Iturriagaren goresmenak “Pentsamenduaren historia Euskal Herrian” liburuan

Iturriagaren goresmenak “Pentsamenduaren historia Euskal Herrian” liburuan –

Joxe Azurmendiren azken liburu argitaratuan, errebelazio bat izan da niretzat Agustin Pascual Iturriaga hernaniarraren figura (1778-1851) eta hari merezita egindako goresmenak. Bere garaiko semea eta egungo talaiatik begiraturik, hutsune batzuk ere bazituen euskararen gainean, baina goresgarria inondik ere haren lana.

Iturriagaren goresmenak “Pentsamenduaren historia Euskal Herrian” liburuan

Aurretik Mikel Zalbideren “Hizkuntzen azterbideak, Iturriagaren argitan” (BAT. 2007ko abendua) irakurri izan banu, gutxiago txundituko ninduen, baina biek merezi dute irakurtzea, dudarik gabe.

Gipuzkoako Batzar Nagusietan, 1830ean, lehenbiziko aldiz goi-agintari batek euskararen gainbeheraren kezka azaldu zuen eta Sustapen-batzorde bat sorturik hizkuntza-plan bat idazteko enkargua eman zitzaion, eta lantegi horretarako zein aukeratuko eta Agustin Iturriaga aukeratu zen aditu gisa. Hark 1831n aurkeztu zion Batzarrari euskara suspertzeko plana, eta onartua izan zen, baina dirurik ez zuten jarri aurrera eramateko, eta handik laster sutu zen lehen gerra karlistarekin betiko asmo hutsean gelditu zen.

Alabaina, txosten horrek merezi du azterketa, Iturriagaren alegiek eta euskara-gaztelaniazko elkarrizketek merezi duten bezala (Diálogos bascocastellanos para las escuelas de primeras letras de Guipúzcoa) eta hala egin dute Zalbidek eta Azurmendik, bakoitzak bere estilo eta asmoekin. Laburtasunaren amoretan, Azurmendiren lanari solik jarraituko diot eta hari ere labur-zurrean.

Euskal liberalismoan, dio Azurmendik, chauvinismo nazio-handitarra eta euskaldunaren arlote konplexu zaharra (kolonizatuaren ezaugarria) ezkondu dira. Tradizionalista kontserbadoreentzat, euskara eskolan sartzea euskaldun jendea ideia berrien izurritik immunizatu eta bakartzeko zen, eta progreen ustetan, hezkuntza-elebitasun liberalaren helburua zen euskaldunak erdaldun iaio bihurtzea.

Testuinguru horretan, Iturriagak euskaldunarentzat erdararen premia aitorturik ere, ordurarte erabiltzen ziren “eraztun” eta gisakoak baztertu nahi zituen, eta era berean Iturriaga euskaltzale liberal eta kulturadunak ez zuen eskoletan ikusi nahi: “euskaldunon hizkuntzaren aurkako konjurazio sistematiko eta iraunkorra”, hark kultur bizitza eta harreman sozial landuak bere hizkuntza propioan garatzen ikusi nahi zuen euskal jendea. Horretarako euskaldunak:

a) bere konplexua eta autogorrotoa gainditu behar zituen, normaltasun guztiarekin euskaraz jarduteko eta ez lotsatzeko jendaurrean, eta
b) euskara bera normalizatu behar zuen, Euskal Herri barruan behintzat baliagarri bihurtzeko edozein arlotan. Neurri batean “euskara batua” ikasi.

Iturriagak garbi zekusan euskararen galeraren arrazoi nagusia politikoa zela:

Baldin eta hizkuntzak desberdinak dituzten herri edo probintziak Estatu edo nazio baten parte izatera igarotzen badira, gobernuak beretzat hartzen duen hizkuntza izango da menderatzailea, zeren interes eta abantaila guztiak elkartzen dira hura landu eta orokortzeko. Gaina hartuko die gainerako guztiei (…) eta haiek itzalaraztera helduko da, erabat desagerrarazteraino. Halakoxea da mende batzuetatik hona euskaldunon hizkuntzaren posizioa gaztelaniaren alderako (320 or.).

Alferrikakoak dira euskararen goraipamenak eta apologiak, edertasunak eta antzinatasunak “alegiako belea bezala geldituko gara, banitatez puztuak eta gaztarik gabe”. Orduan -dena batera doa-, interes praktikoak ere erdararen alde jartzen dira: hura geureganatzeko dugun premia, baldin eta gobernuarekin gure harreman politikoak mantendu nahi baditugu, hainbat lanbidetan enplegatu eta lana aurkitzeko penintsulan edo itsasoz bestaldean.

Linguistikoki eta kulturalki ez zen isolatzearen aldeko, baina bai lotura politikoak laxotzearen: “bere iritzia da Madrili buruz lehenagoko estekak laxotu eta independentzia gehiago lortu beharko lukeela Euskal Herriak”; une berean euskal probintzien arteko harremanak tinkotu behar zirela zeritzon eta “Xahok baino lehen errebindikatu du euskal gorputz nazionala beregaindu eta gotortzea. Ikuspide politikook hernaniarrak ez ditu gehiago hedatu tamalez, ororen gain proiektu pedagogikoari atxikia beti”.

Euskararen aldeko gogoetari dagokionez, funtsean, bi gauza ikusten zituen beharrezko euskararen salbamendurako: bat, eskolak eman behar duena, hots, normalizazio kulturala; lehenik, euskalkietako diferentziak eta tradiziozko esamoldeak irakatsiz (jada ohiz kanpoko diren hitz eta esaldiekin aberastuko da) eta bigarrenik, “gure hizkuntza aipaturiko elkarrizketekin neurri bateraino finkatua dugula, orokortuko da gure herrian, eta lurralde osoan ulergarri egingo da”. Hizkuntzaren normalizazio sozial horretarako bultzada eta abantaila gizarteak eman behar du:

Jada frogatu dugu hizkuntza menderatzaileak ez direnekiko nagusitzen direla menderatuak baino gehiago lantzen direlako. Landu dezagun euskara, eta ikusiko dugu kausa berak ondorio bera dakarrela berekin. Baina, nola landuko dugu euskara, ikusten badugu gure interes eta abantaila guztiak haren aurka daudela? Landuko dugu direlako interes eta abantaila horiek euskararen aldeko bihurturik. (321 or.)

Hernaniarra optimista zen bere egitasmoarekin: “Nork daki ez ote dituen bere aldetik euskarak ere berriz bereganatuko egun hizkuntza hilzorian eta desagertzear duten herriak?”. (321 or.).

Eta Azurmendiren konklusioa da Agustin Pascual Iturriaga liberal kulturadun burutsuetakoa izan zela (Jovellanosen maneran), halako liberalak oso gutxi ziren tenorean eta maneran.

Iturriagaren goresmenak “Pentsamenduaren historia Euskal Herrian” liburuan Iturriagaren goresmenak “Pentsamenduaren historia Euskal Herrian” liburuan

Saiakera-idazlea

29 pentsamendu “Iturriagaren goresmenak “Pentsamenduaren historia Euskal Herrian” liburuan”-ri buruz

  • Iturriagak 1831n Gipuzkoako Batzar Nagusietarako euskara sustatzeko prestaturiko txostenaren analisi zehatza BAT aldizkarian 2007ko abenduko alean, Mikel Zalbidek

  • Benat Castorene 2020-07-13 10:46

    Patxi milesker zure deskubrimentu hau balorean emaitea eta gurekin partekatzea gatik. Itxura guzien araberan, Iturriaga garai horretarako pertsonaia zentzuduna eta biziki interesgarria da. Ez bainuke gauza bera erranen Xahorentzat.
    Beti gustatzen zait ikustea gure ideietan ez garela hutsetik atera giza isolatuak baizik eta kate intelektual luze baten mailak.
    Ene ustez, Nietzchek bezala Azurmendik iruzkinegile edo zubiegile baten beharra du. Ni bezalako batendako bederen idazkera konplikatua eta piskat konfusua aurkitzen dut eta aitortu beharra dut etsitzen hasia nintzala. Bainan sumatzen dut ene hizkuntza eskasetarik datorkeela.
    Interesatua nintzateke jakitea zuk zer ulertu diozun Frantziako Iraultzari buruz eta departamendutan zatiketari buruz. Iduritzen baitzait ez duela ikusten (nik bezala) nundik zetorren kalte haundiena. Ezer komentatu baino lehen ulertu dudanaz segur izan nahi nuke eta.

  • Nik neuk ere espetuko dut Azurmendiren azkeneko liburua noiz itzultzen duten euskarara. Orduan irakurriko dut. Edo agian ez.

  • Labur-zurrean Beñat, “Euskaldun jendeak halako Iraultza, askatu egin behar omen zituena, egin baino gehiago pairatu egin behar izan dizu. 1794ko deportazioak masan izan dira absurdoaren horrorezko gailurra…) (200 or.)
    Ideia edo tesi nagusia horixe da, zeren gero jarraitzen du esaten Iraultza Iparraldean komunitatearen gogoari eta beharrizanei apenas ezertan erantzuten zion fenomenoa izan dela guztiz. Inportatua eta, protagonista gisa eliztar ohi eta bestelako tipo ezinago dudagarriekin goitik hertsatu gura izan delarik, zirimola kleriko-erradikala dirudi gehiago (kontrairaultza ere klerikala izango den bezalaxe), egiazki burges eta liberala baino. Alde bietatik guztiz modu desatseginean eliztarra.
    Ez da batere askatzailea izan, oso dogmatikoa, kanpotik inposatua. Desastre bat.
    Zure ikuspegitik nehiko hurbil, oker ez banago.
    Iraultzaren aurreko egoera soziala nolakoa zen Iparraldean? Hura ez zen intelektual eta filosofo ilustratuen gizarte bat, ezta gizarte bat ekonomiko edo sozialki itolarrian zegoena ere, salbazioaren premian edozein preziotan. Jenderri otzan bezatua zen, bere zamatxoak egunerokotasunean gogo narez meza goiztiarrera eramaten ikasia, auzo edo hiritxo probintzianoaren ordena babesgarri ohikotik ateratzeko antsia gutxikoa. Ez baitzen injustiziaren pairu sozialek, edo jauntxoren batzuen larderiek zigortuegia ere.
    Hau da, bere xumean, konformidadean bizi zen gizartea, eta iraultzak bortizki astindu eta bere onetik atera duena, oro har.
    Ez dakit balio dizun, Beñat.

  • Beñat, ez dut uste zure “euskara eskasaren” errua denik. Neuri ere asko kostatzen zait ulertzea Azurmendiren hizkera, zeinari antikomunikatibo samarra baiteritzot. Gaztelaniazko aipamen bat tartekatzen duenean, problemarik gabe segitzen diot testuari, baina honelakoak kontrako eztarritik joaten zaizkit:

    999an aita santu hautetsia, ikasketen sustatzailea, ezohiko bere zaletasunagatik astronomiarekin, zenbakiekin, teknikarekin (teleskopio tramankulu bat, erloju mekaniko bat, kalkulu aritmetikoak erraz egiteko abakoa, etab., asmatu zituela kontatzen da), deabruarekin tratua omen zuelako legendaz inguratua zabaldua zen haren izena herrian [30. or.]

    Sintaxi ulergaitz horiek ez diote batere mesederik egiten ez irakurleari, ez euskarari, eta beldur naiz neu ere laster etsiko dudala irakurketa honetaz, nahiz eta hasi besterik ez dudan egin.

  • Nik uste estilo berezia duela, eta mamiari begira baino gehiago idazmolde ederrari gehiago begiratzen bazaio, orduan gerta daiteke Gilenek dioena, baina, tamala da, adierazpide berezi horren hondoan, mami kondentsazioa egoten da, eta axaleko noizbehinkako laztasunak gaindituz gero, ohartzen zara merezi izan duela.

  • Bai, igual testua dibulgatiboagoa izatea espero nuen. Baina, tira, ahalegina egingo dugu, gaia biziki interesgarria da eta.

  • Zati batzuetan garaia ezagutzeko zer irakurri behar den azaltzen du, lanerako programa nolabait, baina bigarren zatian, batez ere Frantziako Iraultzatik aurrera, oso orrialde gutxitan begiak argitzen laguntzen du; esate baterako, foruei buruzkoak, pentsa zenbat idatzi den foruei buruz, edo “euskaldun fededun” delakoaz…

  • Azurmendiren idazkera niri ere zail egiten zait. Ez dut jakiten gramatikalki ere zuzena den batzutan. Zuzena bai, baina jatorra ez?
    Baina esan behar da zatika zatika hizkera zalua darabilela, eta esaldi batzuk oso berri eta dotoreak egiten dituela. Txunditurik gelditzen naiz.
    Gero, aipatu nahi nuke hiztegi aberatsa darabilela, hitz gutxi erabiliak, hango eta hemengo hitzak.,. denetaz baliatzen da. Niretako hor ere bere bidea hartu duela deritzait.
    Irakutzeko eginahala egitea ez da denbora galtzea, ideietan eta jskindurian aparta dugu Joxe

  • Benat Castorene 2020-07-13 23:21

    Bai milesker bainan esaten duzun horrekin ez dut arazorik, euskaldunentzat Iraultza errealak oso guti zuen ikusteko “kultur ilustratu frantziarrarekin” egiazko eraso inperialista bat izan baitzen.eta Azurmendik eufemismoz dioen bezala:
    “Euskal herrietan Argien argitxo bat lehendik bazegoen iraultzak amatatu egin du”
    Bainan ene galdera bestelakoa zen eta ez naiz batere akort ondoko esaldiarekin negazionismo kutsu bat daukana:
    ” Artoski begiratuta, Iraultzarekin politiko administratiboki, Biarnorekin departamendu berean izanik ere, sekula lehe nago baino bateratuagoak geratu dira hiru herrialdeak beren artean”
    Ikuspuntu horretatik erran ginezake europako nazioak sekula baino bateratuak izan zirela Napoleoni esker edo zergatik ez Hitleri esker.
    Baikortasun horrek ukatzen du gure kontrako krima erabakigarriena, alegia, iraultzak euskal populuari egin dion kaltea bere probintziak, haien muga etniko kulturalak eta haiei zoazkien antolakuntza politikoak suntsituz batez ere Lapurdi probintzia eta bere biltzarra.
    Momentuz alde bat uzten dut Baionaren arazoa Paberena edo Biarnoarena bezain larria zena gure arbasoentzat.

  • Zurekin guztiz bat Beñat.

  • Benat Castorene 2020-07-14 08:32

    Biktimen kopuru zehatzaren gaineko debatea guti gora behera, Saratarren eta ingurukoen deportazio higingarria gutik dute ukatuko gure Historiaren inoranteenek izan ezik. Aldiz erran ginezake M Duhartek bezalako salbuespen bakar batzuez aparte kasik denek ixiltzen edo gutiesten edo txalotzen dute gure probintziak eta haien antolakuntza politikoen suntsipen etnozidoa. Dudarik gabe errealitate horren ezkutatzea propaganda apologetiko frantziarraren arrakasta erabakigarrienetarik bat gure populua intelektualki eta fisikoki asimilatzeko bere politikan.
    Pena da ikustea Azurmendi ideologia horretan erortzea gaurko sasi abertzale gehienak bezala.
    Formaren aldetik A-rekin eta Gilenekin ados naiz erraiten dutelarik zailtasun guti edo aski justifikatuen artean badirela adierazpen aurkikuntza arrakastatsu batzu etorkizunean agian lagunduko digutenak gure pentsamolde hobeki esplizitatzeko.

  • Non ikusi duzu hori Beñat?, zer dioenean erori da Azurmendi ezin barkatuzko propaganda apologetiko frantziarraren erpe pozoitsuetan?

  • Caixo,

    Pascual Iturriaga jaunac compossatu çuen San Ignacioren ereserquia. Hymno horrec horren arracastu ukan du ecen Cayetana Fitz-James Stuart Albaco Duchessa andereac ere onqui baino hobequi abesten baitzuen.

  • Benat Castorene 2020-07-14 09:56

    Lasai zaite Patxi. Ez nintzateke erabiltzen dituzun “erpe pozoitsu” hitz enfatiko horien erabiltzeraino Azurmendirentzat. Gehiegi litzateke bere kasuan.
    Errepikatzen dut pena dela Azurmendik ez azpimarratu izana hiru probintzien antolakontzak eta frantziarekiko mugak suntsitzea alderantziz iradokitzen duelarik departamenduak euskaldunen bateratzearen alde egin zuela.
    Horretan bat egiten du alde honetako ( ez bakarrik!) joera tamalgarriarekin.
    Bainan berriro irakurriko dut egiaztatzeko ez dutan pasarte bat huts egin. Horrela gertatua izan baledi erranen dizut.

  • Benat Castorene 2020-07-14 10:00

    Barkatu lehen esaldian falta zen aditza
    “Ez nintzateke joanen erabiltzen dituzun “erpe pozoitsu” hitz enfatiko horien erabiltzeraino Azurmendirentzat”

  • Azurmendiren testua berriro irakurririk, nik hau ulertzen dut: Asanblea Nazionalean Lapurdik eta Nafarroak, bakoitzak bere aldetik, defendatu dute beren estatus tradizionala eta porrot egin dute. Iraultzak, Biarnorekin loturik bada ere, Biarnoren aurrez aurre bederen lehen aldiz “hirurak bat” egiteko paradan ipini ditu. Eta hala ere hirurek ez dute parada profitatu eta ez dute jakin elkartzen (“probintzianismoa” gailen nolabait). Iraultzak eraman duen politika administratiboa Departamenduak sorturik, ez da inon zuzentzat jotzen, ez da zuzenesten. Esaten da, tradizioak defendatzen ez dutela jakin Asanblean, eta gero Iraultzak eskaintzen zituen posibilitateak ere euskaldunek ez dutela jakin profitatzen. Besterik ez.

  • Benat Castorene 2020-07-14 14:15

    Bukaeran laburbiltzen duzu horrela esanez:
    “Esaten da, tradizioak defendatzen ez dutela jakin Asanblean….”
    Egia erraiteko:
    Lehenik Asanblada Nazionalaren aurrean jakiterik ala ez jakiterik ez zegoen. Ez zinuen ezer defendatzeko posibilitaterik.
    Horrengatik Nafarrek, prudentak zirenek, ez zuten Asanbladan sartu nahi izan, aintzinetik baitzakiten onartaraziko ziela nahi ez zutena.
    Gainera Garatek, Biltzarrak emandako foruen mantentzearen aldeko mandatu inperatibo batekin Asanblade Nazionalera igo zenak, jasotako mandatu inperatibo hura trahitu zuen abuztuaren 4eko eromena kolektiboan pribiligio guzien ezeztatzea besteekin aldarrikatuz.
    Gero bukaerako esaldi bertan diozu:
    ” …eta gero Iraultzak eskaintzen zituen posibilitateak ere euskaldunek ez dutela jakin profitatzen. Besterik ez”
    Iraultzak ez du sekula utzi Euskal nazioari batzeko eta eratzeko den mendren posibilitaterik. Hasieratik, intentsio etnozidoak zituen EHan beste anitz tokitan bezala.
    Gauza jakina da nafarrek eta lapurtarrek “altzarriak salbatzeko” egin zutela departamendu baten kontraproposamena hiru probintzien artean eta naturalki errefusatua izan zitzaiela.
    Administratiboki frantziarrek dena kalulatu zuten EHa desager dadien lehenagoko muga etno kulturalak eta politikoak nahasiz batez ere zatiketaren bitartez. Ezin da dudarik atxiki haien xede horren gainean.

  • Azurmendiren liburukoa laburbiltzera mugatu naiz. Eta ez dut esaten arrazoia duela Azurmendik eta zuk ez. Diozuna nahiko sinesgarria egiten zait. Ez naiz batere aditua eta aritua Frantziako Iraultza aztertzen Iparraldearekiko harremanetan. Diosala.

  • Benat Castorene 2020-07-14 19:10

    Ni ere ez naiz zu baino adituagoa, besteetarik entzun eta irakurritik ari naiz.
    Bainan badakit Frantziako iraultzaren eragina aztertzea ezinbestekoa dela Iparraldean gu gaur bilakatu garena ulertzeko.
    Patxi igual zaigu Azurmendik, zuk, nik edo batek arrazoi izaitea, hemen egiten dugun bezala denon artean egia bilatzeak du garrantzia.

  • Azurmendiren idazmoldea zaila gertatzen omen dela eta, ez dakit zenbatek irakurri eta oharra egingo duten Gabriel Arestiri oso modu sotilean sartzen dion ziriaz. Eta merezi du apuntatzea.
    Bizkaian 1630-1634an gertatu zen “Gatzaren matxinada”-z ari dela -ondoko matxinaden aitzindari izan zena-, Arestiren esan idatzi hauek aldatzen ditu: “Azkenean Bilbaoko plazan urkatu zuten Aiorabide; urkatuarazi zionaren izena duque de Ciudad Real da, Ciudad Realeko dukea. Zuen artean, modu zaharreko erromantiko batek pentsatuko du: ‘eta nola diren atzerritarrak gurekin aldrebesak eta gorrotagarriak! Ikusten duzue, nondik etorri diren gure gaitz guztiak? Ciudad Realetik!´Eta ez. Halakoa ez dadila engaina. Halakoa ez dadila tontoa izan, zeren Ciudad Realekoa ez zen Ciudad Realekoa, dukea baizik. Deitura euskotarra zedukan; jaiotetxea, Bizkaian; hizkuntza naturaltzat, gure euskera; eta akats handi bat: dirua. Diruagatik traizionatu zuen herria. Eta honela hasi zen bipera-kasta hori, suge klase hori, euskaldun burges edo aberatsen kasta higuingarria (1966).
    Bada, Sagarminagari jarraikiz, Azurmendik diosku Vercelli/Milanen jaioa zela delako duke hori, eta Cittarealeko dukea zela Juan Alfonso Idiaquez delako hori, Butroi eta Muxikako etxeen jabe izateaz gainera (aitaren aldeko abizena zuen euskotarra eta ez amarena); euskararik tutik ez zekiela, eta garrantzizkoena klase-borroka Euskal Herrian gertatuagatik, nekazari eta jauntxoen artean, klase-borroka horrek bazuela osagai nazionala ere, hain zuzen Euskal Herriko jauntxoek Espainiako erregearen laguntza bilatzen zutelako Euskal Herriko gatazka sozialak konpontzeko garaian, eta alderantziz: espainiar monarkiak ere euskal jauntxoen laguntza baliatzen zuela lurralde foraletan zergak igoarazteko edo zerga berriak ezartzeko bere komenientziarako: “Klase borroka eman, Euskal Herrian ari zen ematen. Eta, hain zuzen, foru-herriak arbuiatzen zuen eta burgesiak bere probetxutan erabiltzen zuen gortearekiko menpekotasun baldintzetan ari zen ematen. <> ez da gortearen ezpata odoltsua besterik” (186-187).
    Sagarminagak egia badio behintzat -eta ez dago zertan dudatu-, klase-borroka eta nazionala (erresuma guztiko goi-klaseen elkar-aditzea erresumako nazio ezberdinetako behe klaseak zapaltzeko eta ustiatzeko) biak batean zeuden, eta ez bakarrik euskal jauntxo eta euskal nekazarien artekoa Gabriel Arestik zioen bezala.
    Arestirena askoz zakarragoa -sarkastikoa euskal abertzaleekin-, dibulgatiboagoa eta ulerterrazagoa da, eta Azurmendirena sotilagoa eta ez hain dibulgatiboa baina ñabartuagoa eta errealitatearekin hobeki uztartzen dena.

  • Curiosso eguiten çait Aresti ekarcea. Horren bercelaco gorrotoa ez dut uste ukanen deraucotela Arançaçun. Azquen finean, euscara batuaren aitzindari içan cen bera.

    Edocein moduan, jakina da ecen Aresti jauna, naffarreraren alde eguin çuela bere azquen aldian. hura bai celaco benetazco aberçale. Honaco hau scribatu çuen, erraiteracoz:

    Lorcac poema intellectual batzuc scribatu cituen

    gailego intellectual batetan. Nic eçagutzen dudan

    heuscararic intellectualenean jarri nahi

    ukan ditut, Leiarragaren heuscaran.

  • Aresti asko egon dira.

  • Arestiren euscara ulercen da problemaric gabe. Hona hemen adibide simple bat, Naffar Translator itzulçailetic passa gabe, bere forma originalean:
    Dembora presentea eta dembora pasatua

    Acaso daude presente biac dembora futuroan,

    Eta dembora futuroa contenituric dembora pasatuan.

    Dembora guztia presente baldin badago eternalqui

    Irredimible da dembora guztia.

    Guertha ahal içan cena abstractione bat da,

    Bakarric speculationezco mundu batetan

    Possibilitate perpetual baten ancean dirauena.

    Guertha ahal içan cenac eta guerthatu cenac

    Bethi presente dagoen fin batetara desarratzen dute.

    Urrhatsec echo eguiten dute memorian

    Hartu ezquenuen passagean

    Inoiz çabaldu ezquenuen atherat

    Rosa-jardinean. Ene Hitzec horrela dute

    Eguiten echo çure memorian.

  • Naffarreraz idazten dugunoc frikiak bagara, Aresti ere bacen. Ohore handia da, beraz, naffarreraz idaztea.

  • Edocein moduan, bat nathor Castorene jaunarequin erraiten duenenan ecen hemen gucion artean eguia bilhatzeac duela garrancia.

  • Bat nathor ere çurequin, Sodupe jauna, eraiten duçunean ecen Azurmendi jaunac ere ez duela arraçoiric. Ez du arraçoiric bat ere, nere datuen arauerat.

  • Liburua erosi, irkurtzen hasi eta liburu paregabea iruditu zait. Aldi berean euskal idazle handi baten azken nobela ere irakurtzen ari naiz eta dudarik gabe atseginagoa iduritzen zait Azurmendiren saiakera. Hiztegia begiratu behar izaten dut, baina, esan bezala, paregabea da. Liburu berezien apalean izanen dut aurrera ere, esku-eskura, kontsultarako edo zatika berrirakurtzeko.
    Zorionak, Azurmendi.

  • Benat Castorene 2020-08-03 17:43

    “Guk sortu eta asmatu ez ditugun kultura pitxiak euskeraz eman nahi baldin baditugu,euskeraren beraren ateak pixka bat zabaldu behar ditugu, bai hiztegian eta bai perpausen eran ere.”
    Villasantek testu horretan( Axular, mendea, gizona liburua) Leizarraga eta Axular alderatzen ditu.
    Esaldi hau irakurtzerakoan berehala pentsatu dut hemen izan ginuen elkarrizketari.
    Euskara egiazko kultur hizkuntza bilaka dadin ez ote dugu ezinbestez euskara inarrosi beharko Villasantek iradokitzen duen eta Azurmendik egiten duen bezala?
    Bada besteak beste testu horretan pare bat beste ideia interesgarri gehiago azpimarratu beharko litezkeenak ( obra arrotzen itzulpenaren praktikaren premia eta euskal testu fundatzaileen aztertzea eta ezagutzea gure euskaltasuna atxikitzeko xantza bat izaiteko)