Itxurakeriaren hileta
Egun denak ez dira onak, batzuk hobeak dira. Gaur lagun baten izebaren hiletara joan naiz. Minbizia. Bizi mina nonahi. Arropa eta aurpegi serioak, lore sortak… Eta jendetzaren artean pasillo bat eginez azken 24 orduak tanatorioan eman dituen familia sartu da elizara. Kanpotik oso, barrutik apurtua.
Elizan ezin sartu egon gara gerturatu garen guztiak. Nik ez nuen sartzeko asmorik, lagunari babesa adierazteko besarkada bat ematea zelako hiletara joatearen arrazoia. Harentzat garrantzitsua eta gogorra den egun batean gertu egon nahi nuen.
Urteak dira nigan itxurakeria hil zenetik, baldin eta noizbait jaio bada. Horregatik ez naiz eliza barrura sartzen. Eta ez dut manifestazioetan ukabilik altxatzen, borrokatzea itxura egitea baino gehiago delakoan. Amorrua ematen dit hiletetan jendea betaurrekoekin ikusteak, badirudi negar egiteak lotsa ematen digula, ezin dugula ahul sentitzen bagara hala agertu. Buruak baino gehiago kezkatzen du itxurak jendea.Badirudi gaizki eginda dagoela on egiten duen zerbait; malkoek begiak eta penak garbitzen dituzte-eta. Zergatik ezkutatu burua, bestela dordokak oskolean bezala?
Hileta amaitu denean ohitura zaharrak nagusitu dira. Kanpoan hizketan aritu diren guztiak mugitzen hasi dira senideak agurtzeko lehenengo filan kokatzeko. Senideei muxu bana ematera hurbildu zaie jende mordoa. “Sentitzen dut”, esan dio batek. “Zer sentitu, baina? Bizirik zegoenean esatera ausartu ez den guztia?”, pentsatu dut nire artean.
Eta zurito bat hartu ostean etxera itzuli naiz. Doazela haizea hartzera. Gaur ez diot ez mezu ez musurik bidaliko, baina etzi kolakau, kaña, mendira, frontoira edo errekara gonbidatuko dut laguna. Haizea hartzera. Azken finean, lagun bat ez da musu edo irribarre bat eskaintzen duena, malkoa ateratzeko gai dena baizik.
RT @zuzeu: Itxurakeriaren hileta: Egun denak ez dira onak, batzuk hobeak dira. Gaur lagun baten izebaren hiletara joan na… http://t.co …
Guztiz ados Izar, momentu hoietan jendeak beraien faltsukeri osoa erakusten dute eta argazkian ondo geratzeko soilik joaten dira, gustatuko litzaidake jakitea hilketara joan diren guzti hoien artean zenbatek bizirik egoanean telefono dei bat egin dioten zelan zegoen galdetzeko edota beraien laguntza eskeintzeko; geure maitasuna eta laguntza pertsonari bizirik dagoenean eman behar zaio, beste kontuak ergelekeriak dira…fededun askok daukaten hipokresia da hori beraien arima garbitu asmoz…
Egia da Izar itxurak toki handia duela, baina, bestalde, hasierako une eta erritoetan jendea, pertsonak, hurbil izatea baltsamo moduko bat ere bada min kolpe handiena edo arintzeko. Baina ez dago dudarik hasierako une horien ondoren hurbil egotea oso inportantea dela.
Trantze horietatik pasatzen garanean garrantzitsua da, oso, ingurukoen gertutasuna sentitzea, bai unean bertan baita hurrengo egunetan ere. Ez izan zalantzarik, gerturatu lagun horrengana, izeba maite bazuen elkartasuna beharko du-eta.