Itxaropen errealista
Ez du oihartzun handiegirik izan komunikabideetan Lokarrik ETAren su-etenaren karietara egindako galdeketaren emaitzak, baina ondorio interesgarria dakar: “gizarteak itxaropen errealistari eusten dio”. Urtarrilaren 10ean ETAk su-eten egiaztagarri eta iraunkorra aldarrikatu eta astebeteko epean 1.382 lagun galdekatu ditu Lokarrik.
Aurreko txostena 2010eko udazkenean egin zuen Behatoki Sozialak, eta orduan Lokarrik zioen “zenbait arriskuk eta erronkak markaturiko itxaropena” antzematen zela gizartean. ETAren indarkeriaren mehatxuaren iraunkortasuna zen arrisku horietako bat, eta arrisku horri aurre ez emanez gero bake-prozesu berri baterako kaltegarri zela ikusten zen. Arrisku horren aurrean, honako erronka hau planteatzen zuen Lokarrik: “ondorengo asteetan ETAk aldebakarreko su-eten iraunkor eta egiaztagarria iragartzea”.
ETAk behin nazioarteko komunitateak egiazta dezakeen su-eten iraunkor eta orokorra iragarri ostean Lokarrik eginiko galdetegia erantzun duten lagunen %89k positiboki baloratu du iragarpena. “Agiriak -aurrekoekin alderatuz- eragin dituen sentimenduak itxaropena eta ilusioa dira”. Paul Riosen arabera, “itzultzerik izango ez duen indarkeriaren behin betiko amaierarako beharrezkoa den pausoa ekarriko duen ilusioa piztu du agiriak”.
Lokarrik egin duen ez ohiko txostenaren beste ondorioetako bat da euskal gizarteak Espainiako Gobernuari “eraginkorrago” jarduteko eskatzen diola. Bi proposamen zehatz egiten zaizkio Gobernuari:
- lagun dezala presoak hurbilduz eta Ezker Abertzalearen legalizazioa erraztuz
- lankidetza aktiboari ekin diezaiola su-etenaren egiaztapenean behin betikoa dela frogatzeko.
Ezohiko txosten osoa hemen irakur daiteke.
[…] This post was mentioned on Twitter by Paul Rios, zuzeu. zuzeu said: Itxaropen errealista: https://zuzeu.eus/?p=21008 […]