Lehengo lepotik burua

Lehengo lepotik burua –

Duela pare bat aste, 2019ko abenduaren 10ean, Gipuzkoako Aldundiko ehunka langile bildu zituen azken Langileen Asanblada Orokorrean, instituzio honetako patronalak beren burua zuritzeko erabiltzen ari den DESnegoziazio mahaitik altxatu ginela jakinarazi genuen gehiengo sindikala osatzen dugun LAB eta ELA sindikatuok eta, bide batez, CCOO eta Bazkuna sindikatuei ere deia luzatzen genien, beraiek ere mahaitik altxa eta gurekin borrokatzera etor zitezen.

Lehengo lepotik burua

Izan ere, LABen borondatea beti izan da, Aldundiko langileen ordezkari nagusia den heinean, langile horien eskubideen berdintasuna lortzeko adostasunetara iristea. Horregatik joan izan gara hileroko “negoziazio” bilera guztietara, eta baita, luze jo zuen hitzarmen kolektiboaren inguruko lanketara ere. Baina aurreko Gobernuarekin gertatu zitzaigun moduan, oraingo ere gobernu honek lehengo lepotik burua.

Joan den 2019ko maiatzean hitzarmenaren negoziazio mahaitik ere altxatu behar izan genuen,   mahai hura hitzarmena parte sindikalarekin negoziatzeko eta adosteko baino, beraien irizpideak inposatzeko solik erabiltzen ari zirelako. Sindikatu guztien iritziaren kontra, alde bakarrez onartu zen funtzionarioen lan baldintzen araudia. Inposizio horrekin gainera, funtzionario eta lan kontratudunen arteko desberdintasunak bideratu ziren. Diskriminazioa ardatz.

Legealdi berriaren lehen egunetik hasi gara lan gatazkentzat irtenbideez gain, langileon eskaerei bide emateko aldarrikatzen. Horrela egin genuen Batzar Nagusiak sortu ziren egunean eta baita Gobernantzako Diputatu berriarekin bildu ginenean ere. Orain, hilabete batzuk beranduago eta beraien Lan Hitzarmena inposatu ondoren, lan baldintzen araua ere ez dela negoziatuko esan digute eta, izatekotan, ohiko negoziazio bileretan hitz egingo dela gaiaz baldin eta beraiek horretarako beharra ikusten badute. Bestela ez. Horrelakoa da elkarrizketa eta akordioaren txapeldunak omen direnek eskaintzen duten desnegoziazio prozesua. 

Guk maiatzean eskatu genuen gauza bera aldarrikatzen jarraitzen dugu, inposizioaren bidea ixtea eta adostasunerako atea zabaltzea. Izan ere, egiten ari direna egiteko, nahi duten guztia nahi duten moduan inposatzeko, ez dute gure beharrik eta ez diogu jarrera horri inolako zilegitasunik emango gure presentziarekin. Argi dago, EAJ eta PSEk erabiltzen duten politika beraien interesak babesteko marketing hutsa  dela. Horrelakoa da beren bide orria,

 Eta Aldundian gertatzen dena ez da kasualitatea, zerbitzu publikoetarako eredu jakin baten emaitza da. Horregatik, urrian LAB eta ELAk Aldundi aurrean  Enplegu politika eskasa salatzeko prentsaurrekoa eman genuen. Aldundiak autobonboa egin eta behin behinekotasuna kronifikatzen duela salatzeko. Egun berean, Eusko Jaurlaritzan, salaketa berdina egin zuten sindikatuek. “Jaurlaritxapuza”  kanpainarekin. Han ere, behin behineko langileen kopurua %50 ingurukoa delako.

Markel Olanok Gipuzkoa Europa mailan desberdinkeria gutxien duten lurraldean bihurtu nahi duela dio eta, horretarako, besteak beste, politikarien soldata izugarriak gehiago igotzea erabaki du, Aldundiarentzat lan egiten duten azpikontratetako langileen lan ordua 4,52 eurotan uzten  duen bitartean. Azala behar du Diputatu Nagusiak horrela aritzeko. Nahikoa ez, eta orain indarrean dugun dugun pentsioen sistema publikoa suntsitu nahi dute, pentsio plan pribatuen mesedetan.

Zerbitzu publikoak merkantilizatzen eta suntsitzen ari dira eta, bitartean, langile publikoak eman behar dituzten zerbitzuak azpikontratatzen jarraitzen dute. Kilometroz kilometro gure bidezainek eman beharreko zerbitzua azpikontratatzen ari dira, Gure egoitzetako lan postuak  merke saltzen dituzte, urtez urte egiturako lanpostuak programa bidez betetzen jarraitzen duten bitartean.

Gauzak horrela, ebidentea da LABen proiektuaren eta EAJ-PSEren proiektuaren artean gatazka antagonikoa dagoela. Kapitalaren aurrean guk bizitza erdigunean jartzen dugun bitartean, beraiek etekina jartzen dute. Guk langileen eskubideak defendatzen  ditugun bitartean, beraiek enpresa eta bankaren interesak defendatzen dituzte. Guk pentsio publikoak defendatzen dugu bitartean, beraiek pentsio pribatuen fondoak defendatzen dituzte. Guk enplegu publikoa eta duina defendatzen dugun bitartean, beraiek prekarietatea defendatzen dute.

Langile mugimenduaren historia luzeak argi erakusten du langileok irabazi izan ditugun hobekuntza guztiak, borrokaren bidez eskuratua izan ditugula eta etorkizunean ere horrela izango dela erakusten digu euskal oasiak.

Horregatik guztiarengatik, urtarrilaren 30ean euskal herriko eragile sozialek eta gehiengo sindikalak deituriko greba orokorra egiteko langileok mila arrazoi ditugula uste dugu. Gure ekarpena, Aldundiko langileak ere Greba Orokorraren alde mugitzea eta kaleratzea izango da. 

 

AMAIA ARRUTI
NADET  ARRIZABALAGA
IÑAKI MARIZKURRENA
Gipuzkoako Foru Aldundiko LABeko delegatuak
Lehengo lepotik burua
Lehengo lepotik burua
Lehengo lepotik burua