Iruñeko hizkuntz paisaia urtero aldatzeko diru-saila ezartzeko betebeharrik ez zen onartu
Iruñeko hizkuntz paisaia urtero aldatzeko diru-saila ezartzeko betebeharrik ez zen onartu –
IRUÑEKO HIZKUNTZ PAISAIA URTERO ALDATZEKO DIRU-SAILA EZARTZEKO BETEBEHARRIK EZ ZEN ONARTU, IRUÑEKO UDALEKO EUSKARAREN ORDENANTZAN.
Iruñeko Udaleko Euskararen Ordenantza 2019ko maiatzaren 29tik indarrean dago. 2019ko maiatzaren 14an argitaratu zen Nafarroako Aldizkari Ofizialean.
Aldaketaren aldeko gobernu taldeak erabaki zituen AETren alegazioen inguruan. Egindako txostena Lehendakaritza Batzordean onartu ondoren, Udaleko Osoko Bilkuran onartu zen, EH Bildu, Geroa Bai, Aranzadi eta Ezkerraren botoekin.
26 alegazioetatik bakarra onartu zen. Hogeita bigarren alegazioa ez zen onartu. Oro har, euskararen aldeko jarrera ez da nabaritzen txosten horretan.
HOGEITA BIGARREN ALEGAZIOA.
12. artikulua: “Elebitasuna eta hizkuntza-paisaia”.
12.4 artikulua gehitzea:
“Iruñeko Udalak diru-sail bat erabiliko du urtero Iruñeko hizkuntz paisaia aldatzeko, Euskararen Ordenantzak ezarritako elebitasunera moldatzen joateko”.
Arrazoia:
UPN boterean zegoenean orduko oposizioak lortu zuen Udala hastea praktika horrekin (UPN-k gehiengo osorik ez zuelako). Indar harremana aldatuta dago, baina azkeneko bi urteetan (2017an eta 2018an) praktika horrekin ez du segitu Iruñeko Udalak. Berreskuratu beharko luke.
IRUÑEKO UDALAREN EZEZKOA ALEGAZIOARI.
Alegazioa ezestea proposatzen da, proposatutako gaia aurrekontu-erregulazioaren xede delako.
ERANTZUNAREN BALORAZIOA.
Berriro ere Iruñeko Udalaren borondate txarra, agerian (aldaketaren aldeko gobernu taldea zegoen boterean orduan).
Euskararen Ordenantzak agindu bat eman diezaioke Aurrekontuari? Jakina, nahi izanez gero. Aurrekontuan gastu asko (gehien-gehienak) lege betebeharrak hornitzeko daude. Ez da, beraz, gauza arraroa.
Benetan bitxia dena da, eta esanguratsua, oposiziotik lortu zen gauza bat, behin boterean ezarrita, ahaztea. Hizkuntza-paisaia aldatzen joatea gauzatu zen UPNren azkeneko urteetan. Baita agintaldi berriaren hasieran ere. Bat-batean, ohitura hori galdu zen administrazioaren jardunaren bidean.
Euskararen Ordenantzan betebehar hori sartu nahi ez izateak ez dirudi onerako denik. Ondorio garbia orain: UPN-k eskuak aske ditu, honetarako ere.