Otxoa, Pirritx, Pasaban eta Aranburu, birziklapenaren aldeko kanpainako protagonistak

Birziklagarria NaizGorka Otxoa aktoreak, Pirritx pailazoak, Edurne Pasaban mendizaleak eta Mikel Aranburu Realeko futbolari ohiak birziklapenaren aldeko mezu garbia helaraziko diote gaurtik aurrera gipuzkoar jendarteari. Hain zuzen ere, 2016rako hondakinen % 60 birziklatzea lortzeko deia egingo dute. Kanpaina Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekimena da, eta Birziklagarria naiz izango du goiburu.

Iñaki Errazkin Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako diputatuak adierazi duenez, kanpainak etorkizunari begiratzen dio eta konpromisorako deia egin nahi du: “Konpromiso pertsonal eta kolektiboa ingurumenarekin, gure orainarekin eta gipuzkoarren ondorengo belaunaldiekin. Gipuzkoako jendarteari eta gipuzkoar guztiei funtsezko salto bat emateko deia egin nahi diegu, hemendik hiru urtera orain baino hobeto egon gaitezen, helburu handiagoei heltzeko plataforma sendo bat izan dezagun eta Gipuzkoa solidarioa, garbia eta iraunkorra eraiki dezagun denon artean”.

Gaur egun gipuzkoarrek sortutako hondakinen herena baino ez dute birziklatzen. Europako beste herrialde eta eskualde batzuetan askoz birziklatze tasa altuagoak dituzte. Gipuzkoako Foru Aldundiak, duela  urtebete, helburu bat jarri zuen mahai gainean: 2016rako hondakinen % 60 birziklatzea. Kanpainak helburu horretara iristeko deia egin nahi du. Errazkinek azaldu duenez, “denok egin behar dugu esfortzu txiki bat helmuga horretara iristeko: instituzioak, eragile sozial eta ekonomikoak, alderdi politikoak eta herritarrak”.

Ainhoa Iraola Ingurumeneko zuzendariak azaldu du Birziklagarria naiz ideia: “Denok gara ideia berriak, ohitura berriak, erronkak… barneratzeko gai; denok birziklatu ditzakegu gure pentsalmodea eta eguneroko ohiturak, helburu interesgarriak lortzeko. Horregatik, aldaketa eta ahalegin txiki bat egitea proposatu nahi diogu Gipuzkoako jendarteari, 2016an hondakinen % 60 birziklatzea lortzeko”. Kanpainak hilabete eta erdi iraungo du, eta hainbat euskarri erabiliko ditu: irrati tarteak, prentsa iragarkiak, markesinetako kartelak, autobusak, bannerrak…

Prentsa oharra osorik.

Gipuzkoa, hondakinak, publizitatea
ZuZeu

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude