Irakurle Inplizitua

diario_navarra.750 - Irakurle inplizitua

Informazioa manipulatzeko eta gezurrak kontatzeko manera anitz badira. Finena, sofistikatuena eta trebetasun handiena eskatzen duena da, segur aski, egia erranez gezurretan aritzea. Baina, zorionez, ez da manera bakarra:

1. Gezurrak erratea da gezurretan aritzeko modu ohikoena eta klasikoena. Sistema sinple samarra bada ere –egiaren kontrakoa izan gabe, egia ez den zerbait adierazi behar da–, komenigarria da irakurlea ezjakin samarra izatea; bertzalde, ez da atzendu behar gezurrak arriskutsuak direla beti, gezurra azaleratuz gero, gezur horren inguruko egiak ere susmopean geldituko baitira.

Adibidez, behin, lagun batzuekin telebistako saioei buruz solasean ari ginelarik, batek zera erran zuen: “kazetaria naizen aldetik, nire ustez…”. Gure lagun hark kazetaritza ikasi zuen lau urtez –baina ez zituen ikasketak akitu– eta harrezkeroztik ez da inoiz egunkari, aldizkari, irrati edo telebista batean ibili, ezta bisitan ere. Beraz, gezur hori ez zen egokiena lagun artean kontatzeko –guk haren iragana ezagutzen baikenuen–, baina ezezagunen artean akaso arrakasta izanen zukeen.

Zuzeneko gezurra maiz erabili izan da historian: ez dira guti dokumentu faltsuak asmatu dituzten historialariak: errate baterako, 17. mendean, Garcia de Gongora historialari nafarrak Nafarroako lehendabiziko erregea tronura Asturiaseko erregea baino hilabete batzuk lehenago ailegatu zela frogatzen zuen agiri bat publikatu zuen. Gezur xaloen sistema horrek, erran bezala, baditu bere desabantailak, gezur txiki batek egia handiak –edo tamaina ertaineko egiak– zalantzan jartzen ahal baititu. Bertze adibide bat emate aldera, norbaiti aztarnategi batean pieza batzuk faltsutzea bururatu balitzaio, gero herri plataformak antolatu beharko lirateke aztarnategi horretako piezen balioa aldarrikatzeko, eta herri-plataformagintzan ibiltzea, zientzia egiteko manera alternatibo eta ez sobera ortodoxoa izateaz gain, franko nekagarria da.

2. Errealitatea mozorrotzea da bertze metodo bat, klasikoa hau ere eta politikagintzan arras erabilia. Zenbaitetan, adjektibo bat aski izaten da magia egiteko: behin, Yolanda Barcinak erran zuen mozketa handiak baina beharrezkoak egin behar zituela –niri, bidenabar erranda, gauza bera esplikatu zidan fimosia operatu zidan medikuak–, eta beharrezko horren bidez aditzera ematen zuen pena handia sentituta ere ez zuela bertze erremediorik.

Gure lagun kazetariak lana aurkitu zuen batean, kontatu zigun “isurkarien banatze prozesuko teknikaria” zela: ur botilak saltzen zituen telefonoz, alegia –lantokietan izaten diren ur makinetako botila handi horiek, buruz beheiti paratzen direnak, banatzeko enkarguak jasotzen zituen–. Edo, azken adibide bat jartze aldera, haur nintzelarik, arropa-dendetan fuerte egoten nintzen –“taila handiago bat bilatu beharko dugu, mutila fuerte baitago” izaten ziren saltzailearen hitzak–. Erraza litzateke adibideak biderkatzea, baina ez dakit merezi duen.

3. Iñaki Iriarte soziologo eta UPNko parlamentariak erraten zuen liburu eder batean –Tramas de identidad (Nortasun bilbeak)– faltsutzaile modernoa metodoz aritzen dela gezurretan, hau da, faltsifikaziorik egin gabe eta ageriko gezurrik erran gabe. Are gehiago, erranen nuke nik –Tintin komiki batean egonen bagina bezala–, egia objektiboena eta berdaderoena erranda ere, posible da mezua manipulatzea. Baina hori benetako maisuen esku baizik ez dago, eta urte anitzeko esperientzia eskatzen du. Baina, batez ere, mezuaren igorlearen eta hartzailearen arteko konplizitate handia eskatzen du.

Berriki, nire lagun kazetari eta isurkarien banatzeko prozesuko teknikariarekin suertatu nintzen ostatu batean; hamar minutuz aritu ginen solasean, deus ere komunikatu gabe: bakarrizketa bana egin genuen, aspalditik ez baikenuen elkar ikusi eta, batez ere, helduleku komun bat, komunikazioa posible eginen lukeen leku komun bat, falta genuelako.

Mintzatzeko leku komunak behar baitira, konpartituriko kodeak, eta, kode horiei esker, azaleko solasen azpitik egiazko mezuak irakurtzeko gai izaten gara. Konparaziorako, nik arras sinpatikoa zara, baina lagun bezala maite zaitut esaldia adituko banu –hipotetikoa erabili dut, esaldi hori ez baitut sekulan aditu (ikus artikulu honen 1. atala)–, berehala deskodetuko nuke: itsusi mortala zara eta zurekin ez dut deus ere nahi.

Joan den astean, foru eta udal hauteskundeak baino lehen, hauteskunde sindikalak izan genituen, eta Nafarroako administrazioan LAB izan zen garaile. Eta honelaxe argitaratu zuen Diario de Navarrak lerro-buru nagusian, lau zutabera: “LABek bere nagusigoa finkatzen du nafar administrazioan”. Aspaldiko partez, Diario de Navarrak egia publikatu zuen bere azalean, eta horregatik bakarrik mereziko luke eguna egutegian apuntatzea.

Diotenez, bikotekide batzuek, zahartu ahala, aski dute elkarri begietara begiratzea, hitzik ahoskatu gabe ere jakiteko zer erran nahi dioten elkarri. Hainbertze urteren buruan, Diariok ere ederki ezagutzen du bere irakurle inplizitua, lerro-buru itxuraz inuzenteenak deskodetzeko eta zuzen ulertzeko gai dena, eta ahoskatu gabe dagoena ere irakurtzeko gauza dena. Harrigarriki egia zioen lerro-buru hartan bazen esaldi bat isilpean gelditua, baina Diarioko edozein irakurle zaildu eta beteranok ulertuko zuena. Nafarroan eskela gehien argitaratzen dituen egunkaria –Juan Kruz Lakastaren formula erabiltzearren– hartu eta hauxe irakurriko zuten anitzek: “Apokalipsia iragartzen dituen seinaleak: LABek bere nagusigoa finkatzen du nafar administrazioan. Zerbait egin ezean, munduaren akabera hemen da”.

Munduaren akabera ez, baina erregimenaren akabera bai ailegatu da Nafarroara. UPN prest dago oposizio gogorra egiteko, baina, batez ere, Diario de Navarratik etorriko da oposizioa, egunero, gupidarik gabe. Urteak daramatza iritzi publikoa pozoitzen. Izan ere, hain da trebea, egia erranez ere manipulatzeko gauza baita. Beharrik, LAB ez bezala, bere nagusigoa galtzen ari den.

[Euskadi Irratiko gaurko solasaldia testu honetan zegoen oinarritua]

inplizitua, Irakurle
Santi Leone

Iruñea (1972). Historia ikasi nuen, euskara irakasten dut, noizbehinka twitterren ibiltzen naiz (@ororostorm)

Zer duzu buruan “Irakurle Inplizitua”-ri buruz

  • amonamantangorri 2015-05-27 11:50

    Dena behar bezala baldin badoa, hurrengo urteko sanferminak EH Bilduko alkate batekin eginen dira. Iruñeko botiketan tranquilmacinak ahituak dira honezkero.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude