan. Pastorrek azaldu du denda txikiek gero eta zailtasun gehiago dituztela haiek baino handiagoak direnekin lehiatzeko, eta erakundeen jarrerak balantza are gehiago desorekatzen duela adierazi du: “Udalak saltoki txikiak babestu nahi dituela errepikatzen du, baina gabonetako argietan eginiko inbertsio guztia Erdialdera doa, saltoki handiak dauden lekura, auzoak guztiz albo batera utzita”.

Zentzu berean, betiko merkataritza babesteko estrategiak eta merkataritza-guneen sustapena bateraezinak direla uste du Ba Gerako kideak: “Dbusek, udal zerbitzu batek, gabonetako kanpainan areagotu egiten du Garberara joateko eskaintzen duen zerbitzua. Zerbitzu publiko bat, zentro komertzial pribatu baten etekinerako. Ni gaztea nintzenean behintzat, diskotekek euren autobus propioa jartzen zuten bezeroak garraiatzeko”.

Epe luzera begira, ordea, gazteen kontsumo eredua da saltoki txikiak gehien kezkatzen dituen arrisku faktorea. Izan ere, dendariekin gertatzen ari den modura, bezeroen artean ere errelebo falta nabarmen bat sumatu dute. Internet bidez erosteko ohitura gero eta errotuagoa dago gizartean, eta horren aurka lehiatzeak erronka zaila dirudi; baina zerbait egin beharra dago.

Itzaltzen ari diren hiriko argiak eta Zaharra berritzen ari den kapitala
Mirakruz kaleko Casa Izagirrek, Groseko saltoki zaharrenetariko bat zenak, azken urtean saldu ditu bere azken ordezko piezak. (Argazkia: Iñaki Agirre)

.

Proposamenak ez dira falta
Saltoki txikien galera soilik dendarien arazoa ez dela ulertuta, erakunde publikoek modu baten ala bestean lagundu behar dietela uste dute Ba Gerakoek. Pastorrek dioenez, ordea, egun ez dago hiriko dendarien arazoei erantzuteko gai den udal politikarik: “Tarteka kanpainatxoren bat egiten dute, baina horrek ez du inolako eraginik gure errealitatean”.

Neurri eraginkorrak hartzeko lehen pauso gisa, udalak saltoki txikietako dendariak gehiago entzun beharko lituzkeela uste du Ba Gerako Kideak: “Badirudi batzuetan ez direla jabetzen gure hiriko errealitateaz. Eser daitezela gurekin, eta aztertu dezagun elkarrekin auzoak nola dinamizatu ditzakegun eta zein gizarte eredu nahi dugun”.

Pastorren ustez, egoera aldatzeko, oinarrizkoa da herritarrei saltokietarako irisgarritasuna erraztea: “Euskal Herriko beste hiri batzuetan, gabonetan zehar, TAOa kendu egiten dute. Eta, probintziako jendearentzat, adibidez, kanpoaldean disuasio-aparkalekuak jarri ditzakete, hirira sartzeko doako garraio zerbitzuak eskainiz”.

Horrez gain, dendarien estutasun ekonomikoak arintze aldera, erakundeek saltoki txikiei jartzen dizkieten zergak murriztea proposatu du Ba Gerako kideak: “Proportzioan, gu baino handiagoak direnek baino askoz diru gehiago ordaintzen dugu zergatan, eta horrek ez luke horrela izan behar”.

Besteak beste, saltoki txikiek ordaintzen duten zabor tasa murriztu egin beharko litzatekeela nabarmendu du Pastorrek: “Dendariok bizilagunek ordaintzen dutenaren bikoitza jarri behar dugu, herritarren %90ak saltoki batek baino zabor gehiago sortzen duenean. Gure ustez, horrek ere ez dauka zentzurik”.

.

Gizarte eredua jokoan
Saltoki txikiak saltoki txikiak baino gehiago direla ulertarazi nahi du Ba Gerako kideak: “Gizarte eredu batez ari gara hitz egiten”. Bere ustez, dendarik gabeko etorkizun batean, hiriko kaleek euren “gizatasuna” galduko lukete, herritarren arteko harremanak deseginez.

Dendariek hainbatetan salatu izan dute betiko merkataritzaren galeraren ondorioz adineko jende asko gero eta galduago sentitzen dela hirian, euren erreferentziak galdu dituztelako. Horrekin batera, ugariak dira azken urteotan Donostian galdu diren edo galtzear diren aspaldiko ofizioak, eta kezkagarria da ere lehen herritarren jabetza ziren lokalak enpresa handien esku geratzen ari direla, gero eta neurri handiagoan.

Saltoki txikiak desagertzen ari dira. Hain zuzen, gauez kaletik ibiltzea besterik ez dago, lehen dendak zeuden lekuetan orain argia falta dela nabaritzeko. Donostia itzaltzen ari da, bai, baina dendarien grinak erakusten du etorkizunak ez duela zertan iluna izan behar.

.

.

Eta, zer diote hiriko dendariek?

“Arazo bat baduzu, etxe azpiko dendan laguntzeko prest dagoen norbait topatuko duzu”

Oscar Gonzalez
RUCAL ELEKTRIZITATEA · 1969tik zabalik · Parte Zaharra

“Egia esateko, gauzak oso gaizki daude. Alde batetik, merkataritza-guneek, saltoki handiek eta Internetek sekulako mina egiten digute, eta, bestetik, zerga eta kontrolekin izugarri estutzen gaituzte. Gauzak horrela, bizirautea besterik ez zaigu geratzen. Parte Zaharrean behintzat, erresistentzia gara. Nire ustez, jendeak ulertu behar du saltoki txikiek balio erantsi bat dutela bezeroarekiko tratuan. Ezer ez erosi arren, guk behar dituzten azalpenak ematen dizkiegu, beti. Arazo bat baduzu, etxe azpiko dendan laguntzeko prest dagoen norbait topatuko duzu”.

.

“Saltoki txikiaren egoera zerotik hamarrera kalifikatu beharko banu, bi bat jarriko nioke”

Ana Arias-Camison
LOOK ARROPA-DENDA · 1976tik zabalik · Erdialdea

“Gure denda urteko sasoi guztietan etorri izan diren bezero iraunkorrekin mantendu da betidanik, baina hori aldatzen ari da. Guk maila erdi-altuko produktuak eskaintzen ditugu, baina, gaur egun, gazteek sei hilabeteko iraupena duten arropak erosten dituzte. Nahiago dute asko aldatu eta asko kontsumitu, hamar urte iraungo dizkieten kalitatezko produktuak erostea baino. Hor arazo handia dugu, testuinguru horretan ezin dugulako lehiatu. Saltoki txikiaren egoera zerotik hamarrera kalifikatu beharko banu, bi bat jarriko nioke”.

.

“Dena ez da saltzea. Bezeroekin harremana dugu, eta haien etxekoa banintz bezala sentitzen naiz”

Mikel Arrillaga
MIKEL HARATEGIA · 1993tik zabalik · Antigua

“Antigua herri txiki baten modukoa da, eta, zorionez, hemen betiko dendak jende asko mugitzen du oraindik. Saltoki txikiek gertutasuna eskaintzen dute; dena ez da saltzea. Hona datorren bezeroak gurekin hitz egiten du. Harreman bat dugu, eta hori oso baliotsua da. Ni haien etxekoa banintz bezala sentitzen naiz. Hala ere, ez da erraza supermerkatuekin lehiatzea. Udalak askotan esaten du saltoki txikiei lagundu egin behar zaiela, baina gero merkataritza-gune gehiago eraikitzeko baimena ematen du. Gauza bat esaten dute, gero bestea egiteko”.

.

“Betiko saltokien eta auzoen bizitzak loturik daude, bata hiltzen bada, bestea ere hil egingo delako”

Pili Citores
CITORES ZAPATA-DENDA · 1969tik zabalik · Egia

“Lehen, zapatak saltzen genituen, baina salmenten beherakadak behartuta, hori utzi eta zapatak konpontzeari ekin genion duela urte batzuk, dendarekin jarraitu ahal izateko. Orain, ordea, egoerak okerrera egin du berriro. Auzoetako merkataritza hilzorian dago, eta hemen jarraitzen dugunok halabeharrez bizirauten dugu, laguntzarik gabe. Erakundeek trabak besterik ez dizkigute jartzen, eta laguntzekotan, merkataritza-guneak laguntzen dituzte. Betiko saltokien eta auzoen bizitzak, ordea, loturik daude, bata hiltzen bada, bestea ere hil egingo delako”.

.

“Metroaren geltokia Kontxan jarriz, auzoetako dendak hiltzera kondenatzen dituzte”

Lola Alonso
LA DALIA MERTZERIA · 1929tik zabalik · Gros

“Mirakruz kalean aspaldiko komertzio batzuk irauten dugu, baina beste asko itxi egin dira, eta kaleak itxura nahiko tristea du. Hemen lehen egundoko bizitza zegoen, baina, itxiera bakoitzarekin, hori galtzen joan da. Jendearentzat, hona iristea ez da erraza, parean dugun errepidea oso azkarra delako, eta gelditzea ezinezkoa da. Iruditzen zait herritarrak hondartza aldera bideratzen dituztela. Metroaren geltokia Kontxan bertan jartzen dute, eta auzoetan gauden saltokioi hiltzera kondenatzen gaituzte”.

.

“Ni jubilatzerakoan, denda desagertu egingo da, nire semeek ez dutelako harekin jarraituko”

Benito Pastor
ABAR INFORMATIKA · 1992tik zabalik · Amara Berri

“Hiriko denda asko errelebo faltagatik ixten ari dira. Niri kasuan, hala izango da. 30 urte daramatzat dendarekin, baina jubilatzerakoan, denda nirekin desagertuko da, nire semeek ez dute dendarekin jarraituko. Eta arazo horri gehitu behar zaio saltoki berriak irekitzeko zailtasuna. Izan ere, hasten diren gehienek ez dute bi urteko iraupena ere izaten. Honekin guztiarekin zer galduko den? Ba, kaleen gizatasuna. Auzoetako saltokiak herritarren arteko komunikazioa dira, elkarguneak dira, eta horiek defendatuz, gizarte eredu bat defendatzen ari gara”.

.

.

Zaharra berritzen ari den kapitala

Ostalaritza eredua aldatu da Parte Zaharrean. Ez da fenomeno berria, baina nabarmenagoa da eraldaketa. Betiko taberna asko ostalaritza talde handien eskuetara pasa dira, eta familia negozioak izateari utzi diote. Ondorioz, izaera propioa galdu dute, eta auzoa «pintxoen parke tematiko» bihurtzen ari dela salatu du auzo elkarteak.

Inaxio Esnaolak
Itzaltzen ari diren hiriko argiak eta Zaharra berritzen ari den kapitala

Zer jan, hura izan. Pintxoa da Donostiako gastronomiaren ikurra, eta Parte Zaharra da pintxo taberna gehien dituen auzoa. Gutxi gorabehera 6.000 biztanle ditu eta 200 establezimendu daude. Beraz, taberna bakoitzeko 25-30 pertsona daude. Dena dela, auzoan bizi direnetatik gero eta gutxiago dira pintxo tabernetan kontsumitzen dutenak. Gauza bera gertatzen da donostiar, gipuzkoar zein inguruetako bisitariekin.

Turismoaren gorakadarekin Parte Zaharreko pintxo taberna asko egokitu eta berritu dira. Izena mantendu arren, eraldatu orduko ahaztu dute izana. Ostalaritza talde handi zein ertainak betiko tabernak eskuratzen ari dira, pixkanaka. Auzoko taberna esanguratsuenen jabeak lau talde dira, eta horietako biren izena publikoa da: Gastroleku eta Garrancho. Biek ez dute erreportaje honetan parte hartu nahi izan.

Familia negozioak, berriz, gero eta gutxiago dira. Jabeen erretiroek, errelebo faltak eta alokairuen gehiegizko igoerak betiko tabernen etorkizuna kolokan jarri dute. Horri gehitu behar zaio inbertsore talde handiek erretiroaren atarian dauden jabeei egiten dizkieten diru-eskaintza erakargarriak.

«Kezkatuta gaude azken urtetan auzoan gertatzen ari denarekin. Taberna ereduan izaten ari den aldaketa ez da berria. Pentsa, auzo elkartea sortu aurretik esaten genuen pintxoen parke tematikoa bihurtzen ari zela», dio Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteko kide Iñaki Biainek. Dena dela, azken urteetan eman den aldaketa nabarmenagoa dela gaineratu du. «Jabetza lau edo bost talderen artean metatzen ari da».

Julen Rodriguez auzotarra Abuztuaren 31 kalean bizi da, eta gertutik ikusten ari da auzoaren eraldaketa. «Hiriko aisialdiaren erdialdean dago Parte Zaharra. Hona etortzen dira bisitariak jatera eta edatera. Taberna bakoitzeko dagoen biztanle kopurua ikusita, lagun batek ondorengoa esaten du: zenbat jan eta edan behar genuke tabernak guretzako izan beharko balira?».

Tabernetako betiko bezeroak «bigarren mailakoak» izatera pasa direla uste du Biainek. «Egun gutxitarako datozen turistentzako negozio bihurtu dira». Rodriguezek turismoaren gorakadak izan duen eragina azpimarratu du: «Turismoak egiten duena da zerbait hartu eta sinplifikatu. Parte Zaharreko ostalaritza pintxo berdin edo antzekoetara mugatzen ari dira inbertsore taldeak. Kapitala metatzen ari dira».

Eredu aldaketarekin tabernen eta auzoaren arteko harremana aldatu dela adierazi du Biainek. «Elkarbizitzarako espazio izateari utzi diote». Horrela ere, salbuespenak daudela azpimarratu du. «Oraindik badira betiko ereduaren arabera aritzen direnak. Auzoari begira, herritarrari. Zaindu egiten dute bezeroa. Tamalez, ordea, gutxiengoa da».

Itzaltzen ari diren hiriko argiak eta Zaharra berritzen ari den kapitala
Fermin Calbeton da pintxo taberna gehien dituen Parte Zaharreko kalea, Abuztuaren 31 eta Kale Nagusiarekin batera. (Argazkia: Joseba Parron)

.

Erregulazioa
Parte Zaharreko ostalaritza erregulatua dagoela dio Donostiako Udalak: «Hamarkadak dira jada auzoan ezin dela taberna berririk ireki. Ostalariek, gainera, betebehar estuak dituzte araudiaren aldetik: hirigintzaren, osasunaren eta segurtasunaren ikuspuntutik, besteak beste. Halere, kontuan izan behar da ekimen pribatuaren alorra ezin dela norbere gustura arautu erakunde publikoetatik».

Markel Ormazabal ez dago ados udalak dioenarekin. Parte Zaharreko bizilaguna eta EH Bilduko zinegotzia da. «Aplikatzen ari diren politika publikoek uko egiten diote Parte Zaharra lehentasunez elkarbizitzarako auzo mantentzeari». Urri bukaeran EH Bilduk eskatu zion udal gobernuari Parte Zaharreko ostalaritzaren inguruko azterketa bat egiteko. Zehazki, auzoan gertatzen ari den jabetza metaketaren inguruan galdetu zuten batzorde batean. «Ernesto Gasco izan zen erantzun zigun bakarra, eta azalduriko kezkarekin bat egiten zuela esan zigun», esan du Ormazabalek.

«Ostalaritzako establezimenduen jabetza-metaketa prozesuak ez dira berriak, baina gaur egun areagotu egin dira talde horien arteko lehiaren ondorioz». Datorren urte hasieran azterketaren inguruko berririk ez badago gaia udalbatzarrera eramango dutela dio.

Udalak jakin badaki taberna batzuk inbertso talde batzuen esku geratzen ari direla, baina azpimarratu dute ibertsore taldeak «bertakoak» direla, «gipuzkoarrak, batez ere». Betiko tabernen jabetza aldaketari dagokienez, normaltasunez hartu behar direla uste dute: «Denoi ematen digu pena urte luzez aritu den eta gure bizitzaren parte den negozio bat ixteak. Jabetza eskuz aldatzea gertatu daitekeen zerbait da, aurreko jabeek saldu edo lekuz aldatzea erabakitzen badute. Hori berez ez da txarra, baldin eta ezaugarri batzuk eta kalitate mailari eusten bazaio».

.

Erreleborik ez
Casa Tiburcio 1929an ireki zuten Tibur Eskisabelen aitona-amonek. Aurretik, La Cepa Riojana zen, eta Tiburcio Eskisabel aitonak haren izena jarri zion. Tabernako hirugarren belaunaldia da Tibur, eta 35 urtez egin du lan tabernan. Ez du laugarren belaunaldi bat izango. «Semeak sukaldaritza ikasi zuen, eta alaba irakaslea da. Tabernan lan egin dute biek, baina aurrera begira beste asmo batzuk dituzte, ez dute tabernan lan egin nahi», azaldu du Eskisabelek.

Pasa den urtearen bukaera aldean «eskaintza interesgarri bat» jaso zuen negozioa saltzeko. «Iazko urrian oporrak hartu genituenean, eskaintzak egiten hasi ziren. Erretiroa hartzeko hamar bat urte geratzen zaizkit, eta zenbakiek ematen zutela ikusi nuen». Garrancho ostalaritza taldeak eskuratu du Casa Tiburcio. «Une honetan alokatuta dago, eraikinean igogailu bat jartzeko lanak egin bitartean».

Obrek tabernaren barrualdea aldatuko dute. «Igogailu bat jarriko dute eraikinean, eta tabernaren erditik pasako da. Hamabost bat metro koadro hartuko dizkio tabernari. Gainera, igogailuaren jaitsiera bertikalak bat egingo du tabernaren komunetara eta biltokira jaisteko eskailerekin. Orduan, beste jaitsiera bat egin beharko da jangelatik». Dena dela, taberna eskuratu duen taldeak esan zion lanetaz eurak arduratuko zirela, baita bizilagunekin hitz egiteaz ere.

Familiako negozioa uzteak pena ematen dio bizitzaren zati handi bat han pasa duelako. «Erabakia hartzea kostatu zitzaidan. Jende asko ezagutu dut eta egindako harremanak faltan botako ditut. Horrela ere, taberna erosi duen taldeak esan dit saiatuko direla Tiburcioren izaera mantentzen», dio Eskisabelek.

Itzaltzen ari diren hiriko argiak eta Zaharra berritzen ari den kapitala
Parte Zaharreko pintxo taberna askoren dekorazioa eta antolamendua berritu dute, gaur egun, argitsuagoak dira. (Argazkia: Joseba Parron)

.

Prezioen dantza
Parte Zaharreko taberna batzuetan turistei tokiko biztanleei baino gehiago kobratzen dietela azaleratu zuen El Diario Vasco egunkariak. Erreportajeak zalaparta sortu zuen, eta erreakzioak berehala iritsi ziren. Gipuzkoako Ostalarien Elkarteak gertaturikoa gaitzesteko oharra plazaratu zuen. «Gogor salatu eta jazarriko ditugu, marjinalak izan arren, gure sektorean eman daitezkeen honelako jokaerak. Salatuak izan direnei berehala jakinaraziko zaie elkartetik kanporatzeko espedientearen hasiera».

Eneko Goia alkateak, berriz, adierazi zuen errealitate horrek «hiriaren izena eta irudia» kaltetzen dituela. «Dena dela, ez da ostalaritzaren argazki osoa». Hain zuzen ere, elkartea eta udala elkarrekin lanean ari dira, eta horregatik elkarteak ez dizkio adierazpen gehiago egin nahi izan hedabide honi. Udalak, ordea, bai. «Helburua da sektore honek dituen betebeharrei erantzutea da. Zentzu horretan, tabernariek ere zer esan handia dute hiriak eskaintzen duen irudiarekin».

.

Ostalaritzako langileen egoera
Prezioen aferak sorturiko zalapartak sektoreak bizi duen prekarietate egoera ezkutatu du. Hau da, Gipuzkoako ostalaritzak ia 10 urte daramatza hitzarmenik gabe. «Errealitate horrek ez omen du ostalaritzaren irudia kaltetzen. Pintxoen prezioekin gertatu den polemikak, ordea, bai», adierazi du Ormazabalek. Irailean sindikatuek salatu zutenez, ostalaritzako hitzarmena berritu ez izanak langileengan ondorio «larriak» eragin ditu. Besteak beste, %10eko erosahalmena galtzea eta kontratazio berri gehienetan gutxieneko soldata aplikatzea.

Ostalarian elkarteak ez du langileen hitzarmenaren inguruko adierazpenik egin nahi izan, eta udalak dio ez duela eskumenik gatazka horretan: «Ostalaritza sektore pribatua da, eta beraz, langileen baldintzak langile horien ordezkariek eta patronalak zehaztu behar dituzte. Udalak ez du zeresanik horretan».

Parte Zaharreko Plan Integralak ere aipamen berezia merezi du. «Duela bi urte parte hartze prozesu bat saldu ziguten. Eurek jarritako epea duela urte eta erdi bukatu zen. Bitartean, auzoan tabernen metaketa bat gertatzen ari da», adierazi du Rodriguezek. Udalaren ustez fokua ez da soilik jarduera batean jarri behar. «Parte Zaharrak baditu beste erronka eta kezka batzuk ostalaritzaz harago. Dagoeneko badugu auzoaren beharrei erantzuteko plan zabala eta arduraduna».

.

.
LAU OSTALARITZA TALDE

Parte Zaharreko betiko taberna gehienak lau ostalaritza talde handiren esku daude. Horietako bi dira Gastroleku eta Garrancho. Lehenak sei establezimendu ditu auzoan: Gastroleku, Atari, Sirimiri, 148 gastroleku, Txalupa eta Lanbroa. Bigarrenak, berriz, bost ditu: Casa Vergara, Alderdi Zahar, Juanito Kojua, Portaletas eta duela gutxi eskuratu duen Tiburcio.

Beste bi inbertsore taldeen izenak ez dira publikoak, baina jakina da zein establezimendu kudeatzen dituzten. El chileno ezizenez ezaguna den enpresariak bost taberna ditu: Izkiña, Goiz Argi, Narrika, Hori Da eta Ambrosio. Laugarren bat ere badago, eta auzoan ezagunak egin diren bi pintxo taberna dituzte: Nagusia Lau eta Beti Jai Berria. Laster beste bi izango dituzte. Batetik, La Cueva tabernaren eraikina erosi dute, eta bestetik Alberto zena berritu eta Hemeretzi Berria izena jarri diote.

Bestalde, badira maila txikiago batean bi edo hiru taberna dituzten familia negozioak. Esaterako, jabetza berekoak dira Bartolo, Lete, Bardulia eta Ttun Ttun taberna.

.

Itzaltzen ari diren Itzaltzen ari diren Itzaltzen ari diren Itzaltzen ari diren Itzaltzen ari diren Itzaltzen ari diren Itzaltzen ari diren

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.