Euskarak 40.000 urte ditu

euskararen mapa
euskararen mapa

Euskarak 40.000 urte ditu, eta lehen euskal hiztunak beltzak ziren. Horra nire hordagoa, euskararen eguna ospatuko dugun garaiotan. Goazen elkarrekin beraz, euskararen sorburura.

Nire bidaia Krutwig eta Oteizaren eskutik hasi nuen. “Garaldea” eta “El Libro Blanco de Nuestro Preindoeuropeo” izan nituen lehen bidai-lagun. Harrigarria da, erudizioa eta intuizioa elkarrekin lanean jarrita, zer nolako unibertso zabala eskeintzen diguten bi pentsalariok, egungo euskal hizkuntzalaritzan inondik ere agertzen ez den intuizio poetiko eta erradikal hori.

Krutwigek mediterranear bidea hartu zuen, han-hemenka herriak harremanean jarriz, mediterranear sehaska zabal bat marraztu nahi balu bezela: Garaldea. Oteizak barrenera jo zuen, euskararen barrunbeak arakatzera. Biak zebiltzan euskal imaginazioa elikatu nahiean. Imaginaziorik gabe ez baitago zientziarik.

Nire bidaia ez da hizkuntzalariarena izan. Gauza harrigarriak, kontatzen zailak, izan dira nire bideko mugarriak. Ohizko irakurketa gaietaz gain (hizkuntzalaritza, historia, neurozientziak), harri bitxiz beteriko bidea. Adibidez, hindu hizkuntzan pelikula bat ikusi –kuriosidadez- eta hitz pare bat entzun. Liburudenda xahar eta berezi batean hautsak hartutako frantsesezko liburu bat aurkitu. Interneten nabigatzen ibili eta kondaira zahar bat atzeman. Zertzelada txikiak kuadro oso bat ikusten hasteko.

Honela, eta zertzelada txiki guzti horiek taula eta apunteetan bilduz, osatzen joan dut nire koadroa: euskararen jatorriarena.

Xiru zuberotar kultur-jaialdian egon eta ipuin-kontalari batekin hitzaspertu bat izan. Siberiar txamanismoaren berri izan. “Historiaurreko txamanak” liburuarekin topatu. Euskal poesiaren dimentsio sozialak eta giza-pertzepzioari dagozkionak hausnartu.

Ez nuke bukatuko, elementu guztien berri nola izan dudan kontatzen saiatuko banintz. Baina egia dena da, koadro orokorraren berri ematera etorri naizela gaurkoan.

Duela 120.000 urte inguru Afrikako laku handien inguruan gizatalde bat hasi zen mamitzen. Bertan, gerora kromagnon gizataldea izanen zena hasi zen bereizten eta eratzen. 40.000 urte inguru pasa ondoren, gizatalde finkoa eta bereiztua osatzen zuten, eta euren zabalkuntza hasteko prest ziren. Honela hasi zuten, Nilo ibaiari jarraiki, eta iparraldera joaz. Mesopotamia ingurura iritsita adarkatu egin ziren, batzuk europarako bidea eta besteak Asiako bidea hartuz.

Garrantzitsua da une prehistoriko hori, gerora euskararen aintzintasuna frogatzeko eta datatzeko balioko digulako. Duela 80.000 eta 50.000 urte bitartean beraz bi adar handi horiek bereiztu ziren.

Europara etorri zirenek kromagnon-en lehen uholdea ekarri zuten. 40.000 eta 30.000 urteen artean Europa osoa hartu zuten. Honela, kromagnon gizataldeak europaren lehen sustratua osatuko du, ziuraski “0” odol taldea eta atlantiar kostaldeko herrien arteko paralelismoen oinarriak finkatuz. Izan ere, europako atlantiar kostaldeetan zehar jatorrizko gizatalde bat behar zuen egon, gaur egungo odol taldeetan eta bestelako ezaugarri historiko batzuetan (megalitismoa, besteak beste), ikus daitekeena.

Lehen kromagnon talde hauen eboluzioak, magdaleniense aldiko arpeetako pintura miresgarriak utziko ditu, eta Barandiaranek euskal etniatzat jo zuen gizataldea (bere jarraitasun historikoaren arrazoia); alegia, datu antropometrikoetan badagoela jarraitasun bat, eta jarraitasun horrek frogatzen duela euskaldunak izan direla, bere garapen historikoan zehar, hemengo inguruetan bizi izan direnak milaka urtez.

“Historiaurreko txamanak” liburuak pista ugari ematen zizkidan, era berean. Arpeetako pinturak kultura txamaniko baten ondare ei dira, zeinetan droga naturalak erabiltzen ziren margoak egin eta erritual berezien bitartez trantze egoera erdiesteko. Hau da, trantze psikotikoen erabilera kulturala, edo bidai psikotropikoak giza-artearen mesederako erabiliak. Izan ere, artearen sorrera, droga naturalen erabilera eta txamanismoa jartzen ditu harremanean Clottes eta Lewis-Williams ikerlariek idatzitako liburu honek.

Ipar Euskal Herriko ipuin kontalari batek eman zidan azkeneko pista. Munduko herri desberdinen artean badaude “jatorriaren ipuiak”. Ipui hauetan herri bakoitzaren jatorria azaltzen da. Kontalari honen arabera, halabaina, bi herri dira sua oinarrizko elementutzat hartzen dutenak jatorriaren kontakizunean: siberiar kultura txamanikoa eta euskalduna.

“Hasieran dena sua zen. Suaren artetik sugea atera zen mundua sortzeko.” Laburpen txiki honekin aipatuko dut ipuina, luzeagoa baita. Baina paralelismoak ez du akatserako tarterik uzten. Nire irudiko, kultura txamaniko bi ditugu parez-pare, siberiarra eta euskalduna. Herri hauek, sutondoan jarrita kontatzen dute euren jatorria, gizatalde ehiztari-biltzaileak diren ezkero. Beste herri guztiek ura jartzen dute jatorriaren ipuiaren funtsezko elementu gisa, uholdearen kontakizunetan bezela.

Koadroa beraz argi ikusten da, orain falta dena da hizkuntzalari eta zientzialariek hipotesiari gorputz ematea. Alegia, euskal hizkuntza eta gizataldea Afrikan sortu ginen, ziuraski egun daukaguna baina melanina proportzio handiagoaz (beltzagoak, azken finean), eta 40.000. urtearen bueltan Europako bidea hasi genuen. Gurekin ekarri genuen “0” taldeko odola, kultura txamanikoa, eta euskara.

Eta euskara ardatz izan duen herri honek, bere hizkuntzaren estratu zaharrenetan bidai honen erroak, hitzak, kontzeptuak eta mundu ikuspegia jasotzen ditu. Izan ere, kromagnon haiek bazuten hizkuntza, kultura eta mundu ikuspegi bat.

Eta nire uste apalean, hizkuntza hori, lehen kromagnon-ena, euskara da. Gora bada euskararen herria!

musikaria. historialaria. periferiako poeta.

10 pentsamendu “Euskarak 40.000 urte ditu”-ri buruz