Isilik egoteak zenbat balio du?
Isilik egoteak zenbat balio du? –
Mendiari nahita su ematen diotenean, kalte ikaragarriak barneratzen ditu gizarteak, baina su-emaileak agertzen ez direnez, ezta erretakoa ikusi eta usaintzen, denbora gutxian ahaztu egiten ditu. Antzeko zerbait gertatzen da torturak salatzen direnean.
Publikoki torturak salatzen direnean, konturatzen gara, noraino barneratzen duen gizarteak, gai honi buruz, “sistemak” berak, abian jartzen duen iritzia. Horretarako erabiltzen ditu, esperientzia handiko ministro, zein sailburu, epaile eta “aditu” sorta, denak hedabide organikoen laguntzaz noski. Eta esan beharra dago, lortzen dute bere helburua.
Demokrazia espainiarrean -Euskal Herrian zer esanik ez- ez dago eta ez da izan torturarik. Hori da emaitza. Arrazoia axiomatikoa da, eta ikara emateko modukoa: “Ez dago torturarik, ezin direlako frogatu”.
Demokrazia anker honetan gauza harrigarri asko ikusi arren, bai Madrilen, baita Iruñean eta Gasteizen, asko ditugu oraindik ikusteko.
Francoren garaian ere torturak eta hilketak ez zegoen frogatzerik. Orduan ez, baina orain bai, “betiko” demokrata batzuk -ez denak- deitoratzen hasi berriak dira, Francoren aginteko sarraskia. Baina, beste asko ez, demagun Felipe González-GAL afera. Diotenez, atzera begiratzeak, demokrazia arriskuan jartzeko bidea omen dakar. Nazkagarria ere bada.
Ez gara gu bakarrak horrelako arazoetan murgildurik bizi garenak. “Irabazleen” arraza politikoa unibertsala da, eta beraien hastapen ideologikoak horrelako emaitzak dauzka. Hitlerren garaiko kontzentrazio eremuetan ere, gas kamerak, esterilizazioak, etab. ez zegoen frogatzerik. Komisio “neutral” bat ibili zen Alemanian, ikerketa egiten, suediar batek zuzendua. Ez zuen ezer aurkitu. Horregatik, Goebbelsek lasai arraio zioen; Hirugarren Reich-a kaltetzeko asmakizunak zirela, salaketa haiek.
Baina halako batean. (1945.urtean) armada sobietarrak, ez omen zeuden eta frogatzerik ez zeuden errealitate haiek, ez zeudenak, aurkitu zituzten. Eta jakina, orduan bai, bazauden.
Antzeko zerbait gertatuko da denbora gutxi barru, hemen Euskal Herrian. Orduan jakingo dugu gaur ezinezkoa dena; zergatik gure herri txiki honetan, ehunka torturatu izanak ditugun, baina aldiz, torturatzaileak, bat bakarra ere ez.
Galdera garbia da, agian Goebbels jaunak, Hitler eta Francok bezala ez zekien ezer? Gauza bera gertatu da F. González, J.A. Ardantza eta beste presidente guztiekin; inork ez zekien eta ez daki ezer.
Hamarkada batzuk geroago, telebistaren aurrean eseri eta denok “Holocaust” ikusi genuen. Frogatzerik ez zegoena, ikerketak ikusi ez zuena. Hirugarren Reich-a kaltetzeko asmatu zen kalumnia, alegia.
Ustez denak dakigu, duguna eraberritzen dugunean, hura mantentzeko asmoekin egiten dugula. Horregatik demokrazia espainiarrean, -Frankismoaren antzera-, torturak frogatzea ukatzen dion legea, alderdi politiko “demokratikoen” bedeinkazio guztiekin emandakoa da.
Ez da hiritarra -tarteka bozka eskatzen zaion hori- torturari atea itxi behar diona eta torturarik egon ez dadin, daudenak argitu behar dituena. Estatuaren eta bere kolaboratzaileen lana da hori. Espetxeak eta tortura baitira demokraziaren “termometroa” . Legearen jiteak legegilearen eitea erakusten duen bezala, agerian husten du, Estatuaren benetako natura.
Demokraziaren oinarria, giza eskubideak eta elkarrizketa baldin badira, pertsona hamar egunez “desagertu” lezakeen Estatua ez da gizatasunaren Estatua. Beraz, zein demokrazia edo zein Estatu da, preso torturatutakoak eta haren sufrikarioekin bat egiten dutenak, terrorismoaren erasotik defenditu behar omen dutena? Zertarako defenditu, defenditzen ez gaituen demokrazia?
Espetxean, kanpokoen solidaritatea da hezur hautsiak eta haragi mailatuak poliki-poliki sendatzen dituena. Baina beste aldetik, beti garden, justu eta “baketsu” agertzen den zinismo hori da, presoaren gau hotzetan ezintasunen negarra eragiten duena. Amorrazioa eta etsipenaren iturri mikatza. Arima txikitzen duena. Eta azkenik, biolentzia sortzaile. Bai jauna, biolentzia sortzaile.
Bizitza espetxean luzea da. Tortura jasan duenak, azkenean, torturatu zutenak baino gehiago, -bere ezintasunean- lagundu behar lioketen, baina gutxietsi egiten dutenak, gorrotatzera iritsiko da. “Betiko demokratak” eta betiko demokraten demokrazia.
Alderdi politiko eta hitzarmenen demokrazia. Hauteskunde eta Legebiltzarraren demokrazia. Hainbeste urtez, boterearen gailurrean zigorgabetasun osoz, demokrazia usteltzen dabiltzan demokratak.
Atzo tortura jasan zutenen kontura, gaur auhenka eginez, berak martiri irudietan agertzea lortu dutenak. Bere torturaren frogak eskatzen dizkiotenak, frogarik egotea, berek egotzi eta gero.
Asko eta asko, ehundaka dira. Nik gaur 1985eko azaroaren 26an, “Guardia Civilak” atxilotu zuen Mikel Zabaltza daukat gogoan.
María Chivite Navascués, baita Iñigo Urkullu Rentería, Nafarroa eta Euskadiko lehendakariak, gaur egun, ezin zarete gorde eta isilik egon.
Isilik egoteak zenbat balio du?