Itun Ekonomikoa: Zirt edo zart?
Itun Ekonomikoa: Zirt edo zart? –
Gaur, Kontzertu ekonomikoak 140 urte betetzen ditun honetan, egoki iruditu zait Adolfo Muñoz “Txiki” ELAko idazkari nagusiaren artikulu hau hona ekartzea:
Esan ohi da Itun Ekonomikoak EAE eta Estatua “berdinen arteko” harreman bidez lotzen dituela. Areago, saltzen digute Estatuak eta EAEk dituzten gainerako gatazka politikoak bideratzeko balio duen tresna izango balitz bezala. Ez da gutxi. Gure ustez, ordea, Itun eta Hitzarmen Ekonomikoaren eremuan ere Estatuak berea egiten du.
Mikel Aranburu Nafarroako Ogasun kontseilariak esan zuen, Nafarroak Estatuari egin beharreko ekarpena negoziazioa zela eta, “aldebiko negoziazioa izan da, baina ez berdinen artekoa”. Gogoeta zintzoa, berau. Haatik, Kupoa negoziatzerakoan EAEko erakundeek, Eusko Jaurlaritza buru zela, erabaki zuten ezerk ez zuela zikinduko beren propaganda.
Deigarria izan da Joseba Egibarrek otsailaren 18an elkarrizketa batean esandakoa: “Ezin da gertatu oraingoan Itun Ekonomikoarekin bezala, hots, hamar urtean ez dela akordiorik iritsi espainiar Gobernuak nahi izan ez duelako… Soilik PPk ikusi duenean EAJren beharra zuela hasi da negoziazioa”. Ez du aipatu, baina, EAJk adostu duela negoziazio horretan Aurrekontuetan jasotako doikuntza politika gogorrak babestea, besteak beste, pentsioen igoera negargarria. Egibarren arabera Itunak ez du berdinen arteko harremanik islatzen, eta ELA bat dator iritzi horrekin.
Alabaina, Egibarren esanek ez daukate zerikusirik astebete beranduago Andoni Ortuzarrek bota duenarekin. Otsailaren 25ean EBBko buruak estatus politiko berriari buruz honakoa esan zuen: “Kontua da nola bermatu gatazka dagoenean mahaian baldintza berdinetan jarriko garela. Hori Itun Ekonomikoarekin badaukagu. Egibarrek kontrakoa esanagatik, Ortuzarrek dio Itunaren negoziazioa “berdinen artean” egiten dela.
Beraz, egitate beraren inguruko bi ikuspuntu kontrajarri ditugu alderdi berean. Eta ziurtasun bat: Estatuak dauka azken hitza, Itunean (EAE) zein Hitzarmenean (Nafarroa). Estatuak erabakitzen du noiz eta nola egiten den negoziazioa. Eta negoziazioa, gertatzen denean, ez da garbia, beste akordio batzuk baldintza gisa jartzen baitira, betiere gizarte-politiken kaltetan. Horixe da eredua.
Gainera, ELAk Itunaz eta Hitzarmenaz salatzen duena are larriagoa da kontutan izanik “berdinen arteko harremana” goraipatzen dutenek ezkutatu egiten dutela PPrekin negoziatu zuten beste puntu bat, “gastu-araua”, zeinak hustu egiten duen ustez dugun ahalmena, alegia, noiz eta zertan gastatzen dugun erabakitzea. EAEko eta Nafarroako ogasunek espero baino zerga gehiago bildu dute, baina kopuru gehigarri hori zorra ordaintzeko erabili behar da. Ezagutu dugun politikarik antisozialena, autogobernua zeharo higatzen duena, PPk eta EAJk hitzartu dute.
Politikaren eginkizun bakarra sarritan izaten da esloganak asmatzea, gero hauek behin eta berriz errepikatzeko. Ez du axola errealitateatik ezer ez izatea. Oraingo eslogana EAEren eta Estatuaren arteko “aldebikotasuna” da; berdin da arlo guztietan inboluzioa eta aldebakarreko politika nagusi izatea, hots, “berdinen arteko” harremanik ez egotea.
Honi guztiari erantsi behar zaio, fiskalitateaz ari garela, euskal Ogasunek Itunaz eta Hitzarmenaz egiten duten erabilpena. Tresnen nolakotasuna, hau da, onak edo txarrak diren, haien erabilpenearen araberakoa da. Rementeria Bizkaiko Diputatu Nagusiak, Madrilera joanda, enpresario talde bati esan dio eskatu zizkioten etxeko lanak egin dituela, sozietateen gaineko zerga jaistea: “Estatu guztiko Sozietate Zergarik baxuena dugun lurraldea gara”. Nor pozten da horrekin? Patronala, noski, bai baitaki Donald Trumpen antzeko diskurtsoa eginez egunetik egunera zerga gutxiago ordainduko duela. Hala da, Itunaren eta Hitzarmenaren erabilpena medio, enpresarioen errentek hemen Espainian baino gutxiago ordaintzen dute; presio fiskala espainiarra baino txikiagoa da, eta europarra baino askoz apalagoa. Gai hau funtsezkoa izan beharko litzateke ezker politikoarentzat.
Gauzak ez dira kontatzen dizkiguten modukoak. Gurean ere, eguneroko politikan, eta hedabideetako oihartzun handiarekin, “Fake News” ugari dabil dantzan.