Iruñean frankismoari kontra egiten
Iruñean frankismoari kontra egiten –
UPNren garai beltzak ziren (orain itzul daitezke! Ez, otoi!). Osaba zaharrarekin nenbilen autoz, eta Nafarroan sartu ginen Esa herritik. Hantxe zegoen ongietorria emateko kartela, gaztelaniaz, frantsesez, ingelesez, alemanez eta italieraz; euskaraz ez. Osaba zaharrari esan nion, adarra joz:
– Zer, osaba! Egunen batean itzuli beharko dugu tintaz betetako puxikekin, eta jaurti eginen dizkiogu!
Hara non erantzuten didan:
– Puxikak? Puxikak beharbada ez dira lehertuko. Hobe bonbillekin! Bonbilla bat hartzen duzu, hustu, tintaz bete, eta gero kotoi eta lakre pixka batekin ixten duzu. Hori lehertuko da seguru!
Harri eta zur gelditu nintzen:
– Nondik dakizu zuk hori?
– Iruñeko Martzeliano Etxea ostatuan ikasi nuen. Hura abertzaleen habia bat zen. Zaharrek erakusten ziguten: lehenik ahoz, geroago eskuz idatzitako eskuliburuekin, eta, azkenik, ETA sortu zenean, liburuxka inprimatuak iristen ziren Ipar Euskal Herritik. Bonbillak ikur frankisten kontra jaurtitzen ziren.
Ezjakina ni, uste nuen ETA sortu arte inor ez zela ausartu frankismoari aurre egitera.
Pasadizo hortaz oroitu naiz berriki artikulu hau irakurri nuenean: Eusko Bazterra: antifrankismoaren hazia. Egia esan, Eusko Bazterra sortu zenean ETA jada bazegoen, baina giro horrek-edo ekarri dit gogora. Apirilaren 6an, omenaldia eginen diete elkarte horretako bi kideri.
Aipatutako bi kideei egin beharreko omenaldia debekatu egin du Gobernuaren Ordezkaritzak:
https://twitter.com/AhotsaInfo/status/1112733158049493002