Iruñeko Udalak ez du euskarazko hizkuntz paisaia zaintzen

Iruñeko Udalak euskarazko hizkuntz paisaia zaintzen ez duela eta Euskararen Ordenantza betetzen ez duela salatu nahi ditu Administrazioan Euskaraz Taldeak.

Zenbait seinaleetan Arrotxapean dagoen “Museo de Educación Ambiental” “Inguruman Heziketarako Museoa” bihurtuta dauka euskaraz. Zuzen jarriz gero, “Ingurumen Heziketarako Museoa” izan behar zuenean.

Iruñeko hiritar batek euskarazko testua zuzentzeko eskatu zuen 2011ko urriaren 4an eta isiltasun administratiboaren ziurtagiria 2012ko otsailaren 27an.

Azkenean, Iruñeko Udalak bere jarrera argitu du, 2012ko martxoaren 29ko Ebazpenaren bidez: Erantzunik eza (isiltasun administratiboa, alegia) gertatu dela onartu du, horren ziurtagiria luzatu du eta, beraz, eskaera errefusatzen duela ulertu behar dela zehaztu du.

Gainera, Ebazpena gaztelania hutsean jakinarazi du, Euskararen Ordenantzaren aurka, euskarazko eskaerei euskarazko erantzuna emanen zaiela agintzen baitu.

Euskara eta hizkuntz komunitate euskalduna mespretxatu ditu. Iruñeko Udalak berak onartutako Euskararen Ordenantza ere bai.

Horrela gabiltza. Udal honetako agintariekin euskaldunok jai daukagu!

Iruñean, 2012ko apirilaren 29an.

ADMINISTRAZIOAN EUSKARAZ TALDEA. Identifikazio Fiskalerako Kodea: G31836323.

Ordezkaria: ANGEL VELEZ MEDRANO.

Administrazioan Euskaraz Taldea