Amaieraren amaieran

Amaieraren amaieran –

Lerro buruari lasai eta arretaz  begiratzen badiogu, jabetuko gara, azken urte hauetan bizi izan ditugun hainbat aldaketak,  bide berri baten atarian  jarri gaituela. Ez dakit, orain arte izandako aukeretan ez bezala, aurrera begira, behar adina indarrik ba ote dugun. Zalantza onargarria da, ez baita txantxa izango datorrenari aurre egitea.

Amaieraren amaieran

Datorrenari  aurre egitekotan,  dugun guztia emanda ere,  eskas izan daiteke, eta arrazoi nagusietako bat hau;  garai bateko langileen partaidetza, ez baitut ikusten behar lukeen neurrian. Nire ustez, langile munduan ez da lehen bezala “lan egiten”, eta arrazoi zehatz bezain kaltegarria mahai gaineratuko dut; langile munduan epe motzeko errentagarritasuna txarra delako.

Pena da baina horrela ikusten dut. Duela ez hainbeste ezagutu dugun elkarganako babes eta solidaritate  irmo hura, ahultzen doa -eginda- langile munduan. Agian horregatik jendeak ez du klaseen arteko banaketaz hitz egin nahi, baina epe luzera, langile klasea da -eta izango da- aldaketarako ahalmen gaitasuna agertu beharko duena.

Ez da gaurkoa, denek dakigu independentziaren aldeko “iraultza” ez dutela egingo ondasunez lepo  dauden  pertsonak, bere interesak  arriskuan jarriz.  Bakarren batzuk bai eta ezagunak dira, baina gehienak  ez dute hori egingo.

Beharbada – eta aurrera begira jarri garenez-  poliki bada ere, gauzak aldatuz doaz, baina klaseen arteko aurrez-aurreko zahar eta anker honetan, -naiz oraindik ez barneratua izan- gero eta gehiago beharko ditugunak, etorkinak dira. Duela hamarkada batzuk bezala, gaur ere, etorkin asko sustrai argirik gabe datozen  pertsonak dira, espainiarrak barne. Bere herrian zanpatutakoak, herritik, jaiotako herritik, kanporatu dituztenak. Hauek, esku zabalik jaso, berarekin zintzo lan egin eta kosta egingo bada ere, luzera begira funtsezkoak izango direla uste dut.

Arrazoia argia da, langilea ez da sekula aske egiten, nazio batek zapaltzen duen neurrian. Langilea, bere etorkizunaren jabe izango bada, aldarrikapen hori ongi barneratua behar du. Bere etorkizun ekonomiko-ideologikoaren jabe izan behar du. Hor, aldarrikapen nazionala.

Gaur egun, -garai batean  bezala- euskal burgesia txikiaren aukera “iraultzaileak” mahai gaineratu daitezke, baina langile munduan gehiago ez sakontzea oker handia da.

Egia da, une jakin batean burgesia txikiak eta langile klaseak abertzaletasuna osatzen zutela uste izan zen. Beste batzuek  aldiz, soilik langile klaseak osatzen zuela uste zuten. Besteek, Maok erabili zituen zenbait lerroari jarraituz, nazionalismoaren etsai nagusia oligarkia dela defendatu zuten, eta horren arabera burgesia txikia eta langile klasearen arteko batuketa zela, prozesu iraultzaile independentista aurrera eramateko gaitasuna duena. Gaur ere, -nire ustez- hortik doa gauza, baina azken fasean, bi elementu hauek lotu egiten dira.

ETAren barruan bazegoen hau garbi ikusten zuen jendea, aldiz, beste batzuek ez. Baina ideia ona eta garbia da, hor dirau eta une honetan ere baikorra da. Gertatzen dena da, ez gaudela teoria lantzeko une egokian, halere, gehiago garatu genezake, eztabaida ideologiko gehiago behar baita.

Bai, bai, egia da, behar asko aipa daiteke, bale, baina gaur egun bizi dugun eraso egoera honetan, gabezia horiek saihestezinak dira?

Politika egiteko era ere, asko aldatu da azken hamarkada hauetan -batez ere hogeita bat  garren mendean-  eta ez bakarrik ezker abertzalearen inguruan, baina batez ere, inguru horietan. Dena dela, badira oraindik bere burua “asanbleariotzat” aldarrikatzen duenik, eta -neurrian bada ere- ezaugarri, aztarna edo xehetasun  asanbleariok egon ba daude, nahiz garai hartako asanbladak beste gauza bat ziren.

Asanbladak irekian ziren, herritar askok parte hartzen zuen eta, bukaeran proposamen zuzenak onartzen ziren. Gehienetan, proposamen horiek ildo zehatz batetik joaten ziren, ezker abertzalearen ildotik, alegia. Beste gauza bat zen. Geroztik denbora asko igaro da, baita  akats aski egin ere bai. Agian akats horien eraginez ezin da egoera hartara itzuli , edota -argiago esanda- akats horiek egon ala ez, ezin dugu itzuli.

Bizi dugun egoera aintzat hartuz, etorkizuna epe motz eta ertainera ezezaguna da. Baina jarduera historikoaren ildotik, gizadia -ez lurralde guztietan zoritxarrez- askatasunaren bidetik doa, hori ezin du inork uka.

Aurrera pausuak, baita atzerakoak ere ezagutu ditugu, baina ala ere historian zehar, herriak askatasun handiagoa lortuz doaz. Herrien askatze prozesua ildo historikoan baitago, eta ez bakarrik herriak, gizakia ere bai. Gertatzen dena zera baita, nazioa bera, gizakiaren aldarrikapen eta dimentsioa dela, era berean.

Bertatik bertara begiratzen badiogu , gaur egun jorratzen ari garen bidea, -nahiz askatasunaren tresnarik ez eduki bere baitan- aurrera pausoak emateko aukera eskaintzen duen bide bakarra da. Hori bai, lehen aipatu bezala, ez dugu epe motz-ertainean askatasun arrastorik sumatuko, baina garaipen “partzialak”  lortzeko aukerak bai, eta horiek ditugu beharrezko aurrera begira.

Beti izan da horrela, garaipen partzialari ez zaio sekula uko egin behar, ezin dugu “dena  edo ezer ez” dinamikan murgildu. Hor, -nola uka- denon artean lortutako koiuntura  zehatza eta garrantzitsua dela gaurkoa, nahiz nire izaera, koiunturarekin baino, historiarekin dagoen.

Inork ez daki, ez dakigu askatasun osoa sekula erdietsiko dugun, beraz, beti borrokatu behar izango da askatasunaren alde. Horregatik garaipenak lortzen ditugunean -nahiz partzialak izan- horiek ez galtzeko beti egon beharko  dugu borrokarako prest.

Aurre egiteko, borondatea ez da aski izango bizi dugun egoeran. Lana, adorea, prestakuntza eta zintzotasunak dira tresnak.  Diskurtso beroak, aldarrikapen sutsuak, lanari bide eman beharrean daude. Lanak eramango gaitu agintera. Beraz, langile zintzo eta  trebeak nahiago, “denetarako” balio duen  buruzagi alferrak baino.

Lerro burua berreskuratuz,  bide luze, oso luze egiteak, amaieraren amaieran kokatu gaitu, eta goi mailako jatetxearen  antzera, ezin esan gure “jatetxe famatuenak” erabat ase egin nauenik -ez baita egia- baina egia da, gose handirik ez dudala ezagutu. Beraz, ados nago egindako lanarekin. Ez adiorik.

Amaieraren amaieran
Amaieraren amaieran
Amaieraren amaieran

Etxalartutako donostiarra. Idazlea.