‘Irudimena GREENdartu’, GAZEko maiatzeko azken tailerra

GAZE proiektua (GAZTE EKINZALE) 2008an sortu zen gure lurraldeko goi-hezkuntzako ikasleen artean kultura ekintzailea sustatzeko xedez, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntza, Landa Garapen eta Turismo Sailak babesten du. GAZE, gobernantzaren oinarrizko printzipioen arabera kudeatu behar zen programa estrategiko gisa hauteman zen hastapenetik. GAZEren gobernantzak, programaren ziklo osoan ikasleen partaidetza aktiboa eskatzen du, eta lau dimentsioren inguruan dago ardaztuta: partaidetza, aniztasuna, konpetentziak eta kultura. Aurtengoan, proiektua gure lurraldean egoitza duten goi-hezkuntzako hiru erakunderen lankidetzarekin ari da garatzen: Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU), Mondragon Unibertsitatea (MU) eta TKNIKA lanbide heziketarako sarea.

Dakizuenez (https://zuzeu.eus/2013/05/06/gaze-maiatzeko-egitaraua/), pasa den maiatzaren 8an, UPV/EHUko Gipuzkoako Campusean, ekin genion GAZEko tailerren egitarauari. Gure begiradak maiatzaren 16ko, osteguneko, Irudimena GREENdartu gosari-tailerrean jarrita daude orain. Irungo MUko Bidasoako Campusean egin dugu hitzordua (9:00-11:00), eta UPV/EHUko, Mondragon Unibertsitateko zein TKNIKAko ikasleei luzatu diegu tailer honetan parte hartzeko deialdia. Energia berdeen gaia landuko dugu, eta Jose Alvarez izango da gure artean, GoiEner Energia berriztagarrien sorkuntza eta erosle kooperatibako ordezkaria. GAZEko ‘Kolaborek’, talde-dinamikatxo bat prestatu dute ikasleen parte-hartzea ziurtatzeko eta GoiEner kooperatibatik planteatu dizkiguten erronkei erantzunak emateko. Auto elektrikoak, etxebizitza jasangarriak, hondakinei balio edo erabilera berriak emateko gai diren ekoizpen prozesuak, Txingudin energia sortzeko egon litezkeen baliabide naturalak… izango ditugu, besteak beste, aztergai.

Lehenengo bi tailerretan jaso dugun erantzuna bikaina izan da, eta datorren ostegunean ere goiz pasa atsegina igarotzeko osagai guztiak ditugulakoan gaude.

Gogoan izan, energiaz betetako gosariaz gain, saria ere egongo dela ideiarik ekintzaileenak proposatzen dituzten ikasleentzat!

Argibide gehiagorako edo izen-emateetarako:

GAZEko Idazkaritza Teknikoa

943 018395

gaztekinzale@gmail.com

http://gaztekintzaile.wordpress.com/

taldeka

Maiatzak 8: Dadoideiak hitzaldi-tailerrean, ikasleak taldeka aritu ziren lanean.

graffitia eta taldea

Maiatzak 8: Graffiti bat eraiki. Mundu berri bat eraiki goiburupean, kaleko ekintza bat ere antolatu genuen, Mugarik Gabeko Ingeniaritzako kideekin batera. Colorformo-ko Gorka Hortalek, graffiti bat egin zuen gazteen erantzunetan oinarrituz.

irribarretsu

Maiatzak 8: Julen Arrizabalaga (MU), Xabier Sanchez (TKNIKA) eta Lierni Ortiz (UPV/EHU), GAZE 2013ko ‘Kolaborak’, irribarretsu, jendearen parte-hartzea ikusita.

público San Telmo

Maiatzak 9: Fortuna Kirol Elkarteko eta Zubiri-Manteo Institutuko arduradunekin elkarlanean, Behobia-Donostia lasterketaren inguruko solasaldi-tailerra antolatu genuen San Telmo Museoan.