Itxi liburuak?
Itxi liburuak? –
Ilusio handiz eseri nintzen telebista aurrean bart, Itxi Liburuak saio berriaren lehen emanaldia ikustera. Astean zehar behin eta berriz errepikatu zituzten iragarkiek, ekoizpen txukun eta interesgarri bat izango zela iradokitzen zuten eta esperantza horrekin lotu nintzaion begiratzeari.
Zoritxarrez, lehen emanaldiak ez ninduen oso pozik utzi. Esango dut zergatik.
Hasiera bai, gustatu zitzaidan. Aitziber Etxeberriaren eskutik, Donostiako bulebarrean eta lurpeko parkinean ikusgai dauden aztarnen adierazpenak entzun genituen eta Gaizka Arangurenek gaiari buruzko datu historikoak modu entretenigarri atseginean eman zituen, helduentzako moduko eran adierazita orobat. Handik aurrera ordea, pixkanaka pixkanaka emanaldiaren maila jaisten ote zen iruditu zitzaidan, eta azkenerako hutsune oker eta gabezia sorta koxkorra bilduta, zapuztuta eta nahigabetuta amaitu nuen ikustaldia. Honatx, gustuko izan ez nituenak.
Gauzak sarritan uste ez bezalako gertatzen direla adierazteko Onintzak hautatu zuen bidea lehena: ezker abertzaleko irudia izan arren, Lecturas irakurri eta Salvame ikusten duela aitortu zuen. Zer esatea nahi duzue ba? Telebistak duen zilegitasun emaile eta normaltasun diktatzaile indarra kontuan hartuta, arrunt desegoki iritzi nion. ETBk ezarri digun telebista eredua ikusita, batek daki Onintzaren baitakoa izan zen ala gidoigileek txertatutakoa, baina dena dela ere, zoritxarreko samarra.
Hurrena, abuztuaren 31ean gertatu zen arpilatze beldurgarriaren “injustizia” azpimarratzeko hautatu zuen bidea: banan bana hainbat ikasle gelatik egoztea. Irakasle bat unibertsitate batean ezer egin ez duten ikasleak gelatik egotzi eta hauek banan bana eta isil isilik obeditu!!!! Dantza eskola zuzentzen zuen sotanarekiko apaiza jubilatu ostean, to eta ño sumisio eredua, jendea gehiegi harrotu baino lehen. Ez daukat nire burua errebeldetzat, ezta gutxiagorik ere, baina unibertsitatean nintzen garaian horrelakorik gerta zitekeenik pentsatzea ere… Ez dakit gauzak asko aldatu diren ala ohi bezala ETBko saioek, itxurak itxura, lehen hezkuntzako umeak dituzten itu bakarra. Zernahi dela ere, eredu subliminala penagarria, eta datorren eskutik etorrita are penagarriagoa.
Izan ere, ikusle-nahi (wannabe) dituztenen adinean egon daiteke guztiaren koxka, niri ez gustatuaren arrazoia barne. Donostiako arpilatzearen “injustiziaren” planteamendua ezin infantilagoa izan zen. Arpilatzea, logika militarraren barnean dago, indoeuroparrek duela bospasei mila urte hori asmatu zutenetik, eta bospasei mila urtez etengabe gertatu da behin eta berriz, han eta hemen. Hiri bat setioz hartzen denero arpilatu egiten da, eta zenbat eta gehiago kosta hirian sartzea, orduan eta amorru handiagoz arpilatzen da. Donostian sartu aurretik, aliatuek ia 4.000 hildako utzi zituzten harresietan eta gauza jakina zen, horrelako sarraskiaren ondoren zer gertatuko zen. Jakina guretzat eta jakina bertakoentzat, hiria erori baino egun batzuk lehenago bildutako hainbat lekukotasunak frogatzen duenez. Apain apain jantzitako donostiarrek ingelesei egindako ongi-etorria, patu gaiztoa saihesteko saio antzua baino ez zen. Inolaz ere ez zen egiazko ongi-etorri xalo eta beldurgabea, telebistatik irentsi nahi izan zigutenaren kontra.
Arpilatzea, gerraren logikaren araberako gertakizuna da, kontrako neurriak hartu ezean berez gertatzen dena. Alta, zenbaitetan hartu izan dira arpilatzea eragozteko horrelako neurriak, eta Donostiakoari dagokionez, beti aipatu izan da, nola libratu zen Gasteiz patu gaizto horretatik gerra berean eta aste gutxi lehenago. Gasteiz libratu zen baina Donostia ez. Zergatik? Hitzik ez honi buruz. Eta hitzik ere ez, horren argigarri izan daitekeen testuinguru hartako gertakari politiko garrantzitsu bati buruz. Izan ere, oraindik ez ziren hogei urte Gipuzkoako Batzar Nagusiek, Donostia tarte, Espainiatik ateratzea eta Frantziako Errepublikan sartzea eskatu zutela, eta hori dela-eta, Espainiako gobernuak Gipuzkoa “probintzia traidorea” izendatu zuela. Gauza bat da datuak modu erakargarrian arintasunez ematea eta beste bat arintasunaren izenean, ulermenerako oinarri-oinarrizkoak izan daitezkeen datuak aipatzeke uztea.
Ez zen falta izan noski euskal feminismo “mainstream” pairaezinaren ukitua. Arpilaldian etxeko emakumeak defendatzeagatik eraildako gizonezkoen aipamenik ez, sobera dokumentatua badago ere, guztira hildako gizonezkoen kopururik ez, “emakumeak gara gehien sufritzen dugunak” mantraren kopururik gabeko errepikaldia, dramatizazioan azaldutako emakumezko soldaduak(?), eta Donostiaren berreraikipena sinbolizatzeko, adreiluak buruan dituela emakume bat bakarrik erakusten duen eskultura. Zergatik ez irudikatu gizonezko eta emakumezkoak ondoz ondo elkarrrekin lanean? Zergatik ez azpimarratu logika militarraren ankerra eta gaiztoa, guztiak, -gizon eta emakume-, hainbeste sufriarazi diguna? Zergatik ez gaineratu genero ikuspegia beste hainbat ikuspegiren osagarri eta aberasgarri, ikuspegi bakar eta gainerakoen ezkutatzaile ipini beharrean, irudi orokorra txirotuz?
Dena den, lehen saioa baino ez da izan eta hurrengoak ere ikusi beharko dira, aje horiek zuzendu ala sakontzen diren ikusteko. Eta honen harira, garrantzitsua izango da saioaren helburua apurka argitzea, une honetan bidegurutzean ikusten baitut, bi eredu artean.
Gazte eta helduei historia modu atseginean erakustea al da helburua, ala famosoak historia irakasle lanetan zer moduz moldatzen diren ikustea? Zein dira protagonistak, Historia eta euskal ikusleak ala famosoak? Famosoak sukaldean, famosoak kantari, famosoak margolari eta orain famosoak historia irakasle? Azken hau baldin bada gailentzen den bidea pentsatzekoa da saioen kalitatea gorabeheratsua izango dela gutxienez, hitz okerragorik ez erabiltzeagatik, eta Historia nolanahi kontatzeko apustua egiten duela ETBk. Ez litzateke lehen aldia dena den.
Itxi liburuak?
Niri gustatu zait lehenengo saioa. Bo, hobeki esanda, beti bezala, nahiko ona, ETBkoa izateko eta euskaraz izateko. Mailako historialariek hartu dute parte.
Umorea sartzea giroa arintzeko, ongi; aurrez grabaturiko barreak (enlatatuak) sartzea txiste infantil, txar-txarren artean, “Herri txiki Infernu Handin” bezalatsu, gaizki. Faborez, ez itzazue zuen gidoi txarrak disimulatu horrelako trikimailuekin.
Ikasleen eta aurkezlearen arteko feedbacka irudikatu nahia, ongi; ikasleen artean aktore txarrak sartzea, komentario txolinak botatzen, gaizki.
Ikuspegi feminista txertatzea, ikusaraziz bortxaketak gerra-zigorraren parte direla konkistaturiko populazioaren kontra, ados; esatea horrelako setio eta konkista militarretan emakumeak direla “gehien sufritzen dutenak”, ez hain ados.
Bestalde, Setioaren eta Danborradaren historiaz kontatutakoa oso interesgarria iruditu zitzaidan. Horrelako gauzez euskaldun gehienok ez dakigu ezer.
Analisi ona! Baina zoritxarrez saioak meritu bat dauka: gure egoera tristearen ispilu ezinhobea izan da: ezker abertzale txatxiguaia eta hurbila (Espainiarekin), zientziari mespretzua, feminismo ortodoxoaren presentzia ekidinezina…
Mila esker hausnarketari tartea eman eta kritika hau argitara emateagatik, Juan Inazio. Hurrengo emankizunetan hobetzeko lagungarri izanen da. Besarkada.
Eskerrik asko zuri Gaizka, horrela hartzeagatik.
Eta zergatik ez zuen ongi hartu behar? Neurriz egindako kritika izanik gainera. Eta nik diotena, kritika beti da onuragarria, modu onean egin nola modu txarrean, beti da probetxugarria, beti ikasten da zerbait
Nola 1937an Francok agindu zuen Gernika bonbardatzea, 124 urte lehenago Castaños jeneral españolak agindu zuen donostiar guztiak garbitzea eta Donostia suntsitzea… duela 200 urteko 30 donostiar lekukoek adierazi zuten bezala: https://donostia2013.wordpress.com/2012/02/12/orden-del-general-espanol-castanos-pasar-a-cuchillo-a-todos-los-donostiarras/
Gernikan Francoren aliatuek egin zuten naziek alegia, Donostian 124 urte lehenago Espainiako garaiko aliatuek, ingelesek… historia errepikatzen baita.
Onintza agertzen bada katez aldatzen dut. Emakume hau jasanezina da.
Nunbait irakurria dut, denbora bertsuan, Lapurditi pasatu zirelarik, tropa inglesak frantsesak baino hobeki portatu omen zirela Lapurtarren aldera.
Egia da erraza zela.
Bai Beñat.
“1813-1814 Euskal Herria Napoleonen tropenganik suntsitua. 1813/1814 urteetan Lapurdin eta Nafarroan gertakarietaz gauza gutti ginazkien, salbu Mugerren guda bat izan zela oroigarriagatik. Izan da ere bertzerik Urdazurin, Heletan, Garruzen eta ezín ditugu isilean utzi. Napoleonen 70 000 soldaduek eta hauekin etsai aliatuen bertze 100 000-ek gerla gogorra gure lurretan ereman zuten. Gure eskualdea xirtxikatua, materialki errotik ondatua eta moralki desegina gelditu zen, miseria gorrian, usaian baino askoz hil gehiago utzíz. 14/18 gerlan bezenbat eta hori 1794 an jasandakoaren ondotik. Ez da holakorik aipatu historio ofizialean.
Kalte ordainak urteak eta urteak iragan ondoren arras urriak izan ziren. Ipar Euskal Herria bere baitarik altxatu behar izan zuen nihungo funtsesko laguntzarik gabe. Bainan hala ere ez zituen bere haur guziak atxikitzen ahal izan,1830etik goiti exodo izigarria izan zen Ameriketa aldera. 180 000 euskaldunek 70 urte barne alde egin zutela aipatzen da.”
http://www.ikasbil.eus/eu/web/liburutegia/liburu-berriak-fitxa?articleId=20727785
Pello, nahiz urrun iduri litezkeen, gero ta gehiago pentsatzen dut oroit arazten dizkiguzun gertakari tragiko horiek parte batean behintzat esplika lezaketeela oraiko gure errealitate eskasa, politikan, ekonomian, bai ta psikokgia mailan ere beharbada.
Begira, 1789ko irautzaileen eta Napoleonen balentriak dira frantziar normal baten ” handitasun faltsuaren kontzientziaren” erregaiak.
Barkatu Pello
“nahiz urrun ( gertakariak) iduri litezkeen” ordez erran behar nuen
” nahiz urrun iduri lekizkigukeen”
Izan ere iduriz ez da sekula erraiten “iduritzen da” bainan bai ordea “iduritzen zaio”.